Xabier Landabidea Urresti: «Komunikazioaren eta informazioaren teknologien erabiltzaileon eguneroko elikadura-ohituretan jarri nahi izan dugu arreta»

2026ko azaroaren 16a

Xabier Landabidea Urrestiren argazkia

«HDEH2026: Gure kontsumo digitalak (zer jan hura izan)» jardunaldia antolatu dute azaroaren 27an Errenterian Teks, Badalab, Torrekua eta UEUk elkarlanean udalaren laguntzarekin. Aurten arreta komunikazioaren eta informazioaren teknologien erabiltzaileen eguneroko elikadura-ohituretan jarri nahi izan dute eta horretaz hitz egiteko izan gara Xabier Landabidea Urrestirekin (Begoña, 1981). Landabidea Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua (EHU) da eta Aisia eta Giza Potentzialean doktorea (DU). UEUkidea ere bada.



Humanitate Digitalak Euskal Herritik (HDEH) topaketen 5. edizioa izango da aurtengoa. Nola baloratzen duzue ibilbidea?

Luxu hutsa izan da bost urte hauetan Errenterian zabaldu zaigun marko hau. Teknologiari buruz, digitalizazioari buruz, kulturari, komunikazioari eta gizarteari buruz elkarrekin pentsatu eta jarduteko espazio askotarikoa izan da Humanitate Digitalak Euskal Herritik. Bertan jardun dugu orain arte tresnei eta tresnatasunari buruz («Tresnak sortzen ditugu, tresnek sortzen gaituzte»), posthumanismo eta transhumanismoari buruz («Posthumanismoaz, posthumanismoez»), arteari eta generoari buruz («Humanitate Digitalak, Generoa eta Artea»), Panglòs eta itzulgailu automatikoei buruz («Teknologia eta gizartea: panglosa problematizatzen hackathoia»)... Laburrean esango nuke esperimentazio eta hausnarketarako urteroko geldialdi eta zita saihetsezina bihurtu dela sozioteknikaren auziak euskal perspektibatik jarraitu nahi dituen edonorentzat. Nolabait normalagoa da Humanitate Digitalak edo HDak teknologia kuestio humanoak aztertzeko modu bezala planteatzea, HDEHrekin alderantzizko ibilbidea egin nahi izan dugu apur bat, teknologia humanoki interrogatu.

Kontsumo digitaletan jarriko duzue arreta aurten. Bereziki euskarazko edukian eta desinformazioan. Zergatik?

Arreta komunikazioaren eta informazioaren teknologien erabiltzaileon eguneroko elikadura-ohituretan jarri nahi izan dugu aurtengo jardunaldian, ez horrenbeste erantzukizuna norbanakoaren gainean jartzeko edo inor epaitzeko asmoz, gertatzen ari zaiguna hobeto ulertzeko helduleku etnografiko edo are, autoetnografiko emankorra izan daitekeelakoan. Sarri ardurak kanpoan kokatzen ditugu, baina erabiltzaile bezala geu ere bagara agente komunikazioaren sistema teknologikoki mediatu honetan, eta aurten bi ardatzen gainean pentsatzen jarriko gara: euskarazko edukiak batetik eta desinformazio eta negazionismoa bestetik. Ez dira eguneroko kontsumo-ohituren gaia agortzen duten ardatzak, baina begirada kokatzeko balioko digutela uste dugu. Alderaketa tonto bat eginda, trafikoa aztertu nahi dugu, gu ere trafikoa garela onartuta.

Algoritmo pribatuek nola eragiten dute euskarazko edukien ikusgaitasunean, desinformazioaren edo eduki sentsazionalisten hedapenean?

Ez dakigula esango nuke. Oso galdera ona da baina ez daukagu oraindik irakurketa oso, bateratu eta sistematiko bat algoritmo eta «gomendio» sistema pribatu eta publikoek gai hauen inguruan duten benetako eragina eta indarra ezagutzeko. Badakigu euskara orain arte bazterrekoagoa izan dela eduki digitaletan, eta horrek nolabait «babestu» egin ditu zenbait inguru ekaitz algoritmikotik, baina hori ere amaitzen ari da: euskara «normalizatu» egin da hizkuntza-eredu handien, bilatzaileen eta itzulgailu automatikoen eremuan, eta hortaz ezin dugu aterpe seguru bezala ulertu. Beste modu batera esanda, zerbait euskaraz dagoelako ezin dugu jada ontzat eman.

«Zer jan hura izan». Kontsumo digitalen inguruan hausnartzeko espazioa izan nahi du jardunaldiak.

Halaxe da. Lehen mailako lau hizlari ekarriko ditugu gaiaren heldulekuak haien esperientzia eta ardura-eremuetatik kokatu ditzaten, eta lau «ponentzia» txiki horiek erabiliko ditugu elkarrekin hausnarketa partekaturako espazio seguru bat zabaltzeko. Asmoa, esan bezala, ez da elikadura digital bikain, hobezin eta ezin higienikoago baten aldeko deiak egitea, baizik eta elkarrekin gure tolesdurak, gure azturak, gure ohiturak eta gure lazturak elkarbanatu eta desenkriptatzen hastea.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Lehen esan bezala ez da inor epaitzeko gune bat izango, elkarrengandik ikastekoa baino. Gustatuko litzaiguke leku eta garai ezberdinetako giza eragileek gure garaiaren arazo eta erronka handienetako bati gure eguneroko kontsumo digital indibidual eta kolektiboei buruzko elkarrizketa eraikitzaile eta problematizatzaile bat eskaintzea. Horretarako aurten aukeratu ditugun bi ardatzak abiapuntu sendoa iruditzen zaizkigu, gaia horretan agortzen ez dela badakigun arren.

Nori dago zuzenduta?

Egunean zehar eduki digitalak irakurri, ikusi, entzun, sortu, zabaldu, kontsultatu, generatu edo kontsumitzen dituen edonori. Sakelakoarekin edo etxeko telebistarekin edo aurikularrekin edo tabletarekin edo hizkuntza-eredu handien gainean eraikitako plataforma batekin egiten ari den erabilerari buruz galderak dituen edozeini.

Nabarmentzeko zerbait?

Eskerrak eman nahi dizkiogu Errenteriako Udalari eta baita Badalab eta TEKS elkarteari ere, urtez urte gai hauekin lan ez ezik jolas egiteko aukerak zabaltzeagatik. Errenteria bera eta Torrekua dorretxea bera, teknologiari buruz modu buruaske eta buruaskiagoetan lan egiteko marko bilakatu dira urte gutxian.

Jakintza-arloak