Talde eragilea

Talde Eragilea elkartearen organo eragile nagusia da eta urteko kudeaketaren erantzukizuna eta ardura berea da. Talde Eragileko kideak borondatezkoak dira, eta Batzar Nagusiak aukeratzen ditu lau urterako. Hauekin batera Idazkari Nagusiak eta komunikazio arduradunak osatzen dute taldea.

Oskia Agirre Orbegozo

(Errezil, 1975)

Informazio eta Dokumentazioan graduatua eta Dokumentazio Digitalean masterra egindakoa. Liburuzaina da Osakidetzan. Aurretik Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko liburutegian eta UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko liburutegian egin du lan. 2015. urtetik aurrera UEUko hainbat jardunalditan parte hartu du ikasle zein antolatzaile gisa. UEUko datu-baseen batzordeko kidea da 2021etik.

Arantza Aldezabal Roteta

(Pasai Antxo, 1967)

Biologia zientzietan doktorea da eta bertako irakasle eta ikertzailea. UEUn lehendabiziko hitzaldia azken urteko ikaslea zela eman zuen. Hortik aurrera, ikastaroen eta mendi-irteeren antolaketan parte hartu du, bai eta Natur Zientzien Topaketetan eta IkerGazten Batzorde Zientifikoetan ere.

Iñaki Alegria Loinaz

(Donostia, 1957)

Ogibidez UPV/EHUko irakaslea/ikertzailea eta orain erretiratua. IXA taldeko fundatzailetako bat. 1982an ezagutu zuen UEU Kepa Sarasolaren eskutik. Euskaldun berria zen eta mundu berri bat ireki zitzaion. Informatika sailean urte luzetan, Talde eragilean bi aldiz, eta ustekabean, zuzendari 2014tik 2017ra. UEUk hainbat proiektu interesgarri martxan jartzeko aukera emateaz gain, lagun jakintsuak ezagutzeko aukera ere eman dio.

Mila Amurrio Vélez

(Gernika-Lumo, 1964)

UPV/EHUko Soziologia irakaslea eta ikertzailea da. UEUra 1990eko Larraonako Udako Ikastaroetan hurbildu zen. Urte hartan, doktoregaia zela, eman zuen bere lehen hitzaldia euskaraz: Genero Soziologia. Oinarri teorikoak. Handik urte gutxira argitaratu zuen UZTAROn lehen artikulua euskaraz eta horren ostean beste batzuk etorri ziren. 2004-2007 urte bitartean UPV/EHUko Euskal Herria XXI: euskaldunak marko politiko, kultural eta linguistiko berriei begira doktoretza programa zuzendu zuen UEUrekin lankidetzan.

Oskar Arantzabal Iraeta

(Eibar, 1967)

Ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea) eta Nazioarteko marketinean masterduna (Strathclyde University, Glasgow, Scotland). Esportazio lanetan jardunean dabil, sektore industrialean. EITBn ekonomia gaietan kolaboratzaile eta estatu txikietan espezializatua. Juan Zelaia saria irabazi zuen 2013an, honako saiakeragatik: “Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari”. UEUko Ekonomia sailburua ere bada.

Aitor Bengoetxea Alkorta

(Donostia, 1967)

UEUko Zuzendaria

Zuzenbidea ikasitakoa UPV/EHUn. 1990an lizentziatu zen eta 2003an doktoratu. Lanaren eta Gizarte Segurantzako Irakaslea da UPV/EHUn 1991 tik. Azken aldian, bereziki zuzenbide kooperatiboa lantzen ari da. UEUra lehen hurbilpena eta lehen klasea, 1991an izan zen. Gerora, UEUko Zuzenbide Saileko sailburu izan da eta baita Talde Eragileko kide ere. 2023ko otsailaz geroztik UEUko zuzendaria da.

Abel Camacho Romero

(Santurtzi, 1966)

Urte luzez euskara-irakaslea izan da eta gaur egun Santurtziko Udaleko prestakuntza-teknikaria da. 1991n joan zen lehendabiziko aldiz Larraonako Udako Ikastaroetara. Harrez geroztik, Glotodidaktika sailburu izan da, hainbat jardunaldiren antolatzaile, profesionalen etengabeko prestakuntzako ikastaroetan irakasle, HEZikt berezko tituluko zuzendaritzakide eta UEUren online eredu pedagogikoaren egileetako bat.

Pauline Guelle

(Paue, 1992)

Zuzenbide publikoan doktorea da Paue eta Aturrialdeko unibertsitatean (UPPA). Bordeleko Zientzia-politikoetako eskolan (unibertsitatea) ari da Zuzenbide publikoa irakasten. Iruñean egin zen Ikergazte (2017) saioan parte hartu zuenean izan zuen lehen harreman zuzena UEUrekin. gero, 2019an, Baionan egitea erabaki zenean antolaketan parte hartu zuen. Hor ezagutu zuen egiazki UEu eta gehiago hurbiltzeko enbeia eman zion. UEUren ekimenak Ipar Euskal Herriari hedatzea izango du helburuetako bat.

Anjeles Iztueta Azkue

(Tolosa, 1954)

Matematikaria da eta unibertsitatean ( UPV/EHU- Sarriko, Donostiako Elizaren Magisteritza Eskolan, Deustu-ESTE, UNED), Emakunde-n zein Eustat-en egin du lan, betiere ikerketa eta estatistika-matematikoaren arloan. 70ko hamarkadan UEUk Larraonan (Iruñean) antolatu zuen lehen hamabostaldian parte hartu zuen, Matematika Sailean. Garai hartan Valladoliden zen matematika ikasle. Gerora ere urtero parte hartzen zuen Larraonan. 1977an, Sarrikon irakasle zela, Matematika euskaraz emateko lehen saiakera egin zuten. UEUko Matematika Saila izan zen bere lan taldea eta matematika hiztegia ere elkarrekin landu zuten, UEUren babesean. Larraonan landutako UEUkideen sarea beti izan du oso presente bere ibilbide profesional edo politikoan. Bere esperientzia ekartzeko gogoz dago, eta, batez ere, bere gogoa eta ilusioa.

Maite Luengo Aguirre

(1995, Arrigorriaga)

Artearen historian doktorea da eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea. Euskal arte garaikidea ikertzen du genero ikuspuntutik. UEUrekin batera zenbait esperientzia izan du: Ikergazte kongresuetan parte hartzeaz gain, humanitate digitaletan oinarritutako Emartistak 2000-2020 proiektua garatu zuen EWKEren, Errenteriko Udalaren eta UEUren laguntzarekin; eta ezagutza gizarteratzeko jardunaldiak ere antolatu ditu.

María Napal Fraile

(Lizarra, 1983)

Nafarroako Unibertsitatean Biologia ikasi zuen eta UPV/EHUn doktoretza egin zuen. Gaur egun NUPen lan egiten du magisteritza graduetan eta Bigarren Hezkuntzako Masterrean. 2018. urtetik aurrera UEUko hainbat ikastarotan parte hartu du ikasle zein hizlari bezala.

Kepa Sarasola Gabiola

(Begoña, 1958)

1980tik Larraonakumea da. UEUko Joserra Etxebarria, Mikel Alkorta eta Xabier Artolak irakatsi zioten informatika gaiak euskaraz idazten eta azaltzen. 1984an informatika euskaraz irakasten hasi ziren Iñaki Alegria eta biak. UEUko informatika sailean irakasle berriak eta materialak prestatuta… 1998an EHUko Informatika ingeniaritza osoa euskaraz egin zitekeen.  Ezina ‘ueuekinez’ egina. 2002an UEU-IXA lankidetzan HIZTEK masterra abiatu zuten Hizkuntza Teknologiaz, gero 2006tik HAP masterra bihurtu zena. UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslea izan da, eta bertan IXA taldeko ikertzaile ere bai. UEUko zuzendari izan da.

Ane Sarasua Aranberri

(Eibar, 1971)

Idazkari Nagusia
1997. urtetik, UEUko langilea da eta 2000. urtetik, Idazkari Nagusia. Idazkaritza profesionalaren burua da. UEUren proiektuaren bideragarritasunaz arduratzen da. Kudeaketa, finantzak eta giza baliabideen gidaritza uztartzen ditu bere egunerokotasunean, lantaldeak ahalik eta eraginkorren helburuak lor ditzan. Berari dagokio, lantaldearen eta zuzendaritzaren arteko zubilanak egitea.  Zuzendariaren konfidantzazko kargua da.

Idoia Torregarai Martija

Usurbil (1974)

Komunikazio-arduraduna
Kazetaritzan lizentziatua UPV/EHUn. Komunikazio-zuzendaritza ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitate autonomoan eta gidoigintza Kataluniako unibertsitate Irekian. 1996. urtean ezagutu zuen UEU, Elhuyarren bidez, Iruñeko udako ikastaroetako prentsa-bulegoan lan egin zuenean. Hurrengo urteetan bertan jarraitu zuen lan egiten, eta 1999an udako ikastaroen komunikazio-ardura hartu zuen. Urte bat beranduago, UEUko komunikazio-arduradunaren lanpostua lortu zuen. Haren egitekoa da UEUren barne- eta kanpo-komunikazioaz arduratzea. Eibarko bulegoan egiten du lan.