Argitaletxea

Historia eta helburuak

Liburugintzaren alorrean UEUren helburua hirukoitza da: lehenik, unibertsitate-liburuen prozesu osoa euskaraz egiteko aukera eskaintzea (sortzen denetik produktua irakurlearen esku dagoen arte), unibertsitate mailako azpiegitura bibliografikoa aberastea, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzen laguntzea.

UEU 1977. urtean hasi zen liburuak argitaratzen eta geroztik mota guztietako generoetan aritu da: testuliburuak, saiakerak, goi-mailako dibulgazioa, erreferentziazko obren itzulpenak, doktorego-tesiak...

Unibertsitate-mailako ikasketa zein ikerketan bibliografia zabala edukitzea ezinbesteko baldintza da unibertsitate-eredu osasuntsu bat lortzeko.

Horretaz guztiaz gainera, 1990. urtetik Uztaro, Giza eta Gizarte Zientzien aldizkaria kaleratzen du. Honi gehitu zaizkio 2003. urtean Kondaira.eus Historiari buruzko aldizkari elektronikoa, Aldiri. Arkitektura eta abar (2011-2021) eta Osagaiz. Osasun-zientzien aldizkaria, 2017an Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin (OEE) batera sortua.

1977. urtean lehen liburua argitaratu genuenetik, dagoeneko ehunka izenburu ditugu gure katalogoan liburu eta aldizkarien artean, eta unibertsitate-mailako euskarazko testugintzan dekano bilakatu gara.

Euskara bera landu eta unibertsitate-premietara egokitzen ahalegin berezia egin du UEUren argitalpen zerbitzuak.

UEUren lehenengo liburuak, 1977an, paperean argitaratu ziren, baina orain pdf eta epub formatuetan ere eskaintzen dira liburu berri guztiak. Etorkizun hurbilean, formatu horietako liburu batzuentzat material osagarriak eskainiko dira online, irakurleek eta autoreak elkarri eragiteko moduan.

Orohar, liburuak argitaratu ondoko bosgarren urtean UEUren Buruxkak Biblioteka Digitalean irakur daitezke doan.

UEUk ez dihardu bakarrik proiektu honetan. Hainbat erakunderekiko elkarlana bilatu du, kasu batzuetan liburu edo produktu konkretuetarako (UOC unibertsitatearekin, adibidez) eta beste eragile batzuekin iraupen luzean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin zein EHUrekin, urtero liburu sorta bat elkarrekin argitaratzeko.

KALITATE ETA BERMEAK
KONPROMISO ETA POLITIKAK