UEUren ikerketa
Ikerketa-eredua
UEUren ikerketa- eta berrikuntza-markoa arduratsua da, eta honako ezaugarri hauek ditu::
- Euskal Herriko ikuspegitik, Euskal Herriarentzat eta euskaraz egiten da.
- Berdintasun-printzipioetan oinarritzen da.
- Pertsonak, haien arteko harremanak eta lan-giroa zaintzen ditu.
- Kalitatezko ikerketa helburu, formatu irekian eta gardentasunez egiten da.
- Slow Science filosofia: «lasaiago ikertu, eta hobeto», prozesuan gauza berriak ikastea, gure jakin-mina asetzea, emaitza esanguratsuak ekoiztea eta prozesuaz gozatzea espero dugu.
Ikerketa-ildo estrategikoak
- Gizartearen arazoetatik eta beharretatik abiatuta egotea.
- Gaur egun Euskal Herriak dituen arazoei aurre egiteko konponbideak emango lituzkeen gaia izatea.
- Herrigintzatik eta euskalgintzatik gertu kokatuta egotea.
- Diziplinartekotasunean oinarrituta egotea.
- Diziplina anitzeko lantaldea osatzea: ahal bada, diziplina desberdinetako UEUkideez gain, UEUtik kanpo dauden beste erakunde eta eragileekin ere elkarlanean arituko dena. Lankidetzaren eta talde-lanaren ahalmenean sinesten dugu.
Filiazioa
Posible da filiazio bikoitza erabiltzea (norberaren lantokikoa eta UEUrena) aldi berean, baldin eta ikerketa UEUtik bideratzen bada, bai UEUk berak emandako finantzaketaren bidez edota deialdi publikoetara UEUren izenean aurkeztutako proiektuen bidez.
Oraingoz, 3 irizpide argi ditugu filiazio bikoitza (edo bakarra) argudiatzeko:
- UEUkidea izanik, ikerketa UEUtik bideratzen denean UEUk berak horretarako emandako finantzaketaren bidez.
- UEUkidea izanik, ikerketa UEUtik bideratzen denean deialdi publikoetara UEUren izenean aurkeztutako proiektuen bidez.
- UEUkidea izanik, ikerketa GOItik bideratzen denean, bai irakasle-ikertzaile iraunkorren eskutik eta bai kanpo-irakasle kolaboratzaileen elkarlanetik.