Ezagutza sortu
UEUn
GOI ikastegia
GOI ikastegiaren lerro estrategikoa da, bai online ikas-irakaskuntzari dagokionez, baita hezkuntza-berrikuntzari dagokionez ere. Online irakasten duen ikastegia izanik, online ikas-irakaskuntzari buruzko ikerketa ere egiten du GOIk, eta online-testuinguruen eta teknologia digitalen erabilera didaktikoaren inguruko ikerketa sustatu nahi du, oro har. Horrez gain, hezkuntza-berrikuntzarekin loturiko beste gai hauek ere badaude GOIren ikerlerroen artean: teknopedagogia, STEAM konpetentzien garapena eta berrikuntza aplikatua.
Aurreko puntuan esan bezala, online ikas-irakaskuntza ikerlerro estrategikoa da GOIrentzat, eta lerro hori, hezkuntzaren alorrean ez ezik, teknologia digitalenean ere sartzen da. Hala ere, hezkuntza-testuinguruez harago, beste ikuspuntu batzuetatik ere heldu nahi zaie teknologia digitalei; izan ere, GOIk erreferentziazko eragile izan nahi du bizi dugun eraldaketa digitalean. Hala, humanitate digitalak ere lantaldearen aztergai nagusietako bat izango dira, eta aztergai horri alorreko beste ikertzaile eta eragile garrantzitsu batzuekin elkarlanean heldu nahi zaio, besteak beste, CLARIAH-EUS sarearen bitartez.
Euskara GOIren lan-hizkuntza izateaz gain, ikergaietako bat ere bada, hezkuntzarekin eta teknologia digitalekin batera. Hain zuzen ere, beste bi alor horiekiko loturan erreparatzen dio lantaldeak euskarari: batetik, Euskal Herriko hezkuntza-sisteman aritzen diren irakasleen (edo arituko diren irakaslegaien) hizkuntza-konpetentziak aztertu nahi ditu, irakasleen jardunak ikasleen (eta, hortaz, euskal hiztun gazteen) hizkuntza-konpetentziei zuzen-zuzenean eragiten diela kontuan hartuta; eta, bestetik, euskarak teknologia digitalen esparruan duen lekuaz ere hausnartu nahi du, gabeziak non dauzkagun identifikatzeko eta haietan eragiteko.
Azken urteotan, mugimendu feministak jakintza-esparru guztietan izan du eragina, eta horrek ahalbidetzen du, hain zuzen, generoen arteko desberdinkeria gainditzeko bideak bilatzea eta haietan aurrera egitea. Abagune horretan, zehar-lerroak bete-betean eragiten dio UEUren eta GOIren jardunari: batetik, graduondokoetan, lantaldea urratsak egiten ari delako bere jarduna hezkidetzaren eta pedagogia feministen begiradatik birpentsatzeko; eta, bestetik, UEUk berdintasun-plan bat jarri duelako abian, eta plan hori ere eragina izaten ari delako erakundearen hainbat lan-esparrutan. Hala, ikerketari dagokionez ere, GOI ikastegiak bere egiten du zehar-lerroa, bai hezkuntzari eta bai ingurune digitaleko parte-hartzeari prozedura feministen ikuspegitik erreparatzeko.
Sailak
Euskal pentsamenduaren genealogia osatzeko asmoz, Gasteizko Seminarioko hiru aldizkari aztertzen ari gara: Gymnasium (1927-1932), Idearium (1934-1935) eta Kardaberaz (1932-1936). Aldizkari horiek Joxe Migel Barandiaranen eta Manuel Lekuonaren inguruan seminaristen artean garatutako Euskal Pizkundearen dimentsio kultural, espiritual eta zientifikoa gertuagotik ezagutzeko aukera ematen dute.
Bi dira lantzen ditugun gaiak: lehena, Nafarroako Margarita erreginak XVI. mendean frantsesez idatzitako obra klasiko bat euskarara itzultzearen prozesua, eta bestetik, Margarita erreginaren izaera humanista eta haren «feminismo intelektuala»; bistatik galdu gabe XXI. mendera ekartzen ari garela XVI. mendeko egoera soziopolitiko baten testuinguruan izandakoak.
Bi lan osagarri egiten ari gara, bakoitza bere aldetik, komunitatearen hurbilketa teorikoa, alde batetik, eta kooperatibismo-eredu komunitarioa aztertzeko marko metodologikoa, bestetik.
Alde teorikotik erantzun nahi zaio komunitate-kontzeptuaren definizioari, hau da, honako galdera hauei: nola definitzen da komunitatea? zergatik deituko diogu zerbaiti komunitarioa? Behin definizioaren inguruko lan teorikoa egin ostean, definizioaren aplikazio praktikoa zaintzaren esparrura ekartzea da asmoa.
Horrekin batera marko metodologikoa ari gara lantzen, kooperatiba komunitarioa karakterizatzeko. Galdera nagusia honako hau litzateke: nola txertatzen da komunitatea kooperatiban? Txertatze modu horiek aztertzeko lau analisi-ardatz landuko dira: egitasmoaren sozio-historia, irekitasun -maila, gobernantza-eredu eta lurraldearekiko atxikimendua.
Bestelakoak
Ikerketa honek ekoizpen zientifikoa aztertu du hizkuntza-ikuspegitik; ingelesaren nagusitasunetik hizkuntza minorizatuetara eta, zehazki, euskarara. Inguma da, momentu honetan, euskal produkzio akademikoaren berri ematen duen tresna. Ingumaren bidez azken 25 urteetan euskaraz egin den ikerketa aztertu da, arreta berezia jarriz ekoizpen zientifikoaren bilakaeran. Hiru helburu nagusi izan ditu ikerketak. Batetik, aztertzea euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera Inguman azken 25 urteetan. Bestetik, ebaluatzea euskarazko ikerketaren eragina arlo akademikoan, eta, azkenik esploratzea euskarazko ezagutzaren ekoizpena eta hedapena indartzeko aukerak.
Elkarlanean
Ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen deialdia abian jarri zuten UEUk eta BadaLabek 2023ko IkerGazten. Haren helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Ikertzaile askorentzat hau izango da aurkeztu eta autonomiaz garatuko duten lehen ikerketa-proiektua eta horrek balio erantsia du ikertzaile gazteentzat, beren ikertzaile-ibilbide profesionalean aritzeko lehen aukera emango baitie. Hori guztia euskaraz, eta euskara komunikazio-tresna nagusi dela.
Euskal Wikilarien Elkarteak eta UEUk antolatzen duten beka honen helburua da eduki libreen berrerabilera egitea, eta ahal izanez gero, Wikimedia proiektu bat indartzea.
Juan San Martin beka 2001. urtean jarri zen abian Eibarko Udalaren eta UEUren arteko lankidetzan. Bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea da eta Juan San Martin ikertzaile eibartarra omentzea.
Errenteriako Udal Artxiboak bi urtez behin oro har euskal kulturari buruzko ikerlanak sustatzeko helburua duen beka edo dirulaguntza-deialdia egiten du, UEUren laguntzarekin.