Zer da?

Ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen deialdia UEUk eta BadaLabek 2023ko Ikergazten abian jarritako deialdia da. Haren helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea.

Ikertzaile askorentzat hau izango da aurkeztu eta autonomiaz garatuko duten lehen ikerketa-proiektua eta horrek balio erantsia du ikertzaile gazteentzat, beren ikertzaile-ibilbide profesionalean aritzeko lehen aukera emango baitie. Hori guztia euskaraz, eta euskara komunikazio-tresna nagusi dela.

Diziplinarteko ikerketa-proiektua 2025-2027

Ekainaren 1ean irekiko da 2025eko ikerketa-proiektuen deialdian eskabideak egiteko epea. Horretarako aukera egongo da irailaren 22ra arte eta ebazpena berriz azaroaren 14an jakinaraziko da.

IKERTALDE ESKATZAILEAREN EZAUGARRIAK

Ikertzaileen ezaugarriak
Deialdi hau ikerketaren ibilbidean hasi berri diren ikertzaile euskaldunei zuzentzen zaie, ikertzaile gazte euskaldunei, alegia. Ikertzaile bat ikerketaren ibilbidean hasiberria edo gaztea izango da, deialdia amaitzen den epean behintzat egoera hauetako batean badago:

  • Gradua amaitu berria baina oraindik doktorego-tesia hasi gabe egotea (matrikulatu gabe).
  • Doktorego-tesia matrikulatuta egotea.
  • Doktorego-tesia defendatu berria (gehienez 4 urte) izatea

Ikerketa-taldeak osatzeko baldintzak

  • Ikerketa-taldeko kide guztiak ikertzaile gazteak izango dira.
  • Gutxienez 3 kidez osatutako taldeak aurkeztu ahal izango dira.
  • Diziplinarteko ikerketa-taldea izan beharko du eta horretarako honako bi baldintza hauek bete beharko dira:
    • Gutxienez 2 jakintza-arlo desberdinetako ikertzaileak egotea: Giza Zientziak eta Artea, Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea, Ingeniaritza eta Arkitektura, Osasun Zientziak eta Natura Zientziak.
    • Gutxienez 3 zentro edo fakultate desberdinetako ikertzaileak izatea.

Ikertzaile nagusi(ar)en ezaugarriak

Ikertzaile arduradun bat edo bi izendatuko dira eta hark edo haiek gutxienez baldintza hauetako bat bete beharko du(te):

  • Doktorea izatea.
  • 4 urteko esperientzia ikerketan edukitzea.
  • Halabeharrez, honako baldintza hauetako bat ere bete behar du(te):
    • C1 edo baliokidea den euskara-maila.
    • Euskarazko artikulu zientifiko bat argitaraturik izatea.

Aldi berean eskaera batean baino gehiagotan parte hartzea

Proiektu batean baino gehiagotan parte hartu ahal izango da, baina ikertzaile nagusiaren ardura soilik proiektu batean hartu ahal izango da.

IKERKETA-PROIEKTUEN EZAUGARRIAK

Ikerketa-proiektuen iraupena 18 hilabetekoa izango da, 2025eko abenduaren 1etik eta 2027ko maiatzaren 31ra bitartean gauzatuko da eta azken hilabetea memoria osatzeko erabiliko da.

ESKABIDEAK

  • Eskabideak egiteko epea: 2025-06-01 / 2025-09-22
  • Ebazpena: 2025-11-14

Laguntzaileak