Zuzenbidea euskaraz irakatsi eta ikertzeko bideak aztertuko ditu UEUk urriaren 2an Eibarren
2026ko irailaren 18a

UEUren Zuzenbide sailak «Zuzenbidea euskaraz irakatsi eta ikertu: egungo bizipen eta erronkak» jardunaldia egingo du urriaren 2an Eibarren. Antolatzaileen esanetan, euskarak sistematikoki gutxitua izaten jarraitzen du, eta euskaraz pentsatutako sistema oso bat da behar dena. Horretarako lehenengo pausua euskaraz ikertu eta irakatsiko duen zuzenbidea da. Matrikula zabalik dago.
Aurkezpenean Aitor Bengoetxea Alkortak, UEUko zuzendariak eta Iker Lauzirika Ansola eta Leire Gorostiza Etxeberria UEUko Zuzenbide saileko koordinatzaileek parte hartu dute.
Aitor Bengoetxea Alkortak aditu euskaldunentzat foroak sortzea garrantzitsua da: "UEUk jardunaldien bidez hiru helburu lortu nahi ditu: lehena, goi-mailako kalitatezko euskarazko formazioa eskaintzea da; bigarrena, eskaintza hori gure tokian tokiko gizarteak dituen beharrekin uztartzea; eta hirugarrena, ezagutza hori partitzeko foroak eskaintzea. Gaur aurkezten ari garen jardunaldia helburu horien adibide ezin hobea da, eta biziki eskertzen dut UEUko Zuzenbide sailak prestatu duen egitarau oparoa”.
Iker Lauzirika Ansolak eta Leire Gorostiza Etxeberriak, UEUko Zuzenbide saileko koordinatzaileek, jardunaldi hau egiteko arrazoiak azaldu dituzte: "Ikastaroaren beharra argia da. Luze eztabaidatu eta borrokatu den gai bat izanik, euskarak sistematikoki gutxitua izaten jarraitzen du zuzenbidea pentsatu eta irakasteari dagokionez. Honen eragina zientziatik bertatik baino askoz urrunago doa. Hizkuntzaren ñabardurek lege edo sententzia baten esanahia guztiz eraldatu dezaketen heinean, gaztelaniaz edo frantsesez pentsatutako eta, kasurik onenean, euskarara itzulitako testuek askotan ez diete erantzuten euskal gizartearen beharrei. Euskaraz pentsatutako sistema oso bat da behar duguna, eta horretarako lehenengo pausua euskaraz ikertu eta irakatsiko duen zuzenbidea da".
Gaur arte egindako bideaz hausnartu eta egoerari beste bultzada bat emateko asmoz, egun guztiko jardunaldia antolatu dute. Goizeko bi mahai-inguruetan egungo egoera zein den ikusiko dute. Lehenengo mahai-inguruak euskarak zuzenbidearen irakaskuntzan Euskal Herriko unibertsitate ezberdinetan zehar bizi dituen erronkak izango ditu aztergai. Bigarrenean, aldiz, euskarazko ikerketa juridikoaren zailtasunez eta aukerez hitz egingo dute. Arratsaldea jomuga berriak ezartzeko unea izango da, etorkizun hurbilean zer egin daitekeen erabaki eta sareak nola eraiki daitezkeen hausnartuz.
Jardunaldia Zuzenbidearen irakaskuntzan eta ikerketan euskaraz aritu den, egun aritzen den eta etorkizun batean aritu nahi duen horri dago zuzendua. Bai eta akademiatik haratago, Zuzenbidearen alorrean euskaraz eta euskaratik lan egiten duen ikasle eta profesionalari ere. Euskal Herriko txoko, alor eta belaunaldi ezberdinetako jendea biltzea da asmoa, ahalik eta ikuspuntu gehien izan ditzagun zuzenbidea euskaraz pentsatzeko erronka honetan.
EGITARAUA
09:30 – 10:00 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
- Aitor Bengoetxea Alkorta (UEUko zuzendaria)
- Sara Arruti Benito (UEUko Zuzenbide Saila)
- Iker Lauzirika Ansola (UEUko Zuzenbide Saila)
- IVAP
10:00 – 11:30 Euskararen erronkak Zuzenbidearen irakaskuntzan.
- Leire Imaz Zubiaur (EHUn Zuzenbideko ikertzaile eta irakaslea. UEUkidea)
- Ander Loyola Sergio (UPNAn Zuzenbideko ikertzaile eta irakaslea)
- Ihintza Palacín Mariscal (EHUn Zuzenbideko ikertzaile eta irakaslea)
- Moderatzailea: Mikel Fidalgo Astigarraga (UEUko Zuzenbide Saila)
11:30 – 12:00 Atsedenaldia.
12:00 – 13:30 Euskararen erronkak ikerketa juridikoan.
- Nahia Idoiaga Mondragon (EHUko Hezkuntza Fakultateko ikertzaile eta irakaslea),
- Zelai Nikolas Ezkurdia (Eusko Legebiltzarreko legelaria eta LEGAL aldizkariko erredakzio zuzendaria),
- Leixuri Urrutia Pujana ((UC Basqueko ikertzailea UC Berkeleyn),
- IKER-GAITU proiektuko kide bat (Latxa euskarazko AA sistemaren garatzaileak).
- Moderatzailea: Leire Gorostiza Etxeberria (UEUko Zuzenbide Saila)
13:30 – 15:00 Bazkaltzeko tartea.
15:00 – 16:30 Tailer praktikoa: baliabideak sortzen.
- Moderatzaileak: Sara Arruti Benito eta Iker Lauzirika Ansola (UEUko Zuzenbide Saila).
16:30 – 16:45 Jardunaldiaren amaiera eta itxiera.
- UEUko Zuzenbide Saileko kideak.
