«Uste genuen momentua zela arkitekto euskaldunok gure errealitateaz elkarrekin hausnartzeko. Euskarak gure jardunean duen eraginaz. Eta lekuaz»

2026ko martxoaren 25a

«Uste genuen momentua zela arkitekto euskaldunok gure errealitateaz elkarrekin hausnartzeko. Euskarak gure jardunean duen eraginaz. Eta lekuaz»
Anartz Ormaza Ugalde eta Agurtzane Elguren Larrañaga

Euskal arkitektoek hitzordua dute apirilaren 24an, Getxon. «Zero Kilometro Arkitektura I. Topaketa» lelopean, euskal arkitektoen komunitatea biltzea eta saretzea ditu helburuetako bi. Topaketaren koordinazio-lanetan ari dira bi arkitekto: Agurtzane Elguren Larrañaga (Azkoitia,1979) eta Anartz Ormaza Ugalde (Bakio, 1981). Elgurenek genero-ikuspegi eta hirigintzari buruzko prestakuntzadu eta ADI! Bulegoko bazkide sortzailea da. Ormazak, Lurralde Antolamenduan eta Kudeaketan eta Lurraldea eta Hizkuntzan (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) ditu graduondokoak. UEUko Arkitektura Saileko sailburua ere bada. Haiekin izan gara.

Arkitekturako I. Topaketa antolatu duzue. Zer helbururekin?

Helburua da aurreko urteetan egindako «Zero kilometroko» bisitei jarraipena egitea, eta aurton ere euskal arkitekto batek egindako proiektu eta obra bat bertatik bertara ezagutzea. Baina aurton, horretaz gain, asmoa da bide batez arkitekto euskaldunak biltzea eta gure jardunaren eta euskararen arteko harremanaz hausnartzea, baita ere.

"Thinking Fadura" prozesu parte-hartzailean jarriko duzue fokua. Zergatik?

Aurtengo proposamenean eraikin berezia aukeratu dugu. Eraikinak berak interes handia dauka, baina interes-maila berdina dauka berau diseinatzeko abiatu zen prozesu parte-hartzaileak. Garrantzi berdina eman nahi diegu prozesuari eta emaitzari, horregatik alde biak jorratuko dira jardunaldian.

Proiektuaren zer alderdi jasoko dituzue Topaketan?

Esandako legez, alde batetik prozesu parte-hartzailea azalduko da. Prozesu zabala eta konplexua, baina oso ondo egituratua izan zen. Gerora diseinatu zuen proiektuan zer esan handia izan zuena. Hori alde batetik. Eta bestetik proiektua bera azalduko da, eraikinaren diseinuaren nondik norakoak. Eta jakina, arkitektoaren eskutik, eraikina bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Beti ez da izaten diseinatzailearen eta obra-zuzendariaren eskutik eraikin bat gertutik ezagutzeko aukera.

Arkitektura eta euskararen inguruko solasaldia ere antolatu duzue. Zergatik?

Badaramagu urte batzuk holako bisitak antolatzen. Eta hauetara arkitekto euskaldunak gerturatzen gara. Eta uste genuen momentua zela tarte bat ateratzeko eta gure errealitateaz elkarrekin hausnartzeko. Euskarak gure jardunean duen eraginaz. Eta lekuaz. Gure jarduna euskaraz egiten dugunok topatzen ditugun oztopoez, baina baita aukerez ere.

Zer da topaketarekin lortu nahi duzuena?

Alde batetik euskal arkitektoen komunitatea biltzea, eta zergatik ez, saretzea. Elkar topatzea, gure behar eta ardurez berba egitea, aurkitzen ditugun zailtasunak partekatzea… azken finean elkartzea. Eta hitz egiteko aukera izatea. Hortik aurrera, egunean bertan ikusiko dugu zer bide zabaltzen diren honi jarraipena emateko…

Jarraipenik emateko asmorik bai? II. Topaketarik etorriko da?

Lehendabizi ikusiko dugu nola doan aurtengoa. Asmoa, berez, badago. Bi urterik behin antolatu izan ditugu eraikin desberdinetara bisitak, oraingoan bisita eta topaketa dira. Hurrengo bat ere etorriko da, beste eraikin bat ezagutzeko aitzakia hartu, eta berriz elkartzeko. Zergatik ez!

Nori dago zuzenduta?

Orokorrean eraikina ezagutzeko nahia edo interesa duen edonori, baina batez ere arkitektoei. Arkitekto euskaldunei.

Jakintza-arloak