Unai Coronel Gastiain: «Lehen hezkuntzan STEM identitatea neurtzeko tresna bat sortzen ari gara euskaraz»
2026ko azaroaren 25a

«STEM ikaskuntza eta identitatea(k) eskolako espazio berdean» izenpean aurkeztu zuen bere ikerlana Unai Coronel Gastiainek (2000, Agurain) azken Akademiatik Plazara ekitaldian. Lehen Hezkuntzako irakaslea da Coronel, eta Psikodidaktikako Masterra ere egin zuen. Gaur egun, Zientzia Esperimentalen Didaktikako doktorego-tesia egiten ari da, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren FPU laguntza bati esker. IKASGARAIA ikerketa-talde kontsolidatuko kidea da, eta ZIZARE ikerketa-proiektuan parte hartzen du. Artikulu zientifikoez harago dibulgazioa ezinbestekoa dela uste du eta besteak beste UEUren ikerl(h)ari bideopodcastean parte hartu zuen iaz.