«Sektore eta erakunde ezberdinen inplikazioa behar da gure hizkuntzan egindako zientziak kantitatean, kalitatean eta errekonozimenduan aurrera egiteko»
2026ko azaroaren 19a

Euskaltzaindiak eta UEUK sustatutako «Euskarazko ekoizpen zientifikoa» ikerketa-beka eskuratu berri dute Izaskun Alvarez Meazak (Arrankudiaga, 1975), Julen Orbegozo Terradillosek (Durango, 1982) eta Enara Zarrabeitia Bilbaok (Durango, 1979). «Zer oztopo dago euskaraz zientzia akademikoa edo literatura zientifikoa euskaraz egiteko?», galdera horretatik abiatuta ekingo diote sei hilabete iraungo duen prozesuari. Diziplinarteko hirukotea bildu da zeregin horretarako; izan ere, Zarrabeitia Industria Antolakuntzan ingeniaria da, EHUko doktorea eta T4BSS (Technology for business, society and sustainability) ikerketa-taldeko kidea. Alvarez ere ikerketa-talde bereko kidea da, industria-ingeniaria eta EHUko doktorea. Orbegozo, berriz, Publizitatean eta Harreman Publikoetan eta Kazetaritzan lizentziatua da, EHUko doktorea eta GUREIKER ikerketa-taldeko kidea. Haiekin izan gara.
UEUk eta Euskaltzaindiak sustatutako «Euskarazko ekoizpen zientifikoa» ikerketa-beka eskuratu berri duzu. Zergatik aurkeztu zarete?
Taldetxo bat egin dugu proiektua burutzeko; hirukote bat. Ikuspegi, jakintza eta jatorri ezberdineko ikertzaileak gara, Ingeniaritza Eskolako bi irakasle eta komunikazio arloko irakasgaiekin lotutako hirugarren bat, baina premisa edo marko bera konpartitzen dugu: bertako ikertzaileak gara eta bertako gaiei buruz ezagutza sortzeko aukerak baliatu nahi ditugu. Uste dugu, gainera, gure ikertzaile-sena eta pilatuta daukagun jakintza inguruko edo gertuko fenomenoei begira jarri behar dugula. Ikuspegi «glokalarekin» lan egiten dugu, beraz: tokiko gaiei buruz zientzia sortu, tokiko herritar zein erakundeez gain, mundu zabalean ere gure berezitasun kultural eta sozialak azaltzeko.
Gainera gai hau bereziki esanguratsua da guretzat: Akademiako kideak garelako, euskaldunak garelako, euskaraz klaseak ematen ditugulako, euskal fenomenoak ikertzen ditugulako, euskarazko dibulgazioa egiten dugulako… eta hori guztia esanda, guk ere gure azalean bizi izan ditugulako euskarak zientziaren esparruan duen errekonozimendu eskasaren ondorioak. Hau da, gaiak lehen pertsonan «ukitzen» gaitu eta ikertzaile moduan horrek beti eskaintzen dio inplikazio berezi bat ikertzaileari, kasu honetan, oso modu positiboan motibazioaren ikuspegitik.
Zertan jarriko duzue fokua?
Bi ikuspegi jorratu gura ditugu. Modu laburrean esanda: arlo kuantitatiboa eta arlo kualitatiboa. Orokorrean, zuhaitzaren enbor nagusia izango den galdera nagusi bat izango dugu: ze oztopo dago euskaraz zientzia akademikoa edo literatura zientifikoa euskaraz egiteko? Hortik abiatuta, zuhaitzaren adar ezberdinetara konektatuta egongo diren galdera gehiago izango ditugu: ze esparrutan argitaratzen da gehiago euskaraz? Zerk bultzatzen du euskaraz publikazio zientifikoak argitaratzera edo bide hori bazterrean uztera? Ze traba dituzte aldizkarietako editoreek euskarazko artikuluak lehenesteko? Nolako errekonozimendua dauka zientzia euskaraz argitaratzeak?
Proiektuaren helburua, markoa eta, oro har, bizkarrezurra diseinatuta dagoen arren, oraindik zehazteke daude azpiatalak, bigarren mailako galderak eta bereziki aztertuko diren atalak. Kontuan izan behar dugu, baita ere, aurretiaz lan nahikotxo dagoela eginda (esaterako, «Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik») eta horren gainean ze ekarpen egin dezakegun definitzea ere garrantzitsua da.
Zeintzuk dira helburu nagusiak?
Hitz gutxitan esanda: egoeraren diagnostikoa egitea (faktoreak) eta etorkizuneko lan-ildoen proposamena egitea (egoerari aurre egiteko neurriak). Hala ere, kontziente gara bi geruza edo urrats daudela gure ekarpena eraginkorra izan dadin. Gure aldetik ikerketak emaitza esanguratsuak eta argiak eskaintzea izango da premisa nagusia; hala ere, biharamunera begira kokatzea ere inportantea izango da: zer egingo dugu ondorioekin? Zerbait aldatzeko bultzada izango da gure proiektua? Horregatik, ikerketak ematen duenaz harago, bigarren geruza horrek garrantzi handia dauka: sektore eta erakunde ezberdinen inplikazioa behar da gure hizkuntzan egindako zientziak kantitatean, kalitatean eta errekonozimenduan aurrera egiteko. Askotan ardura nagusia ikertzaileen bizkarrean jartzen da: «sortu ikerketak euskaraz!» agindua emanez. Baina nahiko argi dago ikertzaileen komunitateak euskaraz zientzia egitea ez duela bereziki erakargarria ikusten. Zergatik egin? Zertarako egin?
Ikuspegi horretatik badago pisu handia daukan faktore bat: gero eta bizitza edo ibilbide konpetitiboagoa eta sarri krudelagoa da zientzialariena. Gaur egun bizi dugun testuinguru akademikoan, egiten dugun guztiak izan behar du isla bat ordenagailuan «merituak» pilatzeko daukagun karpetatxo horretan. Sarri jende askok esaten du: «Hori egiteak ez dit merezi, profesionalki aurrera egiteko merituen ebaluazioa egingo duen erakundeak edo tribunalak ez diolako baliorik emango». Pentsamendu hori are eta gehiago hedatzen bada, euskara eta euskal fenomenoak edo ikerketa-kasuak galtzaile ateratzen dira. Eta egoera prekario horretan euskararen aldeko printzipio hutsengatik lan egitea gogorra da, zure egoera profesionala etengabe dagoenean ebaluazio-agentzien luparen menpe.
Zein izango da lan-prozedura?
Lehenengo urratsa lan-prozesua ondo definitzea izango da. Ondoren, lanaren banaketa zehatza egingo dugu. Gero, ikerketa burutu eta emaitzak prestatuko ditugu arduradunei erakusteko. Bukatzeko, emaitzak publiko egingo dira. Zientziaren esparruan erabiltzen den antzeko lan-mekanika erabiliko dugu. Baina, egia da, denbora-epeak betetzen saiatuko garen arren, patxadaz lan egin gura dugula eta sarri ez dela gure esku egongo dena azkar aurrera ateratzea. Ikerketa egiteko teknika edo erreminta ezberdinak baliatuko ditugu eta bakoitzak bere epeak ditu. Azkartasuna baino gehiago kalitatea lehenetsiko dugu, aukera hori baldin badaukagu behintzat.
Zer da sei hilabete barru aurkeztea gustatuko litzaizukeena?
Komunitate zientifiko euskaldunak aurrean dituen erronka nagusiak identifikatzea, komunitatea indartzeko proposamen zehatzak, sendoak eta bideragarriak jasoko dituen estrategia garatzen laguntzeko.
Zerbait nabarmentzerik nahi?
Ahal duguna egingo dugu gure partetik, lehen esan dugun moduan, inplikatutako kolektiboaren parte garelako eta euskaltzaleak garelako. Uste dugu gure herriari, nazioari, gizarteari ekarpena egingo diogula eta hori gure bizitza profesionaleko curriculumean mugarri politenetakoa izango da. Baina, era berean, errealitate-printzipio batetik abiatu behar gara eta oztopo ugari topatuko dugu. Euretako bat izango da jendeak gure ikerketarekin zerikusia daukaten galderei erantzuteko izan dezakeen inplikazio falta. Hori gainditzeko, joan dadila hemendik gure mezua komunitate zientifiko euskaldunari: laster jasoko duzue gure ikerketan parte hartzeko eskaera eta zuen inplikazioa eskatu gura dizuegu. Eskerrik asko aldez aurretik!