«Euskarazko ekoizpen zientifikoa: egoera, azterketa konparatiboa eta etorkizunerako proposamenak prestigioa handitzeko» ikerketa-beka

Gaur egun, oro har eta labur adierazita, artikulu eta aldizkari zientifikoen prestigioa horiek guztiek jasotzen duten aipu kopuruaren arabera neurtzen da. Alabaina, aipuen kopuruak ez du beti egindako ekarpen zientifikoaren balioa behar bezala edo behar adina islatzen. Faktore gehiagok ere baldintzatzen dute aipu-kopuru hori. Adibidez, artikulu eta aldizkari zientifikoak euskaraz argitaratuz gero, artikuluaren edota aldizkariaren hedapena mugatuagoa da: euskaldunek bakarrik irakurtzen dute eta ondorioz, irakurle horiek bakarrik aipatu dezakete. Ondorioz, batzuetan artikulu eta aldizkari zientifikoen balioa gutxiesten da jasotzen duen aipuen kopurua txikia bada. Testuinguru horretan dihardute ikertzaileek gurean.

Euskaltzaindiak eta UEUk euskarazko ekoizpen zientifikoaren egoeraren inguruko kezka partekatzen dute eta kezka horretatik abiatuta abiarazi dute ikerketa-beka hau. Gainera, UEUren Inguma Euskal Komunitate Zientifiko-intelektualaren datu-baseak 25 urte bete ditu euskarazko goi-mailako ekoizpena bildu, katalogatu eta eskuragarri jartzen. Urte horietan, euskarazko jakintza eta ikerketa sustatzeko tresna eraginkorra bihurtu da, komunitatearen ezagutza eta bilgune gisa ekarpen nabarmena eginez.

Datu-basearen urteurrena dela eta, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Inguma 25 urte beka-deialdia aurkeztu zuen honako helburu honekin: Inguma datu-basea erreferentzia nagusitzat hartuta, euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera historikoa eta egungo egoera aztertzea.

Azterketa hori burututa eta ateratako ondorioak kontuan izanda, beste urrats bat eman nahi da: euskarazko ekoizpen zientifikoaren beherakadaren aurrean, euskarazko aldizkari zientifikoak eta ikertzaileek euskaraz ekoizteko dituzten baldintzak aztertzea eta ebaluatzea.

Oro har, aztergaia euskarazko ekoizpen zientifikoa da, eta laginak izango dira: euskarazko aldizkari zientifikoak, ikerketarako kontratu-programak, dirulaguntza-deialdiak, eta ekoizpen zientifikoaren datu-baseak/katalogoak, kalitate-adierazleak eta ebaluazio-sistemak.

Laburbilduz, euskarazko aldizkari zientifikoen egoera eta euskaraz argitaratzen duten ikertzaileen jarduna ikertuko dira, ikuspegi kuantitatibotik zein kualitatibotik. Horretarako, besteak beste, ekoizpenaren bolumena, dibertsitatea eta ikusgarritasuna inpaktu akademikoa, finantzaketa-iturriak eta ebaluazio-irizpideak aztertuko dira, baita ikertzaileek aurkitzen dituzten oztopoak eta aukerak ere; bereziki, zer neurritan aitortzen eta sustatzen den euskaraz egindako ekoizpen zientifikoa (politika zientifikoek eta instituzio publikoek hizkuntza-irizpideen inguruan duten eragina ere bai).

Helburuak

Beka-deialdi honen helburu nagusiak honakoak dira:

  1. Euskarazko ekoizpen zientifikoa non argitaratzen da? Aldizkarien kopurua eta aldizkarien egoera.Inguman jasotako euskarazko aldizkari zientifikoetatik abiatuta egingo da azterketa.Euskal Herriko egoera kanpoko errealitateekin konparatuko da(adibidez, Katalunia –CARHUSPlus).

  2. Euskarazko ekoizpen zientifikoaren aitortza, prestigioa, sustapena eta zabalkundea aztertzea:

    1. Ikerketarako diru-laguntza deialdiek eta programek bereziki aitortzen eta laguntzen dute euskarazko ekoizpen zientifikoa?

    2. Datu-baseek/katalogoek, kalitate-adierazleek eta ebaluazio-sistemek aitortzen eta laguntzen dute euskarazko ekoizpen zientifikoa?

    3. Komunitate zientifikoaren ikuspegia eta jarrera egoera horren aurrean (elkarrizketa bidez).

  3. Etorkizuneko erronkak eta aukerak identifikatzea:

    1. Euskarazko ekoizpen zientifikorako arrazoiak: zergatik argitaratu artikulu zientifikoak euskaraz?

Eskatzaileak

  • Beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Bigarren kasu horretan, ikerlanaren zuzendari-arduradun bat izendatu beharko da.

  • Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa da diplomatura, gradua edo maila horretako tituluduna edo goi-mailako tituluduna izatea. Lantaldeen kasuan, gutxienez partaideen erdiek bete beharko dute baldintza hori.

Euskarazko gaitasuna: eskatzaileak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea izan beharko du. Lantaldeen kasuan, partaide guztiek izan beharko dute gaitasun hori.

Deialdiaren ezaugarriak

  • Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Ikerketa-lanaren iraupena gehienez 6 hilabetekoa izango da, diru-poltsa esleitzen den egunetik hasita (epe horretan ez da abuztua kontuan hartuko).

  • Ikerketa-lanak originala eta argitaragabea izan behar du.

  • UEUk laguntza teknikoa eskainiko du Inguma datu-baseak izan duen erabilera kontsultatzeko.

  • Ikerketaren emaitzarekin amaierako txosten bat sortu beharko da. ‘Jarraipena’ atalean zehazten den 4 hilabetera entregatu behar den txosten partzialaz gain. Ikerketaren emaitza argitaratzeko edota hedatzeko eskubideak partekatuak (Euskaltzaindia + UEU) izango dira.

  • Horrez gain, ezagutza librea sortu, trukatu edota zabaltzeko asmoa duten datuak edota programak sortzea hobetsiko da, betiere lizentzia libreak erabiliz zabaltzeko modukoak.

  • 5.000 euroko diru-poltsa bat aurreikusten da. Erakunde bakoitzak erdibana jarriko du diru-kopuru hori.

  • Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2026eko irailaren 14tik urriaren 16ra egongo da zabalik, biak barne. UEUren webgunean dagoen inprimakia erabiliz aurkeztu beharko da.

  • Ebazpena urriaren 23rako jakinaraziko da eta jasotzaileak urriaren 26rako baino lehen erabakiko du beka onartzea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

  • Eskatzailearen curriculum vitaea, eta curriculum vitaean adierazitako titulazioen eta merezimenduen egiaztagiriak. Lantaldeen kasuan, partaide guztienak.

  • Proiektuaren zehaztasun-txostena, ahalik eta zehatzena (6 orrialdekoa, gehienez), honakoak azalduz: Lanaren ikerketa-esparrua; Aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera; Ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia; Helburuak; Materialak, baliabideak eta lan-metodologia; Lana garatzeko kronograma; Aurreikusitako emaitzak eta horien interesa; Euskarazko ezagutza librea sortu, erabili, trukatu edota zabaltzeko gaitasuna; bestelako finantzabideak, baldin eta halakorik balego.

  • Eskatzaile edo zuzendariaren espediente akademiko laburra.

  • Eskatzailearen euskara-gaitasuna frogatzen duen dokumentua: EGA edo baliokidea den titulua edo ziurtagiria. Lantaldeen kasuan berdin, partaide guztiek frogatu beharko dute aipatutako gaitasuna.

Argibideetarako helbide hau erabil daiteke: inguma@ueu.eus

Eskabideak ebaluatzea

Ikerketa-proposamenak UEUk izendatutako Ebaluazio Batzorde batek aztertuko ditu. Ebaluazio Batzordearen osaketa honako hau izango da:

  • UEUko zuzendaritzako kide bat: ikerketa-arduraduna edo haren ordezkoa.

  • UEUko Datu-basearen Batzordeko kide bat.

  • Euskaltzaindiko bi kide.

Balorazio-irizpideak:

Eskatzailearen eta zuzendariaren CVa.

Proiektuaren egokitasuna (euskarazko ekoizpen zientifikoa eta Inguma), irismena, kalitate teknikoa eta egingarritasuna. Ikerketa-proiektuen ezaugarri hauek baloratuko dira:

  • Egingarritasuna: proposatzen diren helburuak egingarriak izango dira, bai metodologia bai baliabide zein denbora aldetik.

  • Originaltasuna eta berrikuntza: proposatzen den ikerketa-proiektuaren izaera berritzailea balioetsiko baloratuko da.

Ordainketa eta zuriketa

Diru-poltsaren ordainketa modu honetan egingo da, izapide administratiboak burutu ondoren:

  • Kopuru osoaren % 60, esleitzen den une berean, aurreordainketa moduan.

  • Gainontzeko % 40, ikerketa-lanaren bukaeran, lana aurkeztu eta epaimahaiak ontzat eman ondoren.

Jarraipena

Ikerketa-proiektuen jarraipena Ebaluazio Batzordeak izendatutako Jarraipen Taldeak, 2 edo 3 kidez osatuta egongo denak, egingo du.

Proiektuaren jarraipen egokia bermatzeko bekaren jasotzaileak jarraipen-txostena aurkeztuko du proiektua hasi eta 4 hilabetera (2027ko otsailaren 26rako).

Jarraipen-txostenaren atalak honako hauek izango dira:

  • Izenburua.

  • Taldekideak.

  • Proiektuaren garapena: aurrerapen-maila, helburuen lorpen-maila, egindako egokitzapenak.

Jarraipen-txostenaren onarpena Jarraipen Taldeak egingo du.

Amaierako txostena 6 hilabetera aurkeztuko da: 2027ko apirilaren 30ean. Txosten horretan helburuen lorpen-maila eta proiektuaren ondorioak aurkeztu beharko dira.

Amaierako txostenaren onarpena Jarraipen Taldeak egingo du.

Erreferentziak

  • Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) (d.g.). Inguma: Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea.https://www.inguma.eus/

* Prozesu guzti honetan Inguma datu-basea eskuragarri izango da eta bertako datuen bilaketaren inguruan zein lanaren zalantza edo argibideetarako helbide hau erabil daiteke: inguma@ueu.eus