June Retegi Uria: "Irakasleok sinesten duguna da gure jardun pedagogikoan islatzen duguna eta, horregatik, konpromiso pertsonala eta kolektiboa funtsezkoa da"

2025eko urriaren 27a

June Retegi Uria: "Irakasleok sinesten duguna da gure jardun pedagogikoan islatzen duguna eta, horregatik, konpromiso pertsonala eta kolektiboa funtsezkoa da"

"Pedagogia Feministen eta Euskal Curriculumaren uztarketa: Irakaskuntza Masterreko ikasleen pertzepzioa eta irakasle-jardunari begirako erantzukidetasuna" ikerketa-lana aurkeztu du June Retegi Uriak (Oiartzun, 1991) UEUren GOI ikastegiak ematen duen Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz graduondokoan . Retegik Irakasle Ikasketak (LH eta HH espezialitateak), eta berrikuntza metodologikoen inguruko masterra (BERRIMET) ditu. Egun doktoregaia da EHUn eta irakaslea LHn. Aurkeztutako ikerlanaz gehiago jakiteko izan gara berarekin.

Pedagogia feministak eta euskal dimentsioak elkarri egin diezazkioketen ekarpenak izan dituzu aztergai. Nola sortu da aukera?

Azken urteotan, feminismoaren oinarriak hezkuntzara hurbiltzeko ahaleginean aritu naiz nire eguneroko jardunean eta norabide horretan sakontzeko asmoz erabaki nuen graduondo honetan parte hartzea. Hezkidetza ikuspegitik aurrerapausoak ematen ari gara dagoeneko gure ikasgeletan, baina sentitzen nuen hori ez zela nahikoa eta haratago joan beharra dugula, pauso bat gehiago emateko unea dela. Jendartean eraldaketa sustatuko duen hezkuntza-begirada hori zertan datzan ulertu nahi nuen, nola garatu daitezkeen praktika feministak eta, batez ere, nola eraiki dezakegun hori guztia euskal dimentsiotik abiatuta.

Graduondo honek nire mundu-ikuskeran oinarritzen diren bi ardatz uztartzen zituela ikusteak piztu zidan interesa: feminismoa eta euskal begirada. Egia da hasiera batean zalantza izan nuela denbora kontuak eta moldatzeko aukerak zirela medio, baina jakin-mina eta gogoa gailendu egin ziren eta azken momentuan animatu nintzen. Eta zenbat pozten naizen erabaki hori hartu izanaz!

Irakasleen figuran jarri duzu arreta. Zergatik?

Irakasleek dute hezkuntza-berrikuntzaren eta eraldaketaren giltza. Eraldaketa sakon, eraginkor eta iraunkorrak lortzeko, ezinbestekoa da aldaketa horiek irakasleen eguneroko praktikan islatzea. Izan ere, ikasgelan ikasleekin harreman zuzena duten profesionalak dira eta beraien jardunak, diskurtsoak eta jarrerak eragin zuzena dute ikasleen garapen pertsonalean eta identitatearen eraikuntzan. Horrez gain, begirada feministak jarduna aldatzeaz aparte, mundua ikusi eta sentitzeko beste modu bat (edo gehiago) eskaintzen duela uste dut, baita euskaldun izatea zer den eta zer izatea nahiko genukeen pentsaraztea ere.

Horrez gain, esate baterako, funtsezkoa iruditzen zait irakasleak genero-hezitzaile ere badirela kontzienteki onartzea, generoa performatzen ari baitira une oro: egiten dutena, esaten dutena eta baita isildu edo egiten ez dutena ere, guztiak dira hezkuntzaren parte. Horren inguruan lanketa pertsonala egiten hastea, konturatzea, deseraikitze- eta eraikitze-prozesu sakona egitea beharrezkoa da: graduondokoan ikasi dugun bezala, helburu gisa, zirimiriaren modura, pixkanaka gure jarduna praktika feministez bustiz erreferente aktibo eta kontziente bihurtzea.

Pedagogia feministak eta euskal dimentsioa hezkuntzan txertatzeko begiradan, badute eraginik irakasleen aurretiazko bizipen eta esperientziek?

Bai, zalantzarik gabe. Irakasle bakoitzaren ibilbide pertsonalak eta akademikoak (bizipenak, harremanak, formazioa, aktibismoa, militantzia…) eragin zuzena dute ikuspegi feministaren eta euskal begiradaren inguruko ezagutza eta kontzientzia kritikoa garatzeko prozesuan. Gaur egun, oraindik ez dago ikuspegi feminista eta euskaldunetik abiatutako formazio sistematiko zabalik; ondorioz, norberaren ibilbide pertsonala eta sentsibilitate politikoa bihurtzen dira ikuspegi horren eraikuntzarako oinarri nagusi eta ez luke horrek soilik eragin behar begirada honen eraikuntzan.

Zer garrantzi dauka irakasleen konpromisoak?

Konpromisorik gabe ez dago benetako eraldaketarik. Irakasleok sinesten duguna da gure jardun pedagogikoan islatzen duguna eta, horregatik, konpromiso pertsonala eta kolektiboa funtsezkoa da hezkuntza bidezko eta askatzaileago bat eraikitzeko.

Gaur egungo jendarteak eta hezkuntza-sistemak pribilegio eta zapalkuntza-lerro ugari ditu: generoa, hizkuntza, jatorria, klase-soziala… eta horiek guztiek zeharkatzen gaituzte komunitateko kide oro, modu batera edo bestera. Zapalkuntza horiek kolektiboki gainditzeko norabidea hartu behar dugu eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zait irakasleon konpromiso aktiboa komunitate gisa. Ez gara neutroak eta gure posizioaz jabetzeak eta erantzukizunez jokatzeak eragin zuzena du ikasleen bizipen eta ikaskuntza-prozesuetan.

Zein dira erronka nagusiak?

Nire ustez, erronka nagusietako bat konpromiso eta praktika indibidualetik kolektibora jauzi egitea da. Eraldaketarako beharra atzematea, kontziente izatea eta komunitatean eragitea dira hezkuntzan ditugun erronka nagusiak, begirada intersekzionaletik askotariko errealitateak aitortu, ulertu eta onartzea eta zaintzaren kulturan sakontzea. Utopikoa dirudien arren, egunerokoan gure aletxoa jar dezakegula uste dut, irakasleok profesional gisa eta jendarteko parte aktibo gisa.

UEUren GOI Institutuan egin duzu Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz graduondokoa. Nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia oso aberasgarria izan da. Hasieratik sentitu naiz zaindua eta babestua; giro atsegin eta segurua sortu dugula iruditzen zait. Koordinatzaile, irakasle eta ikasleen arteko harreman hurbila eta bakoitzaren egoera eta erritmoarekiko erakutsitako begirunea funtsezkoak izan dira.

Formazioaren zati handiena online formatuan izan bada ere, talde-ikuspegia eta kolektibotasuna ardatz izan dira prozesu osoan zehar eta aurrez aurreko saioek asko lagundu dute horretan. Taldeak entzute eta elkarrekin ikasteko espazio gisa funtzionatu du eta horrek aukera eman dit hausnarketa sakonak egiteko eta kideekin batera ikuspegia aberasteko. GOI Institutuko esperientziak indartu egin du nire konpromiso pertsonala eta profesionala, hezkuntza feminista eta euskaldun baten alde lanean jarraitzeko.

Jakintza-arloak