Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz

Hasiera - Bukaera data: 2025ko urtarrilaren 10a - 2025ko uztailaren 4a (Erdi-presentziala)
Izaera: Online
Ordu kopurua: 450
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko ekainaren 10a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko azaroaren 22a

Aurkezpena

Azken hamarkadetan hezkuntza arautuan zein ez-arautuan hezkidetzaren oinarriak egituratzeko eta sustatzeko ekimen ugari jarri dira abian Hego Euskal Herrian. Gainera, LOMLOEk hezkidetza eta genero-ikuspegia hezkuntza arautuan zehar-lerro bilakatu du, eta ondorioz, jakintza-alor guztien edukietan, prozeduretan zein jarduteko moduetan izan behar luke eragina. Ondorioz, orain artean hezkidetzak askotan ikastetxeko eremu orokorrak izan baditu langai (patioa, tutoretza, taldeko harremanak...), hemendik aurrera, jakintza-alor zehatzetako edukietan, erreferentzietan edo prozeduretan jarri beharko du arreta. Hutsune hau are eta nabariagoa izan da Derrigorrezko Bigarren hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

Bestalde, Euskal Curriculuma 2007. urtetik aurrera garatuz joan den esparrua izan arren, azken urteotan Euskal Herrian indarberritu egin dira Genero Ikerketak eta Ikerketa Feministak, eta hortaz, ezagutza feminista hori aintzat hartuta, Euskal Curriculuma hezkidetzaren begiradatik zein begirada feministatik elikatzeko premiaz jardun da hainbat forotan.

Hezkidetzatik pedagogia feministetara
graduondokoak irakasteko zein ikasteko modu feministak zein jarduteko modu feministak identifikatzen, praktikan jartzeko eta egituratzen joateko koordenatuak eskaini nahi ditu, beti ere, Euskal Curriculuma iparrorratz duelarik.

Graduondokoa UPV/EHUren berezko eskaintzaren parte da, eta UEUko GOI institutua arduratuko da prestakuntza eskaintzeaz, online ikas-irakaskuntzarako propio sortutako eredu pedagogiko bat oinarri hartuta. Gainera, lankidetzari garrantzi handia eman zaio graduondokoaren diseinutik bertatik, eta, horren erakusgarri, alorreko hainbat eragile garrantzitsuk parte hartuko dute irakasle-taldean.

Nori zuzenduta

Hezkidetzatik pedagogia feministetara graduondokoak euskal komunitatearen eta euskal gizartearen premiei erantzuten die, eta graduondokoan sustaturiko lerro pedagogikoek zein gizarte-ekarpenek euskal komunitatea izango dute xede nagusi. Gizarteko premia horiei egoki erantzun ahal izateko modalitate erdi-presentziala proposatuko da, modu horretara honako hiru kolektiboren beharrak asetzeko:

  • Graduatu berriei espezializaziorako bideak zabaltzeko, batez ere Irakaskuntza Masterra egin berri duten irakaslegaiei
  • Bigarren hezkuntzako, Batxilergoko edota Lanbide Heziketako profesionalei etengabeko formazioa eskaintzea, eguneroko lan-jarduneko beharrei erantzun ahal izateko 
  • Euskal Curriculuma hezkidetzatik eta begirada feministatik birkokatu eta birpentsatu nahi duten askotariko hezkuntza-eragileei (hezkuntza-erakundeak, hezkuntza-elkarteak, hezkuntzarako gogoeta foroak, euskalgintzako hezkuntza-eragileak…)



Jakintza-arloak