Hasi dira UEUren 54. Udako Ikastaroak, euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertuz
2026ko ekainaren 11

Abian dira UEUren 54. Udako Ikastaroak. Gaur hasi eta uztailaren 10era bitartean 23 jardunaldi antolatu ditugu hainbat eragilerekin elkarlanean, hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa bat eragin eta arnasgune akademiko izateko asmoz. Gaurko hasiera-jardunaldian euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertu dugu, «Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean» izenburpean eta Euskaltzaindiarekin elkarlanean.

Amaia Torrealday Gallarretak iaz Inguma euskal ekoizpen zientifikoaren datu-baseari buruz egindako ikerketaren arabera, 1970eko hamarkadaren hasieran argitalpenen kopuruak hazkunde esponentziala izan zuen, 1973 eta 1977 bitartean % 360 inguruko igoerarekin. Ondorengo bi hamarkadetan (1978-1992) hazkunde bizkor baina egonkorragoa izan zen (% 105 eta % 116 artean). 1993tik 2012ra hazkundea moteldu eta egonkortze-fasera pasatu zen (urteen arabera % 21, % 34, % 13 eta % 4 arteko hazkunde-tasekin), Price-ren legeak aurreikusten duen moduan: hasierako hedapen azkarraren aurrean egonkortze- eta kontsolidazio-fase bat dator. 2013 eta 2017 artean beherakada gertatu zen (% −8), dokumentu-kopurua aurreko aldiarekin alderatuta jaitsiz; 2018–2022 bitartean igoera arina antzeman zen berriro (% +6), baina 2023–2024 artean dokumentu-kopuruak beheranzko joera erakusten du berriro.
UEUren ustez beherakada horren arrazoi nagusia euskarak maila akademikoan izan beharko lukeen balioa ez edukitzea da. ANECA eta HCÉRES Espainia eta Frantziako ebaluaketa eta akreditazio erakundeetan euskarari ez zaio aipamenik egiten. UNIBASQ EAEko erakundeak, berriz, irakaskuntzan, gidaliburuetan eta tesietan positiboki baloratzen du euskara. Ikerketan, ordea, ANECAren protokolo berdina erabiltzen du. Nafarroan, berriz, ANECAren irizpideak jarraitzen dira. UEUren ustez, egoera honek eramaten ditu zientzialari euskaldunak beste hizkuntzetan bere ekoizpena egitera; gaztelania, frantsesa eta batez ere, ingelesez. Eta gero bere borondatez euskaraz ekoizten dute, atxikimendua dutelako euskararekin.

Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariaren esanetan unibertsitateak euskara behar du eta euskarak unibertsitatea. Hasteko, Ikuspuntu soziolinguistiko zein zientifikotik begiratuta, euskarak epe luzera bizirik iraun dezan eta osasuntsu egon dadin faktorerik erabakigarrienetako bat delako. Hizkuntza bat etxean, kalean edo tabernan baino hitz egiten ez bada, hizkuntza folklorizatu edo soilik komunitario bihurtzen da. Unibertsitatean sartzean, ordea, hizkuntzak bere burua behartu eta eboluzionatu behar du fisika kuantikoa, nazioarteko zuzenbidea, neurokirurgia edo adimen artifiziala azaldu ahal izateko. Unibertsitateak terminologia tekniko eta akademiko berria sortzen du, hizkuntza XXI. mendean baliagarria izan dadin eta zaharkituta gelditu ez dadin. Horretaz gain, berezko hizkuntzan ikertzen denean, zientzia demokratizatu egiten da eta hurbilago egoten da gizartearengandik. Azkenik, laborategietan eta unibertsitate-sailetan sortutako ezagutza zuzenean bere hizkuntzan tokiko gizarteari itzultzea ahalbidetzen du, doktorego-tesien, artikuluen eta dibulgazioaren bidez. Gainera, nazioarteko ekoizpen zientifikoaren mapan kokatzen du herri hori.
UEUk egoera hau aldatzeko lanean jarraituko duela adierazi du Bengoetxeak. Alde batetik, CoARA (Coalition for Advancing Research Assessment) elkarteko kidea da. Bertan beste hizkuntza gutxitu batzuk daude, eta ingelesaren hegemoniaren aurrean, eleaniztasuna aldarrikatzen dute. Horretaz gain, ikerketa emaitzen aniztasuna bultzatu eta aitortzea nahi dute, tartean hizkuntza aniztasuna. Horretaz gain, UEUk elkarlanean jarraituko du eragileekin, euskarari unibertsitatean bere bidea egiten laguntzeko. Horren adibidea da gaur Euskaltzaindiarekin hasitako bidea.
Aitor Bengoetxea Alkortari elkarrizketa jardunaldiaren harira