Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean. (Hasiera Ekitaldia)

Aurkezpena
Euskal Unibertsitatea sortzea da, bere hasieratik, UEUren helburu nagusia. Euskal gizartea bere osotasunean garatzeko ezinbesteko tresna, eta UEUk honako ezaugarri hauetan oinarritzen du: Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere osotasunean hartuko dituena, euskara hizkuntza-ardatz nagusia izango duena, euskal gizartearen beharretara egokitua dena, eta izaera parte-hartzailea izango duena. Helburu hau lortze bidean, etengabe lanean ari da UEU bost hamarkada baino gehiagotan.
50. urteurrenean UEUk harro aldarrikatu zuen goi-mailako hezkuntza euskaratik eta euskaraz ardazteko eta unibertsitatean euskara modu naturalean erabiltzeko ibilbidean akuilu izan dela, baina ''ez gaudela konforme'' ere adierazi zuen.
Euskararen eta unibertsitatearen arteko erlazioan aurrerapen handiak egin diren arren, azken urteetan desbideraketa batzuk gertatu direla ikusi du UEUk. Inguma datu-baseari buruz iaz egindako ikerketak erakutsi du euskarazko produkzio zientifikoa gainbeheran doala, eta uste dugu horren arrazoi nagusia dela euskarak maila akademikoan izan beharko lukeen balioa ez edukitzea.
Kezka horrek hainbat galdera piztu ditu UEUren baitan: Zein da euskarak unibertsitatean duen balioa? Zer egin daiteke egoera hori hobetzeko? Nola konektatu dezakegu eztabaida hau euskararen biziberritzearen pizkunde-garaiarekin?
Jardunaldi honetan ezingo dira galdera guztiak erantzun, baina UEUk gai hau landu eta gizarteratu nahi du Euskaltzaindiaren laguntzaz, arrainak ura bezala, euskarak bere unibertsitatea behar duela sinistuta gaudelako.
Helburuak