"Garrantzitsua iruditzen zaigu euskal artearen eta literaturaren historiek eta kanonak bigarren planoan edo ahaztuta utzi duten hori lehen lerrora ekartzea"
2026ko martxoaren 12a

Bide desbideratuak. Literatura eta arte garaikideen inguruko ikerketa feministak liburua argitaratu berri du UEUren argitaletxeak. Hainbat autorek sinatutako liburua da, euskal artearen eta literaturaren historiek eta kanonak bigarren planoan edo ahaztuta utzi duten hori lehen lerrora ekartzeko sortua. Ibon Egaña Etxeberria (Urnieta, 1981) eta Irati Majuelo Itoiz (Iruñea, 1993) dira liburuaren argitaratzaileak eta haiekin izan gara proiektuaz hitz egiteko. Egaña Euskal Filologian lizentziatua da eta Literaturan doktorea. EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. UEUkidea ere bada eta Hariak Literaturaren eta Arteen inguruko ikerketa feministak taldeko ikertzailea ere bai. Majuelok Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasi zuen eta Literaturan da doktorea. Gaur egun, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakaslea da Letren Fakultatean. Hariak Literaturaren eta Arteen inguruko ikerketa feministak taldeko ikertzailea da.
Euskal artearen eta literaturaren Bide desbideratuak jarri nahi izan dituzue erdigunean. Zergatik?
Bide desbideratuak izenburua jarri diogu liburu honi, eta hitz-joko horren bidez, itxuraz paradoxikoa den ideia bat nahi izan dugu adierazi: alegia, liburu honetan aztertzen diren artistak, testuak, biografiak, artxiboak, iruditeriak, gorputzak desbideratuak direla, bai, baina bidea egin dutela guganaino. Garrantzitsua iruditzen zaigu euskal artearen eta literaturaren historiek eta kanonak bigarren planoan edo ahaztuta utzi duten hori lehen lerrora ekartzea, eta bestelako kontakizun batzuk, beste irakurketa batzuk, beste historiografia batzuk proposatzea.
Hariak taldeak urteetan egindako lanaren lagin bat jaso duzue liburuan. Zer da Hariak?
EHUko ikerketa-talde bat da, bi diziplinatatik gatozen ikertzaileak batzen dituena: artearen historiakoak eta euskal literatur kritikaren eremukoak. Elkarrekin lanean hasi ginen 2019an, UEUrekin batera antolatutako Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista graduondokoaren bueltan, eta geroztik elkarrekin lanean jardun dugu, pixkanaka 2022an ikerketa-talde gisa egituratu arte. Taldearen asmoa izan da gurean kultur sorkuntza garaikideari perspektiba feministatik behatzen dioten ikertzaileak elkartzea. Nabarmena da badagoela interesa, batetik, metodologia feministak arakatzeko eta, bestetik, horiek gertuko testuinguru kulturala aztertzean aplikatzeko. Horren lekuko dira azken hamarkadan ikuspegi feministatik egin diren hitzaldi, jardunaldi, argitalpen, tesi eta bestelako ikerketa-lan gero eta ugariagoak. Kezka horiei heltzeko espazio egonkorragoa eskaintzeko asmoz osatu genuen taldea eta, hala, arte garaikidea eta euskal literatura aztergai ditugun hainbat ikertzaile batzen hasi ginen. Hainbat ikerketa-proiektutan hartu dugu parte gutako bakoitzak, eta egiten ari garen lan hori euskal irakurleari eskura jartzeko asmoak eraman gaitu liburu hau argitaratzera. Sarritan unibertsitatean egiten diren ikerketa-lanei kosta egiten zaie-eta irakurle euskaldunarengana heltzea.
Zer aurkituko du bertan irakurleak?
Hamar kapituluz osatutako bilduma da liburua, eta guztiak ere ikuspegi feminista edo queerretatik euskal literaturaren eta ikusizko arte garaikidearen inguruan egindako ikerlanak dira. Hiru atal nagusitan batu dugu liburua, eta testuek elkarri egindako oihartzunak hartu ditugu aintzat liburua horrela egituratzerakoan.
Lehenatalak “Irudiak eta irudikapenak” izena du, eta bertan jasotzen diren lanek bi kontzeptu horien inguruan dihardute, eta ertz eta genero diferenteetatik heltzen diote gaiari: argazkigintzatik, aldizkarietako irudien berrerabilpenetik, poesiatik zein nobelagintzatik. Elena Sarasolaren 1980 eta 1990etako argazkigintzari erreparatzen dio Elena Olave Duñabeitiak, argazki-artxiboak memoria bollero bat sortzeko duen potentzialitate afektiboa ikertzeko asmoz. Garai eta testuinguru bertsuan Bilbon Bizkaiko Emakumeen Asanbladak plazaratutako Geu emakumeok aldizkariari begira jarri da, berriz, Maite Luengo Aguirre eta, zehazki, aldizkariaren alderdi grafikoari. Margolan ezagunen berrerabilpen aktibista aztertu du, eta nola imajinario kolektiboan zeuden artelanak asmo feminista eta subertsiboz berridatzi ziren argitalpen hartan. Bestelako imajinario batzuk berrikusi ditu, berriz, Amaia Mariezkurrena Serranok: 1936ko Gerrari buruzko euskal nobelagintzak sortutakoak, alegia. Historia patriarkalek ahaztutako indarkeria eta gorputzei behatu die, Uxue Alberdi, Juan Kruz Igerabide, Jokin Muñoz eta Txema Garcia-Vianaren eleberrietako gerra-indarkeriak ikuspegi feministatik berrirakurri baititu eta haien erresistentziarako bideak azpimarratu. Ibon Egaña Etxeberriaren testuak, azkenik, irudiek gaur egungo gizartean duten nagusitasunari Lizar Begoñaren poesiak nola erantzuten dion aztertu du, eta haren poesia-lana erregimen eskopikoarekiko erresistentzia-gune gisa irakurtzea proposatu du.
Liburuaren bigarren atalak emakumezkoen gorputzen transgresiorako aukerez egiten du gogoeta, punk-aren estetikatik hurbil dauden proposamen artistikoak aztertuz. Irati Majuelo Itoizen ikerketak Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Sonia Gonzalezen Ugerra eta kedarra nobelak hartzen ditu abiapuntu gisa, emakume okerrak eta haien gorputzak espazio publikoan egoteak dakarren transgresioari erreparatzeko, horretarako hiriko espazio publikoan dabilen flâneuse ibiltariaren kontzeptua baliatuz. Jone Rubio Mazkiaranen ikerketak, berriz, Las Vulpestalde punk bilbotarrari eta, bereziki, haren eszenaratze eta performanceari jarri die arreta. Aztertu du testuinguru hartan emakumeen gorputzak eredu nazional katolikoa urratzeko bide bihurtu zirela, baita ekintza sozial, artistiko eta politikorako tresna ere.
Bildumaren hirugarren eta azken atalean batu ditugu, aldiz, emakumezko artista edo artista-multzo zehatzen inguruko ikerlanak. Egiletasuna dute denek ikergai, bereziki, ikusarazten dute historiografia patriarkal eta androzentrikoak ezbaian jarri dituela emakumezko artista horiek. Egiletasuna ukatzeko edo ezbaian jartzeko moduak askotarikoak direla igar daiteke: Rosa Valverderen arte-sorkuntzaren balizko femeninotasuna haren obra gutxiesteko nola erabili izan den aztertu du Haizea Barcenilla Garciak, eta Garazi Ansa Arbelaitzen lanak, bestalde, azaltzen du konpromiso ekologista eta feminista Juana Cima eta Victoria Montolivoren obra aintzatesteko traba izan zela kritikaren begietara. Mari Franciska Dapena diziplina ugaritako artista gisa aldarrikatzen du, berriz, Enara Iratzagorria Gancedoren ikerketak, haren obra zabaletik ahanzturan geratutako lan literarioa eta obra piktorikoa berreskuratzeaz batera. Azkenik, Ane Lekuona Mariscalek frankismo-garaiko artista emakumezkoei begiratu die eta, zehazki, 1965 eta 1975 artean etxeko lanak beren obretan irudikatu zituzten artistei. Emakumezko artista izateak garaiko testuinguruan zekartzan kontraesanak azaleratu ditu, etxeko lanen errepresentazio-moduak ikertzearekin batera.
Zer da liburuarekin lortu nahi duzuena?
Alde batetik, zenbait artista, artelan, idazle eta testuri izan ez duten arreta eskaini nahi izan diegu. Hein horretan, agian euskal artearen lehen lerroetan aipatzen ez diren zenbait artista ekarri ditugu orriotara (Rosa Valverde, Juana Cima, Victoria Montolivo, Elena Sarasola, Maria Franciska Dapena...), eta haien estetikak eta proposamenak haien testuinguruan kokatu nahi izan ditugu. Era berean, literaturaren kritikak sobera aztertu ez dituen gaiak eta egileak ikertu nahi izan ditugu (Lizar Begoña edo Sonia Gonzalezen lanak, esaterako). Zenbait lan eta proposamen estetiko ikusaraztea eta erdigunera ekartzea izan da helburuetako bat.
Horrekin batera, historiografia ofizialaren diskurtsoak zalantzan jarri eta bestelako kontakizun batzuk proposatzea ere bilatzen du liburuak. Hau da, historiografiak eta kritikak erabili izan dituzten parametro eta irizpideez bestelakoak proposatu nahi izan dira, bestelako genealogia batzuk, beste kontakizun batzuk sortzeko. Bide horretan, garrantzitsua izan da metodologiari buruzko gogoeta feminista.
Bestalde, liburua, Hariak ikerketa-taldea bezala, euskal sorkuntza artistikoen inguruko kritika feminista sendotzeko eta zabaltzeko bidea izatea nahi genuke, bai unibertsitate-mailan eta baita jendarte-mailan ere. Eta, noski, ikerketa-lan hori euskaraz plazaratzea garrantzitsua dela uste dugu eta, beraz, ikerketa feministen esparruan euskarari tokia zabaltzen joatea eta gai hauetaz euskaraz aritzeko hizkuntza bat garatzea ere helburu izan ditu liburuak.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Liburuaren sorburuan dagoen erronketako bat zera da: pentsatzea zein metodologia eta zein tresna erabil ditzakegun literaturara eta arteetara begirada feminista eta queerretatik hurbildu nahi badugu. Zentzu horretan, gogoeta eta ekarpena egin nahi luke liburu honek, eta kultur sorkuntzen ikerketa feministarako lagungarri izan daitezkeen metodologiak ekarri Euskal Herriko corpusen azterketara. Hala, emozioen eta afektuen inguruko teoria eta proposamen metodologikoen bidez artea edo literatura beste modu batzuetan irakur daitezkeela proposatzen da liburuan zehar (artistek bizi izandako emozioei erreparatuz, memoria bisualak zein afektu aktibatzen dituen aztertuz edo literaturak nolako afektuak irudikatzen eta transmititzen dituen aztertuz, besteak beste). Beste erronketako izan bat da gorputza ikerketaren erdigunean kokatzea, eta hala egiten duten hurbilpen teoriko eta metodologikoek ere badute lekurik liburu honetan: “gorputz politiko” edo “gorputz-erresistentzia” bezalako kontzeptuak baliatzen dira, esaterako, arte eszenikoetara edo literaturara hurbiltzeko. Espazioa ikerketa literarioaren abiapuntuan jartzeak ere bestelako irakurbideak irekitzen ditu, flâneuse garaikideei eskainitako kapituluan ikus daitekeenez. Laburbilduz, erronka izan da historiografia ofizialak eta irakurketa kanonikoek proposatzen dituzten markoetatik atera eta bestelako irakurbideak bilatu eta proposatzea euskal sorkuntza artistikoari begiratzeko.
Nori dago zuzenduta?
Lan akademiko bat da, ikerketak biltzen dituena, baina irakurlego zabalarentzat eskuragarria ere izatea nahi genuen, eta uste dugu emaitza halakoa dela. Ikerketa feministetan, artearen historian, literatura garaikidean eta euskal kultur sorkuntzan interesa duen irakurlearentzako moduko liburua da. Era berean, eremu hauetan lanean ari diren edo bidea egin nahi duten ikertzaileentzat lagungarri izatea nahi genuke, batik bat proposatzen diren metodologia eta ikuspegi teorikoengatik.
