Bide desbideratuak. Literatura eta arte garaikideen inguruko ikerketa feministak

Liburu honetan aurkituko dituzun artistak, testuak, biografiak, artxiboak, iruditeriak eta gorputzak desbideratuak dira. Ez dira historiaren eta sorkuntzaren erdiko bide ezagunetan ibili, baina bidea egin dute guganaino. Ezkutuan izan arren, ezohikoak izan arren, ikertuak izan ez arren gure historiaren parte dira eta merezi dute gure imajinarioan lekua izatea. Euskal artearen eta literaturaren historiek zein ikerketek bigarren planoan edo ahaztuta utzi duten hori lehen lerrora ekartzea da lan honen asmoa, eta bestelako kontakizun batzuk, beste irakurketa batzuk, beste historiografia batzuk proposatzea.

Bilduma honetan aztergai diren idazle eta artistak sortzaile kanonikoen figurez bestela ulertu dira, baita haien sorkuntzak ere, eta, beraz, molde arruntetatik haragoko metodologiak eta irakurketa-proposamenak eskatzen dituzte, bidean ahaztu nahi ez baditugu. Afektuaren teorietatik, espazioaren inguruko ikerketetatik, queer begiradatik edo egiletasuna aztertu duten metodologietatik heltzen diote liburu honetako artikuluek artearen eta literaturaren ikerketari. Bide horiek ibiliz, hemen proposatzen diren irakurketak literaturaren eta arteen inguruko kontakizun nagusiak ezbaian jartzera datoz, eta baita bestelako genealogia batzuetarako abiapuntuak eskaintzera ere.

"Garrantzitsua iruditzen zaigu euskal artearen eta literaturaren historiek eta kanonak bigarren planoan edo ahaztuta utzi duten hori lehen lerrora ekartzea"

Aurkibidea

Sarrera, Irati Majuelo Itoiz eta Ibon Egaña Etxeberria

1. ATALA. IRUDIAK ETA IRUDITERIAK

1. Iruditeria hegemonikoaren berrerabilpen aktibista Geu Emakumeok aldizkari feministan, Maite Luengo Aguirre

2. Memoria eta desira bolleroak Elena Sarasolaren argazki-artxiboan, Elena Olave Duñabeitia

3. Gorputza, irudien markoez haraindi. Erregimen eskopikoari erresistentzia Lizar Begoñaren poesian, Ibon Egaña Etxeberria

4. Gerra-indarkeriak zeharkatutako gorputz-erresistentziak XXI. mendeko euskal eleberrigintzan, Amaia Mariezkurrena Serrano

2. ATALA: DESEROSOTASUNA ETA TRANSGRESIOA ESPAZIO PUBLIKOAN

5. Emakume okerrak: hiri-ibiltari transgresoreak euskal eleberrigintzan, Irati Majuelo Itoiz

6. Deserosotasunaren estetika: Las Vulpes, punk feminista eta gorputzaren politikak, Jone Rubio Mazkiaran

3. ATALA: EMAKUME ARTISTEN EGILETZATIK HISTORIOGRAFIA BIRPENTSATZE

7. «Maitasunak ez du preziorik, nire lanak bai». Emakume artistak eta etxeko lanak. 1965-1975, Ane Lekuona-Mariscal

8. Adierazpen plastiko eta literarioen artean: María Franciska Dapena eta bere kartzela-egonaldia, Enara Iratzagorria Garcedo

9. Hostoak sentituz, lurra besarkatuz. Juana Cima eta Victoria Montolivo ekologiaren eta feminismoaren artean, Garazi Ansa Arbelaiz

10. Feminitate kontrajarriak Rosa Valverderen lanean, Haizea Barcenilla Garcia

Bide desbideratuak. Literatura eta arte garaikideen inguruko ikerketa feministak