Gar Lozano Real: "Bularreko minbiziaren diagnostikoa jasotzen duten pertsona batzuen errealitatea gehiago ulertzeko beharra argi ikusi genuen"

2026ko urtarrilaren 14a

Gar Lozano Real: "Bularreko minbiziaren diagnostikoa jasotzen duten pertsona batzuen errealitatea gehiago ulertzeko beharra argi ikusi genuen"

Gar Lozano Real (Lezo, 1994) bularreko minbiziaren diagnostikoaren ostean eta geroko aukera kirurgikoen aurrean erabakiak hartzeko prozesuaren deskribapena egiten ari da bere doktorego-tesian. Jarduera Fisiko eta Kirolen Zientzietan graduatua da (EHU) eta Jarduera Fisiko eta Kirolen Zientzien du Masterra(EHU). Doktoregaia da Osasun, Ongizate eta Bioetika doktoretza programan (Deustuko Unibertsitatea) eta irakaslea da Deustuko Unibertsitatean 2021etik. UEUk antolatutako IkerGazte kongresuan edo “Akademiatik plazara" ekimenean ere parte hartu du. Harekin izan gara.

Jarduera Fisiko eta Kirol Zientziak ikasi zenituen eta ikerketaren mundurako saltoa eman zenuen gero. Zergatik?

Kirol-jarduerak eta orokorrean mugimenduarekin oso konektatua bizi nintzen eta ikasketekin jarraitzeko aukera agertu zenean, ildo horretatik jarraitzea erabaki nuen. Hala ere, ez da nire pasio bakarra. Ondoren, ikerketa-masterra egitea aukerarik hoberena zela iruditu zitzaidan. Ikerketaren bidez, metodo zientifikoa ezagutu eta ulertzea lortu dut, eta horrek ingurua beste modu batean esploratzera eraman nau, metodoa bera ikuspegi edo begirada kritikoarekin bideratuz.

Bularreko minbiziaren diagnostikoaren eta geroko aukera kirurgikoen aurrean erabakiak hartzeko prozesua deskribatu nahi izan duzu. Nola sortu da aukera?

Iñurri elkartearekin harreman naturala sortu zen duela hiru edo lau urte. Harreman horri esker, bularreko minbiziaren diagnostikoa jasotzen duten pertsona batzuen errealitatea gehiago ulertzeko beharra argi ikusi genuen. Errealitate horietan hainbat gauza azter daitezke, horien artean erabakitze-prozesua. Genero-ikuspegia txertatu nahi izan dugu eta horregatik aukeratu dugu gorputzarekin zerikusia duen gaia.

Erabaki-hartzea deskribatzeko zer aldagai hartu dituzu kontuan?

Erabakitze-prozesua aldagai bakar batean laburbiltzea zaila da. Gu kalitatean eta prozesuaren deskribapenean zentratu gara.

Non eta nola eskuratu duzu informazioa?

Bularreko minbizia izan eta mastektomia egin zuten pertsonen kasuan, informazioa Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba lurraldeetako pertsonengandik jaso genuen. Galdetegia sare sozialen bitartez zabaldu genuen eta segituan sekulako parte-hartzea izan zen. Profesionalen kasuan, Bizkaiko eta Arabako zerbitzuetako pertsonek parte hartu zuten, eta galdetegia zuzenean bidali zitzaien.

Elkarrizketen kasuan, aurrez aurreko elkarrizketak izan dira gehienetan. Emakumeen kasuan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban egin ditut, baina meet bidez. Izugarri eskertzen dut haiek egindako ekarpena, akademiatik haratago doa.

Bizkaiko eta Arabako zerbitzuetako ginekologiako eta erizaintzako zerbitzuekin izan dugu kontaktua gehienetan. Oso eskertuta nago haien parte-hartzeagatik.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Emaitzak laburbiltzea zaila egiten zait momentu honetan, baina IkerGazteko kongresuan aurkeztutako emaitzei dagokienez, erabakiaren kalitatearen autopertzepzio baxua agertu zen, eta kirurgia motaren arabera prozesua ezberdin baloratzen dela ikusi dugu. Horren harira, emaitza askoz sakonagoak agertuko dira hemendik aurrera aurkeztuko ditugun lanetan.

Ildo honetan ikertzen jarraitzeko beharra ikusten duzu zuk.

Nik baietz esango nuke, argi eta garbi. Tesiko prozesuarekin jarraitzen dut oraindik, eta datuak askoz gehiago analizatu eta kontrastatu behar ditut, beraz, ideia honekin jarraitzea da. Hau bukatzean, beharrak aztertuko ditugu eta nondik jarraitu ikusiko dugu, hau gaiari lehenengo gerturatze bat izan da.

IkerGazte kongresuan entzun zintugun, baita “Akademiatik plazara” ekitaldian... ikertzen den hori dibulgatzea garrantzitsua dela uste duzu?

Bai, noski. Ikerketan transferentzia hitza agertzen denean, nik ez dut oso argi ikusten zeri egiten zaion erreferentzia. Gizartean eragina izatea nahi badugu, gizarteratze-prozesua behar da, hau da, gizarteak dituen baliabide eta komunikazio-beharretara hurbildu behar dugu, eta ez alderantziz. Ikertzaile bezala uste dut, formalismo horietan erortzeak hutsune asko sortzen dituela prozesu horretan.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Momentuz, datuen analisi sakona egiten ari gara. Atal kualitatiboa eta kuantitatiboak batu nahi ditugu gure azterlanak aurkezteko eta horretan gabiltza. Horretaz gain, Emakundeko dirulaguntza bati esker egindako informea laster aurkeztea espero dugu. Bertan, orain arte egindako analisiak eta emaitzak sakon agertzen dira.

Jakintza-arloak