Asier Basurto Arruti: «Euskararen biziberritzearen bueltan diharduten ikertzaileei, teknikariei eta aktibistei helduleku bat eskaini nahi die liburuak»
2026ko uztailaren 14a

Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean liburua argitaratu berri du UEUrekin Asier Basurto Arrutik (Donostia, 1985). Iaz egindako nazioarteko konferentzian du oinarri liburuak eta euskararen biziberritzearen bueltan diharduten ikertzaileei, teknikariei eta aktibistei helduleku bat eskaini nahi die. Euskaraz eta ingelesez ikusiko du argia liburuak, elebitan. Basurtorekin izan gara liburuaz hitz egiteko. Bera, ikertzailea eta komunikazio-arduraduna da Soziolinguistika Klusterrean.
2025ean egin zen "Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean" nazioarteko konferentzian du liburuak abiapuntua. Zergatik eraman nahi izan duzue hangoa liburu formatura?
Konferentziaren helburu nagusietakoa izan zen Euskal Herrian arnasguneen inguruan garatu izan den ikerketa-ildoa nazioarteko beste ildo batzuekin konektatzea: komunitate bernakularren ingurukoa, hiztunen dentsitate geografikoaren eragina aztertzen duena... 2025eko urrian Azpeitian topaketa presentzial hori eta ezagutza-truke hori gauzatu ostean, eremu zientifikoan ganoraz hedatu eta erreferentziatu ahal izateko testuak argitaratzea garrantzitsua zen. Eta horri erantzuten dio bete-betean euskaraz eta ingelesez argitaratu dugun liburuak.
Zer garrantzi dute arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan?
Arnasguneek zeregin estrategikoa betetzen dute hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan. Gune hauetan hizkuntza gutxitua modu naturalean erabiltzen da eta hizkuntzaz gain, hizkuntza-ohiturak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Halaber, hiztun berriak hizkuntzan sozializatzeko eta erabileran murgiltzeko aukera paregabeak eskaintzen dituzte. Hizkuntzaren prestigioa eta erabilera aktiboa sustatzen duten ingurune geografikoak dira.
Gaia elkarrizketan jarri duzue beste hizkuntza-komunitate batzuen esperientziekin. Zergatik? Eta nortzuekin?
Nazioartean orain arte bereizitako ikerketa-ildoak izan direnak konektatu ditugu. Uste dugu honela eraginkorragoa izango dela ezagutza berria sortu eta gure hizkuntza gutxituen biziberritzean aplikatu ahal izateko prozesua. Irlanda eta Eskoziako esperientzia, Kanadakoa, Galesekoa eta Euskal Herrikoa izan dira liburuko artikuluen oinarria.
Zeintzuk dira hizkuntza-biziberritzerako estrategiak?
Liburu honetako artikuluetan molde eta xehetasun desberdineko proposamenak topatu daitezke. Elementu komun batzuk bilatzeko saiakera eginda, esan daiteke arnasguneetan edo hiztun-dentsitate altueneko zonetan hiztun-komunitatearen garapen osoa eta erreprodukzioa bermatzea lehentasuntzat hartu behar dela edozein hizkuntza gutxituren biziberritze-prozesua bultzatzerakoan. Horrez gain, garrantzitsua dela bestelako zonek, hiztun-dentsitate baxuagokoek, duten eragina ezagutzea, kontuan hartzea eta kudeatzea hizkuntza-politiken bidez.
Eta zeintzuk erronka nagusiak?
Erronka nagusia da mundu-mailako joera indartsu batzuen kontrapisua egitea. Indibidualizazioak, digitalizazioak, migrazioek eta eguneroko mugikortasun-ereduek baldintza berriak ekarri dituzte beren hizkuntza gutxituen bizimodu oso bat aurrera eraman izan duten inguruneetara. Aldaketak etorri dira eta etorriko dira. Orain, joera horiek kontuan izanik, lurralde-garapen sozioekonomikoa eta gizarte-kohesioa bermatu behar dira hizkuntza gutxituan bizitzeak «normaltasun» izaten jarrai dezan gune horietan.
Elebitan argitaratuko da liburua. Zergatik?
Konferentziaren nazioarteko izaera ez da anekdotikoa. Nazioarteko hedapena eta erreferentzialtasuna helburuen muinean zegoen. Horregatik, tokiko hizkuntza (euskara) eta nazioarteko lingua franca gisa ingelesa baliatu dira publizitate-euskarrietatik hasi, hitzaldietatik pasa eta zabalpenerako materialetaraino. Galesen, Kanadan, Irlandan eta Eskozian, besteak beste, liburua baliatzea nahi genuke; eta bakoitzaren hizkuntzara itzulpena egitea ezinezkoa zitzaigunez, ingelesezko bertsioarekin egingo dugu hori.
Nori dago zuzenduta?
Euskararen biziberritzearen bueltan diharduten ikertzaileei, teknikariei eta aktibistei helduleku bat eskaini nahi die liburuak, maila teoriko eta teknikoan. Euren ekinbideentzat oinarri izan daitezkeen ideiak eta datuak aurkituko dituzte. Nazioarteari dagokionez, eremu akademikoko ikertzaileak izango lirateke hartzaile nagusiak, baina izan daiteke zenbait kudeatzaile publiko eta mugimendu sozialentzat ere interesgarri gertatzea.
Nabarmentzeko zerbait?
Argitalpen honen osagarri gisa eta arnasguneen auzian sakondu nahi duenarentzat gomendatu nahiko nuke Mikel Zalbidek kontzeptua eta oinarrizko markoa azaltzen dituen bideoa (https://vimeo.com/1189644490). Uste dut maisu handi baten eskola-saioa jasota geratu dela bertan.
