Mikel Zalbide Elustondoren solasaldi osoa ikusgai, arnasguneen kontzeptuan sakontzeko

2026ko maiatzaren 8a

Mikel Zalbide Elustondoren lehen planoa. Bideo elkarrizketa bateko frame bat

2025eko urriaren 16 eta 17an Azpeitiko Soreasu antzokian egindako Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean. Nazioarteko konferentziaren harira, Mikel Zalbide Elustondo soziolinguista eta euskaltzainarekin egindako solasaldi osoa jarri da ikusgai. Saioak Arnasguneen gaia: kontzeptua eta ikusmoldea du izenburu eta arnasguneen auziari buruzko azalpen sakona eskaintzen du: kontzeptuaren jatorriaz, esanahiaz eta gaur egungo erronka nagusiez gogoeta egiteko aukera ematen du.

Konferentzian Zalbideren solasaldiaren laburpen bat eskaini zen, arnasguneen kontzeptuaren definizioa eta ikuspegi soziolinguistikoa argitzeko. Orain ikusgai jarri den saio osoak, ordea, beste sakontasun eta xehetasun maila bat eskaintzen du: elkarrizketa luzeagoaren bidez, arnasguneak zer diren, hizkuntza gutxituen biziberritzean zer funtzio betetzen duten eta euskararen etorkizunerako zergatik diren estrategikoak azaltzen ditu Zalbidek.

Mikel Zalbide Elustondo Donostian jaio zen 1951n, eta euskal hizkuntzalaritzan, soziolinguistikan eta hizkuntza-plangintzan egindako ekarpenengatik da ezaguna. Industria Ingeniaritza ikasketak egin ondoren, goiz hasi zen euskararen normalizazioaren alorrean lanean, besteak beste terminologia teknikoaren, corpus-plangintzaren eta euskarazko zein ele biko irakaskuntzaren garapenean. Hezkuntzaren eremuan ere jardun nabarmena izan du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aritu zen, Euskara Zerbitzuaren arduradun lanetan, eta EGA, hizkuntza-eskakizunak, IRALE, EIMA eta NOLEGA bezalako egitasmoekin lotutako koordinazio eta azterketa-lanetan parte hartu zuen. Euskaltzaindiako kide da, eta arnasguneen kontzeptua euskararen azterketa soziolinguistikoetara ekarri eta garatu duten erreferentzia nagusietakoa.

Bideoak balio berezia du, alde batetik, arnasguneen inguruko eztabaida teorikoa lehen eskuko azalpen baten bidez jasotzen duelako; eta, bestetik, gaiaren dimentsio praktikoa ere agerian uzten duelako. Zalbideren ikuspegitik, arnasguneak ez dira euskararen errealitatearen salbuespen bitxi bat, hizkuntza biziek behar duten normaltasun sozialaren adierazle baizik. Horregatik, solasaldiak ekarpen garrantzitsua egiten du arnasguneen inguruko ikerketarako, hizkuntza-politikarako eta euskararen biziberritze estrategiak pentsatzeko.

Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean. Nazioarteko konferentzia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Soziolinguistika Klusterrak, UEUk eta Coppieters Fundazioak antolatu zuten. Topaketaren helburua izan zen arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan duten garrantzia aztertzea eta, nazioarteko esperientzietatik abiatuta, hiztun-dentsitate handiko eremuak indartzeko proposamenak partekatzea.

Konferentzian landutako edukiek jarraipena izango dute datozen asteetan argitaratuko den lan kolektibo batean. Argitalpenak konferentziako hainbat saiotan oinarritutako artikuluak bilduko ditu, euskaraz eta ingelesez, formatu zientifiko-akademikoan. Helburua izango da topaketan azaldutako zenbait oinarri eta ikuspegi zabaltzeko baliabide egituratu bat eskaintzea, eta arnasguneen auziaren inguruan nazioarteko erreferentziazko bibliografia aberastea.

Jakintza-arloak