Alaitz Muro Larizgoitia: «Sortzeko dugun berezko gaitasunarekin birkonektatzeko luzatzen da gonbit hau»

2026ko apirilaren 27a

Alaitz Muro Larizgoitia ageri da argazkian

«Gorputza eta sormena ART-ean jolasean» ikastaroa emango du Alaitz Muro Larizgoitiak (1978, Durango) maiatzean Eibarren. Pedagogoa eta arteterapeuta da Muro, Haur Hezkuntzako Gradua du, Psikodidaktikan ikerkuntza-gaitasuna eta psikomitrizista ere bada. UEUko Artea Saileko sailburua da eta ikastaroaz hitz egiteko izan gara harekin.

Bakoitzak bere gaitasun sortzailearekin konektatzeko gonbidapena da ikastaroa. Zergatik?

Berezkoa dugun gaitasun bat da, baina tamalez sarri horretan sinesteari utzi diogulako edo/eta bertara heltzeko bidea blokeatuta dagoelako luzatzen da gonbit hau. Sortzeko dugun berezko gaitasunarekin birkonektatzeko, berezkoa dugun gaitasun hau gogoratzeko.

Nola lagundu dezakete bide horretan material artistikoek?

Material artistikoek hitzezkoa ez den hizkuntzarekin, arrazoinamendutik at dagoenarekin jartzen gaituzte kontaktuan, eta horri jolasa gehitzen badiogu, gure inkontzientean murgiltzeko modu atsegin bat ahalbidetzen digute.

Ikastaroa sormen-laborategia dela diozu. Zein izango da metodologia?

Metodologia jolasean oinarritzen da, helburua ez da gauza jakin bat sortzea, baizik eta esperimentazioaren bidez jolasteko eskubidea berreskuratzea. Saioek egitura hau izango dute: sarrera: hitzez konpartitzeko aukera zabaltzen da; sormen-proposamena: material desberdinak aurkeztuko dira eta abiapuntu bat proposatuko da, eta, azkenik, itxiera: berriz ere hitzari ateak irekiz eta elkarrekin bizi izandakoa konpartitzeko aukera eskaintzen da.

Nori dago zuzenduta?

Kuriositatea duen edozeini eta jolasteko gogoz dagoenari. Kontuan izan ez dela beharrezkoa sortzailea sentitzea edo/eta artearekin lotura izatea. Gure barnean dagoenarekin hitzezkoa ez den hizkuntzekin jolasteko gogoz eta aurrez aurreko talde-dinamika baten parte hartzeko gogoz dagoenarentzat aukera paregabea da.

Nabarmentzeko zerbait?

Material ezberdinekin jolastea eta emozioak eta barne-prozesuak adierazpen artistikoaren bidez azaleratzea proposatzen da, espazio aske eta zaindu batean epairik gabeko giroan.

Jakintza-arloak