«XX. mendeko euskal plazandreak gaurko begirada kritikotik "irakurri" nahi ditugu eta egin zutena aitortu»
2026ko ekainaren 29a

«XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia» jardunaldia egingo da gaur, Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Maila kolektiboan gaia planteatzen den lehen aldia da eta euskal plazandreak ezagutzera ematea, haiei buruz heldu zaigun irudi estereotipatua auzitan jartzea eta haien ekarpena hain xumea eta hain apala izan ez zela azpimarratzea du helburu. Amaia Alvarez Uria (1978, Bilbo) eta Cira Crespo Cabillo (1980, Bartzelona) aritu dira antolaketa-lanetan. Haiekin izan gara.
Zein izan zen XX. mendearen hasierako Euskal Pizkundean emakumeek izan zuten papera?
Uste dugu orain arte inork ez diola galdera horri erantzun eta jardunaldi hauen helburuetako bat bide hori urratzen hastea da. Hiru datu emango ditugu euskal emakume haiek izan zuten papera pentsatu baino handiagoa izan zela erakusteko: Bat, Emakume Abertzale Batzan bildu ziren horietako asko eta elkarte horretako bazkideak 1936. urtean 25.000 baino gehiago ziren (Euskal Herriko Hegoaldeko herrialde guztietan izena eman zutenez ari gara, Ipar Euskal Herrian baziren beste modu batzuetan antolatu eta plazara atera zirenak ere). Bi, eremu askotan zebiltzan. Badugu hurrengoen berri: kazetari, idazle, poeta, artista, mitinlari, pentsalari, eragile, aktibista, erizain, irakasle, itzultzaile, bertsolari, abeslari, antzezle, dantzari... Baina oraindik ez dugu globalki horiengan pentsatzeko ariketarik egin. Hiru, emakumeen hitzak eta ekintzak lehen lerrora ekarri zituzten, ikusgarri egin zituzten eta jendartean emakumeen presentzia eta garrantzia aldarrikatu zituzten: eztabaida piztu zuten “gai eta esperientzia femeninoak” unibertsalizatzeko bidean.
Horiek egin zituzten ekarpenak jarri nahi dituzue erdigunean. Zergatik?
Gaur egun memoria historikoaren eta genealogia feministen garrantziaz jarduten dugu, zein funtsezkoa den aurretik egin dena ezagutu eta duen balioa aitortzea. Baina hori egin ahal izateko bitartekoak behar dira, horretan dabilen jendea eta elkargunea. Beraz, jardunaldi hauek dira topagune eta trukerako aukera paregabea. Izan bertaratuko garen hizlarientzat, zein gaiaren gaineko interesa dutenentzat.
Zeintzuk dira jardunaldira ekarriko dituzuen izenak? Zergatik horiek?
Egitarauari begiratuta izen-abizen zehatz batzuk aurkitu ditzake bilatzen dituenak, baina beste askoz gehiago egon zitezkeen bertan. Garai hartan euskal komunitatean sortzen eta sozio-politikoki parte hartzen aritu ziren emakumeak ikertu dituztenengana hurbildu ginen hasiera batean eta horiek izango dira jardunaldietan aurkeztuko ditugunak. Baina izen-abizenak baino gehiago ordezkariak dira, idazle, kazetari, etnografo, bertsolari, irakasle, irudigile, sortzaile eta eragileak izan ziren eta horregatik egingo dugu haiei buruz berba.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?
Aipatutako euskal plazandre horiek ezagutzera ematea, haiei buruz heldu zaigun irudi estereotipatua auzitan jartzea eta haien ekarpena hain xumea eta hain apala izan ez zela azpimarratzea. Izan ere, gaurko begirada kritikotik «irakurri» nahi ditugu eta egin zutena aitortu.
Nori dago zuzenduta?
Euskal kultura eta historian interesa duen orori. Bestela esanda, Euskal Herriko historia kulturala ezagutu eta eraiki nahi duenari.
Zerbait nabarmentzeko?
Hasieran esan bezala, inoiz ez da modu kolektiboan planteatu gai hau, euskal emakume haien ekarpena ikertzaile batzuek banaka landutakoa izan da eta lan horiek elkarrekin kontrastatu nahiko genituzke, sarea ehundu eta plazandre haien arteko hariak elkarrekin josi. Orain arte pertsonala omen zen asko komunitarioa dela egiaztatu ahal izateko eta “kointzidentzia” horiek haien garaian kokatu ahal izateko.