Xabier Landabidea Urresti: "#Olgeta deitu diogu Humanitate Digitalen Ikerketa Gunetik martxan jarri nahi dugun teknologien inguruko topaketa mota berriari"

2025eko abenduaren 4a

Xabier Landabidea Urresti: "#Olgeta deitu diogu Humanitate Digitalen Ikerketa Gunetik martxan jarri nahi dugun teknologien inguruko topaketa mota berriari"
Argazkia: Badalab

#Olgeta, Humanitate Digitalen Ikerketa Gunetik martxan jarri nahi duten teknologien inguruko topaketaren lehen hitzordua abenduaren 12an izango da, Errenterian, Torrekuan."#Olgeta01: PKMak eta gu" izenpean, Ezagutzaren Kudeatzaile Pertsonaletan (PKM) jarriko dute fokua "informazioa jaso, antolatu, errepresentatu eta lantzeko aukera interesgarriak eskaintzen dituztelako". Xabier Landabidea Urresti (Begoña, 1981) ari da saioa koordinatzen eta harekin izan gara. Landabidea Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua (EHU) da eta Aisia eta Giza Potentzialean doktorea (DU). UEUkidea eta HDGuneko koordinatzailea ere bada.

Zer da#Olgeta?

#Olgeta deitu diogu Humanitate Digitalen Ikerketa Gunetik martxan jarri nahi dugun teknologien inguruko topaketa mota berriari. Lana eta jolasa, ezagutza eta esperimentazioa, jakintza eta ezjakintasuna nahastu nahi ditugu kontzienteki, gure garaiak eskaintzen dizkigun aukera eta erronkei elkarrekin ekiteko. UEUk tradizio zabal eta luzea du ezagutza zientifiko eta humanistikoaren zabalkundea modu hurbil, herrikoi eta parte-hartzaileetan egiten, eta HDGunetik iruditzen zaigu Errenteriako Torrekua espazioa leku ezin hobea dela mota guztietako teknologiekin halako proposamenak martxan jartzeko.

Gainera, iruditzen zait jada denok gaudela pixka bat nekatuta hitzaldi eskema eta ikastaro modu klasikoekin. Berritzeko garaia dela iruditzen zaigu.

Lehenengo saioan Ezagutzaren Kudeatzaile Pertsonaletan jarriko duzue fokua. Zergatik?

Hau guztia erdi txantxetan hasi zen mastodon.eus-en (Mastodon.eus mastodon sare sozial libre eta deszentralizatuaren euskarazko instantzia bat da) hasi ginenean komentatzen batek Obsidian erabiltzen zuela, besteak Logseq, besteak SiYuan... Konturatu ginen jende asko ari garela esperimentuak egiten geroz eta konplexuagoak eta informazioan aberatsagoak diren gure egunerokoak (lanekoak, etxekoak, militanteak, sormenezkoak...) kudeatzeko orduan. PKM deitzen ari garen software hauek oso aukera interesgarriak eskaintzen dituzte informazioa jaso, antolatu, errepresentatu eta lantzeko, eta iruditu zaigu #Olgeta01 hau antolatzeko marko perfektua eskaintzen zutela.

Erabiltzaileen esperientziak ere jaso nahi dituzue. Zer ekarriko duzue saiora?

Bai, argi daukagu ez dugula hitzaldi edo ikastaro estilo klasiko bat proposatu nahi. Agian alderantziz, ni neu jendaurrean biluztuko naiz (metaforikoki) aitortuz gaizki erabiltzen ari naizela tresna hauek. Ez dakidala ondo erabiltzen. Hobeto erabil nitzakeela. Planteamendu horrekin egin nahi duguna da mundu guztiari lotsak erantzi eta denok ikasteko eta jolasteko abiapuntu batean kokatzea. Hau ez da asko dakien jendeak oso gutxi dakien jendeari lezioak emateko saio bat izango, teknologia hauekin pertsona errealen bizitza errealetan egin daitezkeen gauzak elkarrekin deskubritzeko tarte bat baino.

Ezagutzaren Kudeatzaile Pertsonalen saio praktikoarekin amaituko duzue saioa. Zein izango da tailerraren helburua?

Saio honek badu zerbait hacker-mentalitatetik. Tresnak moldatu egin nahi ditugu mundua bera aldatzeko. Tresnak sortzen ditugu eta tresnek sortzen gaituzte, HDGuneak antolatutako lehen Humanitate Digitalak Euskal Herritik jardunaldian jaso genuen bezala. Iruditzen zaigu interesgarriena amaierako tarte horretan gertatuko dela. Tresnak instalatuko ditugu. Tresnak konbinatuko ditugu. Pentsatuko dugu helburu komun bat, arazo komun batzuetatik abiatuta. Behar bada konponbide bat aurkituko dugu. Edo eraikiko dugu. Helburua elkarrekin gai(lu) hauei buruz pentsatzea izango da, atzamarrak eta buruak eta bihotzak eta ahotsak erabiliz.

Nori dago zuzenduta?

Zuretzat. Irakurtzen ari zaren horrentzat. Saio hau zuretzat da. Eta zure gurasoentzat. Eta seme-alabentzat. Eta auzokidearentzat. Guretzat da.

Nabarmentzeko zerbait?

Gogo handia dut #Olgetaren lehen iterazio hau gerta dadin. Gaiarekin edo proposamenarekin interesik duen edozein pertsonari esango nioke etortzeko, mereziko duela. Gainera punta-puntako hizlariak izango ditugu haien esperientzia teknologiko eta biografikoa elkarrekin banatzeko prest. Uste dut luxu bat izango dela.

Jakintza-arloak