Xabier Landabidea Urresti: «Espazio paradoxikoa da Kutxaz Kanporena. Esperimentala eta segurua. Ganberroa eta serioa. Zergatik aukeratu, ezta?»
2026ko ekainaren 2a

Abian da «Kutxaz kanpo 2026 zikloa». Fikzio Fabrikak eta Badalabek UEUrekin elkarlanean antolatutako ekimena da eta Euskal Herriko bost leku ezberdinetan euskararen orainari eta geroari buruz elkarrekin pentsatzea du helburu. Zikloaren koordinazio-lanetan dabil Xabier Landabidea Urresti (Begoña, 1981) eta harekin izan gara. Landabidea Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua (EHU) da eta Aisia eta Giza Potentzialean doktorea (DU). UEUkidea eta Fikzio Fabrikako kidea ere bada.
Zer da Kutxaz kanpo?
«Kutxaz kanpo» Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategia eta Fikzio Fabrika eraldaketa ludikoaren aldeko kolektiboaren artean mahai-, karta- eta rol-jokoen bidez pentsamendu eta hausnarketarako bide berriak sustatzeko marko ludiko eta esperientziala da, euskararen eta euskal hiztunon etorkizunak elkarrekin pentsatzeko marko moldagarri eta modular bezala planteatu duguna.
Finean ezohiko espazio eta denborak eraiki nahi ditugu elkarrekin jolastu eta pentsatzeko. Aurten jauzi kualitatibo bat eman nahi izan dugu UEUrekin batera lehen mailako hizlariak ekarriz saio bakoitzera. Hortaz, esperientzia, kasu praktiko eta perspektiba kokatuak ezagutuko ditugu lehenengo, eta gero saioaren gako edo erronkaren inguruan mahai-joko bat erabiliko dugu gaiari elkarrekin heltzeko. Balio handia ematen diegu jolasari, umoreari, gozamenari eta esperimentazioari, eta uste dugu euskarak eta euskal hiztunok aurrean ditugun erronkei heltzeko gako garrantzitsuak izango direla hemendik aurrera.
Zein izan da orain arteko balorazioa?
Antolatzaile bezala oso pozik gaude bai proiektuarekin bai Badalabekin lan egin ahal izanaz. Oso erraza izan da hasieratik haiekin lan egitea, eta hirugarren urtea denez konfiantza handia sortu da gure artean eta geure buruari baimena eman diogu gauzak aldatzeko, probatzeko, eta baita hanka sartzeko ere. Uste dut hori klabe garrantzitsu bat dela laborategi-izaera duen eragile batentzat eta jolasa eraldaketarako bitarteko bezala ulertzen duen eragile batentzat, bientzat, baita, uzten badidazue, bestelako unibertsitate bat izan nahi duen Udako Euskal Unibertsitatearentzat ere.
Parte-hartzaileei dagokienez, uste dut haiei galdetu beharko geniekeela haien esperientziari buruz, baina esango nuke jendea pozik aritu dela eta harridura- eta aurkikuntza-momentuak egon direla saio guztietan. Dena ez da “ondo” atera noski, beti daude hanka-sartzeak, errakuntzak, gaizki neurtutako gauzak... Baina hurbildu direnen jarrera hain positiboa izan denez, egia esan denak ondo funtzionatu du. Harrigarriki ondo, esango genuke.
Hasi berri da ekimenaren fase berri bat: Euskararen orainak eta etorkizunak zikloa. Zer helbururekin?
Helburu nagusia da Euskal Herriko bost leku ezberdinetan euskararen orainari eta geroari buruz elkarrekin pentsatzea, abiapuntu erreal eta konkretuak (kasu praktiko, esperientzia, aditu, eragile...) fikzio espekulatibo “imajinario” eta planteamendu ludikoekin batuz. Uste dugu konbinazio horrek elkarrizketa eta hausnarketa diferenteak ahalbidetuko dituela eta gako garrantzitsuak emango dizkigutela etorkizuna birpentsatu eta sortzen asmatzeko.
Bestalde, forma eta formatuaren aldetik ere geure helburua saioekin esperimentatzea da. UEUren ikastaroak berez urrundu ohi dira ikastaro tradizionalen formatutik, baina harantzago joan nahi izan dugu, jolas eta jokoak pentsamendu, ekintza eta eraldaketa kolektiboaren zerbitzura jarriz. Ikusi nahi dugu zer aukera dauden ohiko hitzaldi eta ikastaroen formatuetatik haratago, eta ikusi duguna da eremu zabala irekitzen zaigula zentzu horretan. Badaude esploratu gabeko lurrak.
Hizkuntza eta hiztunen inguruko bost ideia ezberdin landuko dituzue bertan. Zein da planteamendua?
Hasiera batean Eibarreko Markeskoan edo Badalaben Errenteriako egoitzan egitea pentsatu genuen aurtengo ziklo osoa, baina gero konturatu ginen askoz interesgarriagoa dela Euskal Herriko geografiaren puntu ezberdinetan kokatzea saioak. Euskararen egoera ez da bat eta bakarra, ez eta euskal hiztunena ere. Zorionez Euskal Herri osoan daude euskararekin kezkatuta ez eze, engaiatuta ere dauden eragileak, eta iruditu zaigu bost leku esanguratsu aukeratzeak beste dimentsio bat ematen diola ziklo osoari. Gainera, horrela erraztu egin nahi dugu jende ezberdina hurbildu ahal izatea, beti ez baita erraza halakoetara etorri ahal izatea.
Lehenengo saioa Errenterian egingo dugu, Jabetze eta Ahalduntzearen inguruan. Bigarrena Iruñean izango da, Laban, hizkuntza-ohituren inguruan. Hirugarrenarekin Laudiora joango gara, Aiaraldeko Ekintzen Faktoriara komunitate (imajinatu)en inguruan. Laugarrena Baionan egingo dugu, Plazara Kolektiboaren egoitzan Utopiak eta Nostalgiak abiapuntu. Eta azkena Bilbora ekarri nahi dugu, Kontakizun eta Sorkuntzaren inguruan aritzeko.
Ez dugu titulu berezirik emango norbaitek bost saioak egiten baditu, eta erabat librea izango da saio bakarrera edo batera baino gehiagotara etortzea, baina antolatzaile gisa esan dezaket luxu handia izango dela ziklo osoan zehar parte hartu ahal izatea. Uste dut ikuspegi zabal eta aberatsa emango digula landuko ditugun gaien inguruan.
Elkarrizketa eta esperientzia kolektibo ludikoa bultzatu nahi dituzue. Zein izango da dinamika?
Oso dinamika diferenteak egongo dira saiotik saiora. Saio batean Negozio Ereduak sortzeko erabili ohi den joko-kutxa bat hackeatuko dugu etorkizuneko eszenatoki ezinezkoak (baina kitzikagarriak) planteatzeko. Beste batean enpresa baten arduradunak eta soldatapekoak izango gara, hizkuntza-ohiturak aldatzen saiatuz (edo erresistituz). Hirugarren batean ametsen logikan murgilduko gara karta surrealistak eta hari fisikoak erabiliz, edo mapak marraztuko ditugu etorkizuna irudikatzeko... Edo fikziozko mundu batean pertsonaiak interpretatuko ditugu gureak ez diren baina gureak ere badiren arazoei aurre egiteko... Ez dugu zehaztu nahi zertara jolastuko garen “spoilerrik” ez egiteko, baina proposamen guztiak izango dira gozagarriak, ezohikoak eta edozeinek parte hartzeko modukoak.
Nori dago zuzenduta?
Euskararen eta euskal hiztunen etorkizunean interesa, kezka, esperantza duen pertsona orori. Eskatzen dugun bakarra proposamen ezberdinak entzun eta probatzeko jarrera irekia da. Saioek ez dute eskakizun fisiko edo esperientzia konkreturik eskatuko, eta beharrizan espezifikoetara moldatzen saiatuko gara. Hori bai, saioen izaera parte-hartzailea dela-eta gehienez ere 20 pertsonako taldeak osatuko ditugu, oso zaila baita talde handiagoak ondo dinamizatu ahal izatea.
Nabarmentzeko zerbait?
Izaera esperimentala duen arren, parte-hartzaileentzako seguruak diren espazioak sortu eta babestuko ditugu, eta ganberroarena egingo dugun arren, oso serio hartuko ditugu landuko ditugun auziak. Zentzu horretan nahiko espazio paradoxikoa da Kutxaz Kanporena. Esperimentala eta segurua. Ganberroa eta serioa. Zergatik aukeratu, ezta?