UEUk euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertuko du bere Udako Ikastaroetan

2026ko maiatzaren 19a

UEUk euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertuko du bere Udako Ikastaroetan

UEUk 54. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Baionan. 23 jardunaldi antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa bultzatu asmoz. Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte UEUko arduradunek. Hasiera ekitaldian euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertuko dute, Euskaltzaindiarekin elkarlanean.

Aitor Bengoetxea Alkortak, UEUko zuzendariak UEUren Udako Ikastaroak hausnarketa gune direla azpimarratu du: «UEUk duela lau urte Udako Ikastaroak gogoetarako gune bihurtzea erabaki zuen. Gure helburua hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa sortzea da, eta horregatik aurten ere hainbat eragileekin batera antolatu ditugu. Udako Ikastaroak partekatzeko guneak dira. Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka eta parte-hartzea sustatzen saiatuko garaHasiera-jardunaldian UEUrentzat estrategikoa den gaia landuko duguEuskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean”.  Euskarazko ekoizpen zientifikoa gainbeheran doa, eta uste dugu horren arrazoi nagusia dela euskarak maila akademikoan izan beharko lukeen balioa ez izatea. Kezka horrek hainbat galdera piztu ditu UEUren baitan: zein da euskarak unibertsitatean duen balioa? Zer egin daiteke egoera hori hobetzeko? Nola konektatu dezakegu eztabaida hau euskararen biziberritzearen pizkunde-garaiarekin? Gai hau landu eta gizarteratu nahi dugu Euskaltzaindiaren laguntzaz».

Irati Iciar Madinabeitiak, Udako Ikastaroen arduradunak ikastaro hauen presentzialitatea azpimarratu du: aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere. Jardunaldiek formatu eta izaera ezberdinak hartuko dituzte, ohiko hitzaldiez osatutakoak, mahai inguruak, tailerrak eta ikerketa ere barnebiltzen dituztenak: ikertzaileen lanak gizarteratzeaz gain, aditu eta arituen hitzak jaso eta elkarrekin lantzeko aukerak eskainiko dira”.

Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla azaldu du Iciarrek: “Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Euskalgintzaren Kontseilua, JAKIN, Oinherri, Iratzar Fundazioa, ALDEE... Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalek eta adituaek, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek”.

Aurtengo Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute, ekainaren 11tik uztailaren 10era. Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira: Iruñea, Eibar, Baiona, Tolosa, Usurbil, Bilbo, Gasteiz eta Errenteriara. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 12 eurokoa izango da ikastaroetako matrikula. Informazio guztia www.ueu.eus helbidean aurkituko duzue.