Rita Aldabaldetreku Gonzalez de Txabarri: «Eraldeneak trantsizio ekosozialaren gaiari buruzko ezinegona, jakin-mina edo ekiteko grina duten herritarren elkargune izan nahi du»
2026ko urriaren 5a

Bizi ditugun krisiak eta haien arteko loturak ulertzeko eta eraldaketak irudikatzeko formakuntza-programa abiatu dute elkarlanean Kutxa Fundazioak eta UEUk. «Eraldenea» izenpean, estrategikoak diren hainbat gai landuko dituzte urritik martxora bitartean antolatutako saioetan eta horren guztiaren berri emateko izan gara Kutxa Fundazioko Rita Aldabaldetreku Gonzalez de Txabarrirekin (Zarautz, 1993). Aldabaldetreku Zuzenbide Ekonomikoan eta Lehen Hezkuntzan da graduatua eta masterra du Jasangarritasun eta Lidergotza Estrategikoan.
Zer da Eraldenea?
Bizi ditugun askotariko krisiak eta haien arteko loturak ulertu eta eraldaketak irudikatzen hasteko formakuntza-programa bat da. Oso alor konplexua denez, ertz ezberdinetatik begiratuko diogu gaiari: planetaren mugak eta bioaniztasuna, ekonomia, energia, utopiak, zaintzak eta feminismoa, osasuna eta ongizatea, gobernantza, elikadura eta kontsumoa, hizkuntza eta erreferentzia-sistemak, digitalizazioa, antolaketa-ereduak, lurralde-antolaketa eta mugikortasuna, artea eta kultura. Hainbat aditu gonbidatu ditugu euren ezagutzak partekatzera eta lurraldeko proiektu eraldatzaileak ezagutzera hurbilduko gara, praktikan zer eta nola egin daitekeen ikusteko. Hemen, gurean, herritarrek lurralde-ikuspegi bat garatu eta arazo potolo hauetan kokatzea da helburua.
Zergatik da garrantzitsua jasangarritasun ekologiko eta sozialaren gaia mahai gainean jartzea?
Gero eta nabarmenagoa da eraiki dugun gizarte-eredu hau ez dela jasangarria; ez planetaren mugen ikuspegitik, ezta gizarte-ikuspegitik ere. Albistegiak klima-larrialdiari, gerrei, genozidioei, migrazioari, eskuin muturraren gorakadari edota euskararen aurkako oldarraldiari buruzko berriz bete zaizkigu. Eta, albistegietan hainbesteko oihartzuna ez badute ere, egunerokoan bizi ditugu zaintzei, osasun mentalari edo pantailen erabilerari lotutako arazoak, besteak beste. Garrantzitsua iruditzen zaigu honen guztiaren atzean zer dagoen, nola eragiten digun eta, batez ere, zer egin dezakegun elkarrekin aztertu eta pentsatzea. Bestela, kanpotik, eta kanpotik diodanean gure lurraldetik kanpo ere esan nahi dut, datozen soluzioen zain geratzen gara eta soluzio horiek pentsatzen ari direnak ez dira beti gure, herritarron, mesedetan ari.
Hortaz, gure gizarte-ereduaren jasangarritasuna auzitan jartzea eta eragiten ari den ondorioen larritasunaz ohartzea ezinbestekoa da, baina baita eredu hori berandu baino lehen eraldatzeko norabideak eta moduak pentsatu eta ekintzara pasatzea ere.
Urritik martxora bitarteko formakuntza-ikastaroa antolatu duzue. Zein izango da dinamika?
Bi astez behin elkartuko gara gai ezberdin bati buruz ikasi eta ikuspegia zabaltzera. Hainbat aditu gonbidatu ditugu euren ezagutzak aurkeztu eta puntu kritikoak azaltzera, baita eraldaketarako bidean ikusten dituzten aukerak partekatzera ere. Hori guztia astearte arratsaldetan izango da Cristina Enea Fundazioaren egoitzan.
Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zitzaigun dagoeneko eraldaketaren bidean proposamen ezberdinak martxan jartzen ari diren lurraldeko proiektu eta ekimenak ezagutzea, bestela badirudi eta ezinezko kontuei buruz ari garela! Hortaz, bloke tematiko bakoitzaren amaieran, larunbat goizeko bisita bat egingo dugu proiektu bat ezagutzera: Goiener-ekin Fagollagako zentral hidraulikora, Biziolara, Aiaraldea Ekintzen Faktoriara eta Aginagako Bizimaña Herri Kooperatibara egingo ditugu bisitak.
Zer da formazioarekin lortu nahi duzuena?
Alde batetik, herritarrek trantsizio ekosozialari buruz duten ezagutzan eta ikuspegi kritikoan eragin nahi dugu, gai konplexua bada ere, garrantzitsua iruditzen baitzaigu herritarrak gai honetan kokatuta egotea eta iritzi formatuak izatea. Izan ere, etorkizun hurbilean erabaki asko hartu beharko da gai hauen inguruan, bai guk eta baita hautatzen ditugun ordezkariek ere, eta ez da beti erraza izaten zer gertatzen ari den ulertzea.
Bestetik, Eraldeneak trantsizio ekosozialaren gaiari buruzko ezinegona, jakin-mina edo ekiteko grina duten herritarren elkargune ere izan nahi du, hortik izeneko -enea. Jendea elkartzen denean, hizketan hasten denean eta, lurraldeko proiektu ezberdinak ezagututa, beste zerbait posible dela ikusten duenean energia berezi bat sortzen da eta gauzak gertatzen dira.
Ildo horretatik, martxan dauden proiektu eraldatzaileei plaza eskaini nahi diegu, ikusgarritasuna eman eta inspirazio-iturri izan daitezen. Finean, trantsizio ekosozialaren bueltan jendea formatzea, elkartzea eta saretzea dira Eraldenearen helburu nagusiak.
Nori dago zuzenduta?
Gai hauetan sakondu eta proiektu ezberdinak ezagutu nahi dituen edonori zuzenduta dago. Ez da aurre-ezagutzarik behar, ikasteko, partekatzeko eta ikuspegi berriak esploratzeko gogoa, besterik ez. Gainera, uste dugu parte-hartzaileen arteko aniztasuna (adina, lanbidea, esperientzia, bizitokia…) aberasgarria izango dela gaien atzean dauden ikuspegi, iritzi eta esperientzia ezberdinak ezagutzeko.
UEUrekin antolatu duzue elkarlanean. Zer espero duzue elkarlan honetatik?
UEUk dagoeneko hainbat jarduera egiten ditu trantsizio ekologiko eta sozialaren gaian eta naturala egiten zitzaigun Eraldenea ere ekosistema horretan kokatzea. Uste dugu UEUren komunitatea, hizlari zein partaide, espazio ezin hobea dela elkarrizketa hauekin jarraitu eta gaian sakontzen hasi nahi duen oro bertara gonbidatzeko.
Nabarmentzeko zerbait?
Gaiek handiak eta konplexuak badirudite ere, herritar orori zabaldutako proposamena da Eraldenea, ez da inongo ezagutza teknikorik behar. Interesa eta ikasteko gogoa izatea nahikoa da, beraz, animatu!
