Eraldenea

Aurkezpena
Eraldenea urria eta martxoa bitartean gertatuko den formakuntza programa bat da. Jasangarritasun ekologiko eta sozialean formatu eta kontzientzia garatzea du helburu, ikuspegi kritiko batetik eta Euskal Herriko testuinguruan kokatuta. Horretarako, hainbat arlotako hizlariak izango ditugu gonbidatu eta eraldaketa ekosozialean lanean dabiltzan eragile sarea ezagutzeko aukera eskainiko dugu bisita ezberdinen bidez; tokitik, burujabetzatik eta kolektibotik ari diren ekimenak, gehienak.
Askotariko gaiak landuko ditugu, egun bizi dugun askotariko krisi egoera hau hobeto ulertu eta alternatibak irudikatzen hasteko. Bide horretan, teoria eta praktika uztartzen saiatuko gara, ekintzan eta eragiletzan azpimarra eginda, Euskal Herrian lanean dabiltzan adituekin elkarrizketan eta bizi-bizi ditugun ekimenak ezagutuz.
Tokia: Cristina Enea Fundazioaren egoitza
Helburuak
Formakuntza programak honako helburuei erantzun nahi die:
1. Jasangarritasun ekologiko eta sozialaren ezagutzan sakondu eta ikuspegi sistemikoa lantzea, askotariko ikuspegiak eskainita eta partekatzeko uneak sortuta.
2. Eraldaketa ekosozialean dabiltzan eragileak ezagutzea, ekintzarako bideak ezagutzea, bestelako egiteko moduak deskubritzea eta etorkizun desiragarriagoak irudikatzea.
3. Kontzientzia ekosoziala eta pentsamendu kritikoa garatzea.
4. Euskal Herriko testuingurua eta eraldaketarekin konprometituta dauden pertsonak zein eragile sarea ezagutzea, eta harremanak egitea.
Edukiak
Saioz saio, trantsizio ekosozialarekin lotutako hainbat gai landuko ditugu:
• Bioaniztasuna
• Ekonomia
• Utopiak eta etorkizun desiragarriak
• Energia
• Zaintzak eta eraldaketa feminista
• Ongizatea
• Jasangarritasunerako gobernantza
• Elikadura burujabetza eta kontsumoa
• Euskararen egoera, euskal nortasuna eta erreferentzia sistemak
• Digitalizazioa
• Kolektibitatea eta antolaketa ereduak
• Lurralde antolaketa, hirigintza eta mugikortasuna
• Kulturaren eta artearen ekarpena eraldaketa ekosozialerako
• Ekintzailetza kolektiborako esperientzia ezberdinak: Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Bizimaña Herri Kooperatiba, Biziola.
Metodologia
Formakuntza osoa aurrez aurre gertatuko da, urria eta martxoa artean. Kanpamentu nagusia Cristina Enea Fundazioaren egoitzan izango dugu, Donostian, bertan elkartuko baikara bi astez behin. Saio hauek asteartetan izango dira, 17:30-20:00 artean, eta hitzaldi edo mahai-inguru formatua izango dute. Landuko dugun gaiaren arabera, aditu, aritu edo proiektu ezberdinak izango ditugu gonbidatu.
Bestetik, zenbait bisita ere antolatu ditugu proiektuak bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Hauek larunbat goizetan izango dira eta bazkaria barne izango dute.
Horrez gain, saioen arteko lotura egin eta ikasten goazena finkatzeko ariketa ezberdinak proposatuko dira, landutako gaiak jaisten, barneratzen eta egunerokoarekin lotzen lagunduko dutenak.
Nori zuzenduta
Planetarekiko eta gizartearekiko ardura duten edonori zuzendua dago, gaia hobeto ulertu, egonezin antzekoa duten pertsonekin partekatu eta Euskal Herrian eraldaketa ekosozialaren alorrean martxan dauden proiektuak ezagutzeko gogoa dutenei, bereziki.
Ez da aurretiko esperientziarik behar, nahikoa da munduarekiko ardura eta mundua zein norbere ikuskera eraldatzeko gogoa izatea.
Saioak euskara hutsean izango direnez, beharrezkoa izango da gutxienez euskara ulertzeko gaitasuna izatea.