Raúl Martínez de Santos Gorostiaga: "Zer da heziketa fisikoa? Galdera horri erantzun adostu bat ematea da lehenengo urratsa"

2025eko irailaren 4a

Raúl Martínez de Santos Gorostiaga: "Zer da heziketa fisikoa? Galdera horri erantzun adostu bat ematea da lehenengo urratsa"

"Eredu pedagogikoetan oinarritutako heziketa fisikoa: eta ereduak non?" lanaren emaitzak argitaratu ditu UEUren Uztaro aldizkarian Raúl Martínez de Santos Gorostiagak (Gasteiz, 1969). Heziketa Fisikoan lizentziatua (SHEE) eta doktorea da (EHU) eta azken 32 urteetan bi erakunde horietan irakaskuntza- eta kudeaketa-lanak egin ditu. Jarduera Fisiko eta Kirolaren Fakultateko dekanoa izan zen (2007-2010) eta Hezkuntza eta Kirolaren Fakultatean Kirolaren Ataleko dekanorde koordinatzailea ere bai (2017-2019). Uztaron aurkeztutako azterlanaren nondik norakoez galdetu diogu.

Zer da Eredu Pedagogikoetan Oinarritutako Heziketa Fisikoa?

Eredu Pedagogikoetan Oinarritutako Heziketa Fisikoa curriculumeko heziketa fisikoa pentsatzeko modu bat da. Zentzu horretan, gure arloaren berezko konplexutasunaren eta gure komunitate zientifiko eta profesionalaren lanerako eta sormenerako gaitasunaren adierazpena da. Haren garrantzia handitu da duela gutxi, Espainian korronte horretako figura garrantzitsuek 2020ko LOMLOEren irteerako heziketa fisikoaren jarraibideak markatu dituztelako.

Zertarako sortu da?

Edozein hezkuntza-berrikuntzatan bezala, eredu pedagogikoak asegabetasunetik sortzen dira. Kasu honetan, eta beharrezkoa da aipatzea, mundu anglosaxoian (Estatu Batuak eta Britainia Handia) jaio ziren garai batean (1970eko eta 1980ko hamarkadetan), non gizarte eta giza zientzien arrastoa ikasgeletan nabaritzen den, eta ez bakarrik ingelesez hitz egiten zen ikasgeletan: kirol-teknikak, beste testuinguru batzuetan interesgarriak, ez dira aski pertsonarengan zentratu nahi duen prozesu bati zentzua emateko, eta ez mugimenduan. Frantzian, Alemanian eta Espainian gertatu zen bezala, 1960ko hamarkadako oihartzunak heziketa fisikoan ere nabaritzen ziren, haren nortasuna eta berrikuntza bilatzen baitzituen.

Kritikoa zara harekin. Zeintzuk dira ikusi dizkiozun gabeziak?

Eredu Pedagogikoetan Oinarritutako Heziketa Fisikoak heziketa fisiko zientifiko eta berritu bat lortu nahi du, eta ni ezin naiz horrekin gehiago ados egon. Hala ere, adibide edo proposamen didaktikoen multzo laburtu gisa aurkezten zaigu: ikaskuntza jakin batzuk nola lortu, gure ikasgelak nola antolatu, ikastetxeetako eguneroko arazoei nola aurre egin erakusten digute. Zalantzarik gabe, heziketa fisikoko maisu-maistra eta irakasleen prestakuntzaren funtsezko zati bat da hori.

Beren pedagogiaren zientifikotasuna behin eta berriz aipatzen dutenez, haien proposamenaren barne-koherentziaz eta haien ereduak deskribatzeko edo azaltzeko potentzialaz neure buruari galdetzen hasi nintzaion. Pedagogia, batez ere, zergatiez eta zertarakoez arduratzen da, eta didaktikari, berriz, nola egitea interesatzen zaio. Pedagogiaren eta didaktikaren arteko mugak oso sotilak izan arren, gai pedagogikoak ezin dira konpondu mila soluzio didaktikoren bidez.

Zein izan beharko litzateke hurrengo urratsa?

Sentitzen dut originalagoa ez izatea, baina lehenengo urrats garrantzitsuena sorrerako galdera bati erantzun adostua ematea da: zer da heziketa fisikoa?

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Labur-labur, honako hauek izango lirateke hurrengo erronkak: hezkuntza fisikoaren berezko konpetentzia modu zientifikoan defendatzea: konpetentzia motorra; jarduera fisikoen eta kirol-jardueren teoria propioa garatzea, pertsonak ereduen erdigunean jarriz; eta eredu teoriko horien garapena didaktikoki trebeak diren irakasleek ikasgelan lortutako emaitzekin artikulatzea.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Ezinbestekoak dira Euskadiko heziketa fisikoa batera eraikitzeko eta kontzeptuak euskaraz finkatzeko. Hezkuntza eta heziketa fisiko zientifikoek termino zehatzak eta eragingarriak behar dituzte, eta hori ez da posible terminoak sortzen dituen zientziak oinarri sendorik ez badu. Baina ez dago zientzia onik unibertsitateko despatxuetan sortutako teorien ondorio praktikoak lekuan bertan, ikastetxean gure kasuan, praktikan jarri eta frogatu gabe, eta, horretarako, hezkuntza fisikoko kideok komunikabideak behar ditugu.

Jakintza-arloak