Oskia Agirre Orbegozo: «Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkura urtez urte kontsolidatzen joan den jarduera bat da»

2026ko uztailaren 1a

Oskia Agirre Orbegozoren argazkia

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkura egingo da gaur Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. ALDEEk eta UEUk antolatu dute lankidetzan eta 12. edizio honetan informazio-zentroen birmoldaketan eta berrikuntzan jarriko dute azpimarra. Oskia Agirre Orbegozo (Errezil, 1975) dokumentalista ari da koordinazio-lanetan eta harekin izan gara. Agirre, liburuzaina da Osakidetzan eta UEUko Talde Eragileko eta datu-baseen batzordeko kidea ere bada.

Informazio- eta dokumentazio-kudeatzaileentzat hitzordu erreferentea bilakatu da bilkura. Hamabigarren edizioa aurtengoa. Nola baloratzen duzue?

Nola ez, ALDEEk oso ondo balortazen du urteroko hitzordu hau. UEUren lankidetza ezinbestekoa izan da urtero jardunaldi bat euskaraz antolatzeko erronkan. Esan bezala aurtengoa 12. edizioa da eta egunerokotasun handia duten hainbat gai jorratzeko aukera izan dugu urte hauetan: besteak beste, eskola-liburutegiak, autoritateak, kontratazio-marko berriak, liburutegi digitalak, liburutegi espezializatuak, liburutegi nazionala, artxiboak eta ikerketa… Era guztietako gaiak plazaratu dira eta horretarako foroa izaten jarraitzea nahi dugu.

Aurten informazio-zentroen birmoldaketaren eta berrikuntzaren gaian jarriko duzue azpimarra. Zergatik?

Informazio-zentro guztiek, lehenago edo beranduago, espazio edota eraikinen inguruko hausnarketa bat egin behar izaten dute, bai eraikin berri bat behar dutelako, bai duten espazioa birmoldatu behar dutelako. Hainbat alderdi hartu behar dira kontuan mota honetako lan bati ekin aurretik: espazioaz beraz gain, erabiltzaileak eta zerbitzuak, kostu ekonomikoa, proiektuaren iraupena... Prozesu hauetan informazio eta dokumentazioaren profesionalez gain, bestelako profil batzuek ere parte hartzen dute, esaterako, arkitekto edota kudeatzaileek… Gure asmoa izan da ahal den heinean ahalik eta ikuspuntu gehien jasotzeko abagunea sortzea, hitzaldiez gain momentu informaletako hartu-emanetan edota eztabaidarako tartean egiten diren ekarpenetan.

Espazio eta eraikin desberdinen inguruko esperientziak elkarbanatuko dituzue. Zeintzuk? Eta zergatik horiek?

Aniztasuna bilatzen saiatu gara, baina ez da erraz lortzen den helburua. Hainbat erakunde eta profesional gonbidatu ditugu beren esperientzia partekatzera eta egitaraua osatzen dutenak izan dira horretarako prest agertu direnak; benetan eskertzen diegu parte hartzeko erakutsi duten prestutasuna. Elkarbanatuko diren esperientziak espazioen inguruko hausnarketak egin dituzten zentroenak dira, espazio horiek birmoldatzeko edota eraikin berriak egiteko. Arkitektoen ikuspuntua jasotzea ere garrantzizkoa iruditzen zitzaigun eta Juntura Kooperatibakoak animatu ziren ikuspuntu hori ematera.

Zer da topaketarekin lortu nahi duzuena?

Helburua urtero errepikatzen da: gaurkotasuna duten gaiak aprobetxatuz, profesionalak saretzea eta elkarrizketarako foro bat izatea.

Nori dago zuzenduta?

Aurten, arloko profesionalez gain, espazio eta eraikinen inguruan zeresana duten beste arlo batzuetako profesionalei ere lekua egiten saiatu gara, hala nola arkitekto edota kudeatzaileei.

Zerbait nabarmentzeko?

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkura urtez urte kontsolidatzen joan den jarduera bat da, ALDEE eta UEUren elkarlanaren fruitua. Gaurkotasuna duten gaiak lantzeaz gain, profesionalak biltzeko lekua izatea ere bada helburu. ALDEEko batzordea beti dago lanbideak dituen kezka, arazo eta erronkak plazaratzeko prest, besteak beste, urtero Udako Ikastaroetan dugun hitzordua baliatuz. Aurtengo bilkura bukatu orduko, aurrera begira jarri eta datorren urtekoa zeren inguruan ardaztu pentsatzen hasiko gara: gonbidapena luzatzen diegu arloko profesionalei etorkizunean lantzeko gaiak proposa ditzaten.

Jakintza-arloak