Oskia Agirre Orbegozo: "Euskal komunitate zientifiko-teknikoarekin batera, Ingumak egin duen ekarpena aztertu nahi dugu"
2025eko ekainaren 11

"Inguma, 25 urtez euskal komunitate zientifikoaren ispilu" jardunaldiarekin emango zaie hasiera UEUren 53. Udako Ikastaroei gaur, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Jardunaldiko Batzorde Akademikoko kideetako bat da Oskia Agirre Orbegozo (Errezil, 1975). Osakidetzako liburuzaina da bera, UEUko datu-baseen batzordeko kidea 2021etik eta 2025az geroztik UEUko Talde Eragileko kidea ere bai. Harekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko.
Ingumak emango die hasiera aurtengo UEUren Udako Ikastaroei. Zergatik?
Aurten betetzen dira 25 urte Inguma sortu zela. Udako Euskal Unibertsitateak abiatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Urte hauetan, unibertsitate-mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa dokumentatu du, hau da, euskaraz zer egin den eta nork egin duen jaso du. Urteurren hau aproposa iruditu zaigu UEUrentzat hain garrantzitsua eta estrategikoa den lanabes honi buruzko jardunaldi hau antolatzeko eta 53. Udako Ikastaroei hasiera emateko. Hala, euskal komunitate zientifiko-teknikoarekin batera, Ingumak egin duen ekarpena aztertu nahi dugu, beste hizkuntza gutxitu batzuek egindako lana ezagutu eta aurrera begira jarri.
Llorenç Arguimbau gonbidatu duzue. Zer ekarriko du jardunaldira?
Llorenç Arguimbauk, informazio zientifikoan aditua izateaz gain, katalanez argitaratzen diren aldizkari zientifikoak eta erudituak aztertu ditu. Revistes científiques i erudites de Catalunya txostenaren egilea da eta Kataluniako esperientzia azaltzera dator, jakintza hori gurera nola ekar dezakegun hausnartzeko.
Zein da jardunaldiaren helburua?
Ingumak azken 25 urteetan egindako lanaren errepasoa egingo da, euskal komunitateari egiten dion ekarpena plazaratuz. Euskaraz argitaratzea akademiarako baliagarria dela, prestigioa duela aldarrikatzeaz gain, horretarako dauden espazioak ikusarazi nahi dira. Bestalde, garrantzizkoa iruditzen zaigu euskaraz argitaratzea esfortzu bikoitza izan beharrean, ezagutza hedatzeko eta dibulgatzeko bide osagarri bezala aurkeztea, euskara(z) kontsumitzen duten publiko eta esparruen beharrei erantzunez.
Aurrera begira zer?
Batetik, Inguma nolakoa izatea nahi dugun gogoeta egiteko momentua da, euskal komunitate zientifikoaren isla izan dadin eta euskal produkzio zientifiko-teknikoa ahalik eta modu osoenean eta zehatzenean jaso ahal izateko. Bestetik, euskarazko produkzio zientifikoa ebaluazio-prozesuetan kontuan hartzeko bideak hausnartu eta bultzatzeko garaia ere bada, euskal komunitate zientifikoak euskaraz argitaratzeko pizgarriak izan ditzan.
Zerbait nabarmentzeko?
Aurrera begira eman beharreko pausoak erabakitzeko foroa izatea da helburu, proaktiboak izan eta identifikatutako arazo guztientzat erantzunik ez izan arren, mezu positiboa zabaltzea.