Olatz Egiguren Enbeita: «Testuinguru garaikidean euskal nazioarekiko atxikimendu emozionala eta abertzaletasuna birsortzea eta sendotzea funtsezkoa izango da»

2026ko ekainaren 26a

Olatz Egiguren Enbeitaren argazkia

«Zergatik eta zertarako abertzale?» jardunaldia antolatu dute Iratzar Fundazioak eta UEUk elkarlanean Udako Ikastaroen barruan. Gaur da hitzordua, Iruñean, Katakraken, eta Iratzarreko kide Olatz Egiguren Enbeitarekin (Bilbo,1968) izan gara haren inguruan hitz egiteko.

Zer da abertzale izatea?

Hain zuzen ere, horixe da ikastaro honetarako proposatu dugun galdera. Abertzale zergatik, motibazioez galdetuz, eta harago joanda ere, abertzale zertarako?

Abertzaletasunaren inguruko hausnarketa kontziente baten beharra ikusi dugu, besteak beste, ez gaitzan inertziak definitu; izan ere, mundua, Euskal Herria eta garaia aldatzearekin batera, abertzale sentitzeko erak, eta horrekin batera, abertzaletasunaren helburu diren Euskal Herriaren askapen- eta eraikuntza-borrokara atxikitzeko erak ere eraldatuz doazelako, besteak beste...

Nola aldatu da abertzaletasuna azken aldian? Zerk eraginda?

Abertzaletasuna testuinguruaren eta garaiaren arabera modu batean edo bestean gorpuztu izan da. XIX. mendearen bukaeran, Sabin Aranaren erreferentziarekin, euskal nazio-sentimenduak sustatu zuen abertzaletasuna, eta, XX. mendearen erdialdean, Nazio Askapen Mugimenduaren proiektuari atxikitako abertzaletasuna ezberdinak dira, bakoitza bere garaiko errealitateari eta horri erantzuteko hautatutako moduari atxikiak. Bata zein bestea, Euskal Herriak bere buruaz kontzientzia hartu, eta bere biziraupenaren zein askatasunaren aldeko konpromisoa egun arte erreproduzitzeko ezinbestekoak izan dira. Zapalkuntzari aurre egitearekin batera, galbidean zeuden gure hizkuntza eta kultura biziberritzeko ezinbestekoak.

Abertzaletasunaren definizio eta praktikak, beraz, azken hamarkadetan nazioaren ikuspegi jakin bati, hizkuntzari, balio eta iruditeria jakin bati lotuak egon dira. Egun baina, garai edo aro berri batean sartuta, mundua eta Euskal Herria asko eta azkar aldatu dira. Erronka berriak dauzkagu aurrez aurre, eta horrek guztiak abertzaletasunari ere eragiten dio. Hori da aztertu nahi duguna, aldaketak zeintzuk eta ze dimentsiotakoak diren, eta horrek zein galdera berri sortzen dizkion abertzaletasunari gaur.

Zer ezaugarri izan beharko lituzke XXI. mendeko abertzaletasunak?

Testuinguru garaikidean euskal nazioarekiko atxikimendu emozionala eta abertzaletasuna birsortzea eta sendotzea funtsezkoa izango da, Euskal Herri burujabe eta askea erdietsiko bada. Kontua da nondik egin hori, abertzaletasunaren berrezaugarritze hori nondik pentsatu eta eraiki.

Ikastaroan mundua eta Euskal Herria nola aldatu diren, aldaketa horietan gakoak zeintzuk diren aztertu ondoren, parean dauzkagun erronkak eta galdera berriak zeintzuk diren identifikatzen saiatuko gara parte hartuko dugun guztion artean. Abertzaletasunaren birformulazioak zeri erreparatu behar dion hausnartuko dugu. Oraingoan prestatu ditugun mahai-inguruetatik oinarria eta galdera posibleak iradokiko dira eta ez erantzunak. Gonbidatu ditugun hizlariek puntua jarriko digute eta modu parte-hartzailean saiatuko gara bertsoa osatzen. Azken finean gaurko ikastaro hau gogoeta-bide baten lehen pausalekua izatea nahi genuke.

Nori dago zuzenduta?

Abertzale orori, borroka emantzipatzaile ezberdinetan konprometituta dauden euskal herritarrei, Euskal Herriarentzako eraldaketa integrala bilatzen dutenei, galderak eta erantzun batzuk ere badituztenei.

Jakintza-arloak