Oihane Vicente Aguirrezabal: "Arrazoiari garrantzi gehiago ematen zaion mundu honetan, gorputza entzuten ikastea beharrezkoa da"
2026ko martxoaren 10a

"Emakumeak mugimenduan: gorputz kolektiboaren jabetze feminista" ikastaroa emango du Oihane Vicente Aguirrezabalek (Zumarraga, 1988) Eibarren martxoaren 21ean. Gizarte-langilea (EHU) eta dantza-mugimenduko terapeuta (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) da eta ikastaroaz hitz egiteko izan gara harekin.
Zer da Emakumeak Mugimenduan?
Jabetze feministarako, dantza eta mugimendu askearen bidezko autoezagutza- eta sormen-espazio bat da.
Zergatik da garrantzitsua emakumeak mugimenduan jartzea?
Mugimenduak gorputzarekin konektatzen laguntzen digu. Arrazoiari garrantzi gehiago ematen zaion mundu honetan, gorputza entzuten ikastea beharrezkoa da teoriatik ekintzetara pasatzeko, egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzez jabetzeko. Gure bizipen guztiak gorputzean islatzen dira, jasaten ditugun diskriminazio-egoera eta indarkeria mota guztiek gure nerbio-sisteman, arnasketan, garunean, gorpuzkeran, espazioa erabiltzeko eta mugitzeko moduan eragina dute eta horri arreta jartzea eraldatzailea dela uste dut.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Epairik gabeko espazio seguruak sortzea; min egiten diguten zauriak elkarrekin goxatzea; gure gorputzarekin plazeretik harremanetan jartzea, exijentziarik gabe eta elkarren babesa bilatzea, sistema honetan bakarrik ez gaudela sentitzea.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Batetik, emakumeek espazio libre bat izatea: gorputza sentitzeko, emozioak adierazteko eta plazererako. Bestetik, emakumeen aurkako indarkeria eguneroko gai bihurtu den honetan gure artean saretzeko errespetuzko espazio seguru bat izatea. Horrekin batera, emakume bakoitzak bere dantza eta mugimendu propioak, hau da, bere izateko era, modu askean eta taldean elkarbanatzea. Eta azkenik, ikustea anitzak garela, identitatea zerbait dinamikoa dela eta hori dela aberats egiten gaituena.
Nori dago zuzenduta?
Norbere buru eta gorputzarekin introspekziorako eta taldean elkarbanatzeko momentu bat hartu nahi duten emakumeei.
Nabarmentzeko zerbait?
Ez dela aurretiazko esperientziarik behar, eta praktika somatikoak, hitza, margoa eta musika ere lagungarri izango direla saioan zehar.