Nor gara
Historia
Lantaldea
Kontaktua
2025eko irailaren 22a
"Emakumeak mugimenduan: gorputz kolektiboaren jabetze feminista" ikastaroa emango du Oihane Vicente Aguirrezabalek (Zumarraga, 1988ko) Eibarren urriaren 25ean. Gizarte-langilea eta dantza-mugimenduko terapeuta da Vicente eta ikastaroaz hitz egiteko izan gara harekin.
Zer da Emakumeak Mugimenduan?
Jabetze feministarako espazio bat da, dantza eta mugimenduaren bidezkoa. Emakumeon arteko errespetuzko espazio aske bat.
Gorputzaren kontzientzia jarriko duzu erdigunean. Ahaztu egiten dugu batzuetan?
Bai. Ahazten zaigu gorputza eta burua gauza bera direla, gure bizi-esperientzia guztiak, buruarekin “prozesatzen” ditugun bezala, gorputzetik ere igarotzen dira eta aztarnak uzten dizkigute. Beraz, gorputzean arreta jartzea ezinbestekoa da gure jabetze feministaren prozesurako.
Zein izango da dinamika?
Hasteko, gorputzean arreta jarri eta hau esnatzeko ariketa batzuk egingo ditugu. Ondoren, bakoitzak bere gorputzetik, gorputz kolektibora igarotzeko zubiak eraikiko ditugu mugimendu-dinamika ezberdinen bitartez, betiere, saioan bertan dauden pertsonen beharrak eta erritmoak errespetatuz. Amaitzeko, tarte bat hartuko dugu bakoitzaren bizipenen inguruan hausnartzeko eta ikusteko nola proposamen berdin bat pertsona bakoitzak modu ezberdin batera bizitzen duen. Kolektibotasuna norbanako askoz osaturiko gorputz bat baita.
Nori dago zuzenduta?
Dantza eta mugimenduaren bidez, gorputza sentitu nahi duten emakumeei dago zuzendua. Beren gorputzekin harreman osasuntsu bat eraiki nahi duten emakumeei. Zaintza- eta plazer-espazio bat bilatzen dutenei.
Nabarmentzeko zerbait?
Ez da aurretiazko esperientziarik behar, ez feminismoan, ez dantzan, ezta mugimenduan ere. Emakume guztiak dira ongi etorriak. Epairik gabeko espazio bat eraikitzea da asmoa.