Oihane Biain Matxiñena: «Ukaezina da jeinutasunaren adierak duen izaera matxista eta lehiakorra»
2026ko azaroaren 4a

«Jeinutasuna kolokan: Mito Picassiarra» ikerketa aurkeztu zuen IkerGazte kogresuan Oihane Biain Matxiñenak (Gasteiz, 1998). Jeinutasunaren inguruan sakontzen jarraitzen du tesian, autoretzaren ideiarekin lotuta. Harekin izan gara bere ikerketaz hitz egiteko. Artearen Historian graduatua da Biain; Arte Garaikideko Kontserbazioa eta Erakusmoldeak Masterra (EHU) eta Irakaskuntza Masterra (UEU) ere baditu, eta egun tesia egiten dabil EHUko Ikasketa Feminista eta Generokoak programan, Artearen Historiaren esparruan.
Artearen historia ikasi zenuen eta ikerketaren munduan murgildu gero. Zergatik Artearen Historia? Zergatik ikerketa?
Istorio erromantiko bat kontatzea gustatuko litzaidake, baina graduaren aukeraketa azken unean hartutako erabaki inpultsibo horietako bat izan zen, egia esan; Artearen Historia nire lehen hiru aukeren artean zegoen, baina matrikula egin aurreko azken egunera arte ez nuen erabakia hartuta. Nire gurasoek txikitatik erakutsi eta balioan ipini didate artea eta historia, nahiz eta beraiek beste esparru guztiz desberdinetan lan egin; egiten genituen udako bidaietan eta egunerokotasunean beti zegoen leku bat artearentzat eta historiarentzat.
Bestalde, kostatu zitzaidan ikerketaren aurrerapausoa ematea. Graduko azken ikasturtean nahiko galdua nenbilen etorkizuneko noranzkoarekin, esparru desberdin asko gustatzen zitzaizkidan, baina Gradu Amaierako Lanak bidea argitu zidala esan nezake. Izugarri disfrutatu nuen GrALaren prozesua pandemian egin nuenean, baita arte garaikidean murgiltzea ere, eta nire tutorearen laguntzarekin CYXAC masterrera sartzea erabaki nuen; bera izan zen doktoretzan sartzeko behar nuen bultzada eman zidan irakaslea, master horretako amaierako lana amaitu nuen unean bertan proposatu zidan, eta oso eskertua egongo naiz beti eskainitako konfiantzagatik (bera izan zen lan horretako tutorea ere eta orain tesiko ko-zuzendarietako bat da). Nahiz eta bidea gogorra izan, irakaskuntzarekin batera uztartzen dudalako, asko disfrutatzen dut; beste Oihane hipotetiko batzuetan pentsatuz gero, argi daukat beste edozein gradu edo bide hartuta ere hona iritsiko nintzatekeela.
Picasso duzu begi-puntuan ikerketa honetan. Zergatik Picasso?
Gradua hasi zenetik eta honek aurrera egin ahala ohiko liburuetan eta askotan ikasgeletan aipatzen ez diren emakume artisten (eta orokorrean, kanon hegemonikotik —genero, jatorri eta klase— kanpo dauden agenteen) gaineko interesak aurrera egin zuen eta Dora Maar argazkilariaren inguruan irakurtzean, Picassorekin izandako harremanaz jakin nuen eta haritik tiraka, Picassoren errealitatean murgiltzen joan nintzen. Era berean, beste artista «mitiko» batzuekin ere, hala nola Gauguin edo Rodin, berdina egin nuen, mitoa alde batera utzi eta errealitatea ezagutu. Geroztik, ikasgelan zein nire inguruan horrelako artista ikonoekin kritikoa eta kritika horrekin astuna izatera mugatu nintzen, eta oraindik gaur egun mantentzen dudan gai nahiko errepikakorra da: artista-mitoei kritika, ez direla artista eta obrak banandu behar, eta abar. Nire inguruan dauden pertsonek oso barneratua duten diskurtsoa izatea lortu dudala esango nuke…
Kudeaketa-arazo batzuk tarteka, Master Amaierako Lanaren gaia aldatu behar izan nuen, eta bilaketa horretan murgilduta nenbilela, «Picasso urtea» (2023an ospatu zen artistaren heriotzaren 50 urte ospatzeko, Frantziako eta Espainiako estatuekin elkarlanean) deiturikoaren lehen prentsaurrekoa agertu zitzaidan bat-batean albisteetan; momentu hartan artista malagarraren jarrera oldarkor eta matxistaren inguruan, besteak beste, entzundako eta irakurritako adierazpenek izugarri haserretu ninduten, eta nire tutorearekin hizketan, gaiak hortik joan behar zuela erabaki genuen. Gainera, jende askok nolabaiteko harreman berezia sentitzen du Picasso eta Euskal Herriaren artea, eta horrek are zentzuzkoagoa bihurtzen zuen.
Iruditeria kolektiboan jeinutzat hartu da Picasso. Zerk bihurtu du Picasso jeinu?
Tira, arrazoirik garrantzitsuenetako bat—ekialdeko— artearen historiaren norabidea aldatu zuen kubismoaren sorreran edo bestelako mugimenduen sorreran izan zuen parte-hartzea dela esango nuke, baina jeinuaren atributu guztiak betetzen dituela esan dezakegu, edo gutxienez, atributu horiek esleitu izan zaizkiola historian zehar eta gaur egunera arte: originala izan zen—orain aipatutakoetan izandako paperagatik—, jaiotzetiko talentu edo magia hori omen zeukan, bizitzan zehar musa desberdinak eduki zituen, izaera suharra ere atxikitu zaio… eta artista kanoniko gehienek bezala, genero-klase-jatorriarekin zerikusia duen patroi sozioekonomiko eta kultural bat betetzen du. Adibidez, aitak eragin zuzena izan zuen Picasso umearen interes eta etorkizunean, irakaslea eta margolari afizionatua baitzen, eta txikitatik jaso zituen margolaritzako klaseak, adibidez; 1980an datatzen da bere lehen pinturatzat jotzen dena (Pikadore horia). Ez dakigu Picassorik izango genukeen Jose Ruiz-ek seme bat eduki beharrean alaba izan balu, baina ziurrenik ez.
Bestalde, lehenago aipatu bezala, amankomuneko beste ezaugarri bat izan da musak «edukitzea», eta Picassoren kasuan, bere emazte, seme-alaben ama eta amoranteak izan ziren; kasu gehienetan, bera baino askoz gazteagoak eta botere-dinamiketan oinarritutako harremanak zirelarik. Jeinuaren ikuspegi hori indartzeko balio izan dute emakume horiek pairatu behar izan zituzten egoera bortitz eta oldarkorrek, eta aldi berean, jeinutasun horren bitartez justifikatu egin dira: maskulinitate suharra, artista ulergaitz, bakarti edota frustratuaren paperaren bitartez.
Jeinutasun kontzeptuak baina badakartza bestelako problematikak... Zer da lehen planora ekarri nahi izan duzuna?
Alde batetik, ikusle bezala Picasso edo horrelako «jeinuei» edo artista-mitoei begira egotearren galtzen ditugun gauza guztiak. Zer esanik ez instituzio akademiko zein kulturalek ere hala egiten badute; azken finean, beraiek dute artea eta artearen historia—eta honen ideiak— gizarteratzeko ardura eta erremintarik baliagarri eta eraginkorrenetariko bat.
Galderan esan bezala, horrelako artisten goratzeak problematika asko dakartza inplizituki, adibidez, ukaezina da jeinutasunaren adierak duen izaera matxista eta lehiakorra. Alde batetik, hitzak berak etimologikoki dituen zentzu misoginoengatik: erdaraz genia onartua ez egotea, old master jeinu izatea baina old mistress hitzak kutsu sexuala edukitzea, edo euskaraz, adibidez, «emakume artista» bezalako perpausak erabiltzera inplizituki bultzatu gaituen oinordekotza kulturala. Gainera, musen kontzeptuarekin duen loturaz ere hitz egin beharko genuke, emakumeak begiratzeko objektu bezala proiektatzean oinarritzen den kontzeptua delarik.
Beste alde batetik, irakurketa hauek artisten arteko lehiakortasuna sustatzen dute, baita testuinguru horietatik kanpo dauden artisten alboratzea ere. Jeinuaren izaera bakartia edo originaltasuna bezalako faktoreek artean, historian, eta gizarte baten egunerokotasunean hain garrantzitsuak diren elkarlana, komunitatea, eraginak, eta abar ukatzen dituzte, artista/instituzioen norgehiagoka goratuz: zein artistak egin zuen zerbait lehenengoz, nork eduki zituen salmenta gehiago… eta hau instituzioetaraino iristen da; albora, erakunde politiko eta kulturalek diru eta baliabideak—publikoak askotan—bideratzen dituzte makro artista hauen maisulanak lortzera edo atzera begirakoak antolatzera, besteak beste, beste edozein artista arbuiatzen duten bitartean.
Artista konkretu horiek (izan Picasso, Gauguin, Rodin…) historiografia tradizionala idatzi dutenek aukeratuak izan dira eta haien testuingurutik ateratzen dira, jeinutasuna haien bizitzan zehar hartutako erabaki guztien baliagarritasuna babesteko aitzakia bihurtzen delarik. Jeinutasun horren aitzakiapean artista-mito hauen joera eta jarrerak legitimatzen eta justifikatzen jarraituz gero, erreproduzitzeko eta inpunitate osoarekin defendatzeko arriskua zabaltzen dugu.
Nor zen Picasso? Zer da ikerketak orain arte erakutsi duena?
Artearen historiaren artista famatu eta ikonikoetako bat dela esango nuke, eta gehien ikertu den artistetako bat, horrek dakartzan ondorio txar eta on guztiekin. Ez da beharrezkoa Picassoren inguruko irakurketa hegemonikoa erreproduzitzea, baina genero-ikuspegitik eta ikerketa dekolonialetatik, batik bat, egindako berrirakurketez aritzea garrantzitsua da, artista mitifikatu honen faltsukeria utzi baitute agerian.
Ikerketa feministek Picassoren bizitzan egon ziren emakume guztien erabakigarritasuna aldarrikatu dute, eta horiek artistaren eskutik pairatu zituzten indarkeria mota desberdinak mahaigaineratu ere (psikologikoa, fisikoa edo ekonomikoa, adibidez); aldi berean eta lehen esan bezala, izaera horren azaleratzeak jeinu-papera indartzeko ere balio izan dute, bakartia, frustratua edo maskulinitatearekin justifikatuz. Beste alde batetik, genero-irakurketek artista-mitoaren berariazko beste ezaugarri batzuk kritikatu dituzte: izaera bakartia eta talentua, besteak beste; emakume horiek guztiek ahalbidetu zuten beraren produkzio artistiko oparoa hein handi batean, baita mitoa bihurtu izana ere: mila erretratu baino gehiagoren protagonistak izan ziren, estilo eta tipologia berrien esperimentazioa eragin zuten, egunerokotasuneko zaintzak egin zituzten, tailerra prestatzen zuten, eta beraren produkzioaren zaindari, bildumazale eta zabaltzaileak izan ziren.
Aipatzekoa ere bada gaizki izendatutako «arte beltzak»(*) Picassoren ibilbidean eta kubismoaren sarreran izan zuen eragin ukaezina—berriro ere talentu, originaltasun eta izaera bakarti horri lotuta—, artistak Europatik kanpoko artearekin zuen harremanaren aztarna eta froga historikoak baitaude; berak behin baino gehiagotan ukatu zuen hau, eta oraindik ere dirauen irakurketa hegemonikoak hala jarraitzen du, finean, jeinuek ez dute kanpoko inspirazio edo influentziaren beharrik. Horretaz gain, gustatuko litzaidake alderdi honek eragiten duen irakurketa arrazista aipatzea: aldebatetik, «arte beltza» izendapenetik harago, Picassok berarentzat onuragarriak eta erabilgarriak ziren alderdi estilistiko eta formalak erauzi zituelako, esanahia eta identitatea kenduz eta inolako loturarik egon ez zela babestuz. Eta bestalde, influentzia hori ukatzen duten teoriei eusteak ere kutsu arrazista du propio, azken finean, Picasso, Europako jeinu nagusietakoa kontsideratzen den heinean –horrek dakarren maskulinitate eta pribilegio zuriarekin—, artearen historiako artelan garrantzitsuenetako bat egiteko eta etorkizunaren noranzkoa baldintzatuko zuen hori sortzeko, askorentzat primitibo eta azpi-garatua zen zibilizazioetan oinarritu zelako.
«Arte beltza» deiturikoa XIX. mendean Europako zenbait estatuk garatutako politika inperialisten ondorioa izan zen: Europarrentzat, kolonizatutako lurraldeak hirugarren mailako zibilizazioak ziren (basatiak edo exotikoak, kasu), eta haiengaineko interesek, espoliazio handiekin batera, museo etnografikoen sorrera eta handitzea bermatu zuten, maskara, eskultura, pintura, taula edota bestelako objektuekin bete zirelarik. Europarrentzat ikono, fetitxe edo garaikurrak ziren, eta ez ziren arte-museo propio baten barruan egoteko baliozkoak (ez zeuden artearekin lotuta, antropologiarekin baizik); objektu haiek abangoardiako artista, bildumazale eta bestelako salerosleengan piztutako interesak arte-kategoriara hurbildu zituen, «arte beltza» edo «arte primitiboa» kontzeptuak sorraraziz.
Zein da zure ikerketako hurrengo urratsa?
Tesiarekin ideia hauek Euskal Herriko testuingurura ekarri nahi izan ditut hein handi batean. Jeinutasunaren inguruan sakontzen jarraitzen dut, autoretzaren ideiarekin lotuta: nola kategorizatzen den jeinua tokian tokiko testuinguruetan eta diziplina desberdinetan—argi dago kontzeptu aldakorra dela—, nola pairatzen duten sortzaile desberdinek horrelako artisten presentzia haien ekoizpen-prozesu eta ibilbide pertsonal zein artistikoetan, zein beste autoretza mota aurkitu ditzakegun… eta hau guztia gure historiarekin harilkatu nahi dut, gure jeinua edo artista-arketipoa zein den eta nolakoa den ezagutzeko; ea ze ezaugarri partekatzen dituen, zeintzuk alboratu, zeintzuk gehitzen dizkion bere testuinguru propioak, eta abar. Horretarako, Picasso alde batera utzi eta Chillida eta Oteiza ipiniko dira erdigunean—baita garaikide izandakoak ere—, euskal artistaren jeinuaren arketipoa gorpuztu baitute biek; gainera, historiak modu desberdinetan jaso ditu biak, mugimendu sozialetik hurbil batzuetan, eta kontu filosofiko eta unibertsalei lotuta, besteetan. Gainera, Euskal Herriak maskulinitatearekin duen harremanean sakontzeko irrikan nago: Picasso espainiar zezen-plazetan identifikatzen zen bitartean, gizon maskulino euskalduna nazionalismoarekin lotu izan da historikoki—azken finean nazioak proiektu maskulinizatuak direla esan dezakegu—.
Zer da ikerketarekin lortu nahi duzuna?
Helburu zehatzetan ez sartzearren, nire ikerketa-prozesuaren azken helburu nagusia da proposatzea Euskal Herriarentzat baliagarriak izango diren erakusketak planteatzeko irizpide edo printzipio feminista moldagarriak; azken finean, historia sortzeko orduan edota esparru kulturalari dagokionez ere, adibidez, beti gabiltza kanpora begira, izan Espainiako Estatura, gertutasunagatik, izan eredu anglosaxoiei… Hala ere, tarteka Euskal Herriko artearen historiografiari —batez ere garaikideari— ekarpenak egitea da beste helburu handienetako bat.
Ikertzen den hori dibulgatzea garrantzitsua dela uste duzu?
Ikertzen den oro dibulgatzea da garrantzitsua, ez bakarrik esfera zientifiko, akademiko eta espezializatuetan, baizik eta hedabide, egunerokotasun eta ikasgeletara hurbiltzea ere. Gainera, artearen eta kulturaren esparruan bereziki garrantzitsua ikusten dut gizarteratze hori: mundu guztiak ez dauka —edo ez du uste daukanik— biokimikaren inguruko iritzi bat, adibidez, baina kontrara, aldiz, oso zabaldua dago artearen eta kulturaren inguruan hitz egin behar eta gai izatearen ideia eta ausardia… Badirudi gaur egun edozein bihurtu daitekeela artean eta kulturan aditu, edo hala uste delako sentsazioa ematen dit. Horrek dibulgazioa zirrikitu guztietara eramatearen beharra uzten du agerian; gainera, badaude horren ondorioz sortutako eta irauli beharreko mito eta baieztapen ugari.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Oraintxe bertan daukadan erronkarik handiena irakaskuntzan lan egitea eta ikerketa tartekatzea dela esango nuke, eta bien bitartean, bakoitzak eman diezazkidakeen gauzatxoez gozatzea. Batak ematen didana bestean aplikatzen saiatzen naiz, nahiz eta askotan ibilbidea zaila izan. Hala ere, aurrean topa ditzakegun irakurketa hegemoniko eta joera atzerakoi horien kontra egitea da nire erronkarik egunerokoena, testuingurua edozein izanda ere.