Oihan Diaz Franco: "Sobietar Batasunean urbanizazio-prozesua oso bizkorra izan zen, eta, beraz, hiriak izugarri hazi ziren garai hartan"
2025eko abenduaren 18a

"Etxebizitza-sektorearen bilakaera Sobietar Batasuneko hirietan: kommunalkatik bloke prefabrikatuetara" ikerlana argitaratu du Uztaro aldizkarian Oihan Diaz Francok (Baiona, 2002). Historian graduatua da (EHU), Historia Garaikideko masterra (EHU) amaitzear dago eta Irakasleen Prestakuntzarako Irakaskuntza Masterra egiten ari da GOI ikastegian. Gradu-amaierako lanean oinarritutako lanaren nondik norakoez hitz egiteko izan gara berarekin.
Sobietar Batasunaren historian etxebizitzek izandako bilakaera aztertu duzu. Nola sortu da aukera?
Duela bi ikasturte, Historiako Graduko azken mailan nengoenean, Iban Zalduak bloke sozialistari buruzko GrALa egiteko aukera eskaini zigun. Nik, gai horretan interesa nuenez, lana berarekin egitea erabaki nuen, eta bion artean zehaztu genuen etxebizitza lantzea interesgarria izan zitekeela. Behin lana amaituta, Ibanek berak proposatu zidan artikulu bihurtu eta Uztarora bidaltzea, eta hala egin nuen.
Hirietako bilakaeran zentratu zara. Zein izan da azterketarako hartu duzun lagina?
Hirietako etxebizitzaren bilakaeran zentratzea erabaki nuen bestela gaia zabalegia izango zelakoan. Sobietar Batasunean urbanizazio-prozesua oso bizkorra izan zen, eta, beraz, hiriak izugarri hazi ziren garai hartan. Hori kontuan hartuta, hirietako etxebizitza aztertzea landa-mundua aztertzea baino interesgarriagoa zela iruditu zitzaidan. Lana bigarren mailako iturriekin osatu dut, historialarien lanak eta estatistikak erabiliz batez ere, eta, beraz, esango nuke lana lagin baten ikerketa baino areago, dagoeneko egindako ikerketekin osatutako puzzle bat dela, Sobietar Batasuneko hirietako etxebizitza modu orokorrean aztertzen duena.
Herrialdearen historia ekonomikoa aztertu eta bi epealditan banatu duzu azterlana. Zergatik?
Etxebizitza-sektoreari dagokionez, 1950eko hamarkadan aldaketa handia egon zen SESBen. Ordura arte, etxebizitza partekatuak ziren nagusi. Khrustxov boterera heldu zenetik herrialdearen desegitera arte, aldiz, familia bakarrarentzako diseinatutako etxebizitza prefabrikatuak nagusitu ziren.
Etxebizitza partekatuen garaitik hasi zara. Zer berezitasun zituzten garai hartako eraikuntzek?
1917ko iraultzaren ostean, hirien kanpoalde industrialetan bizi ziren langile asko hiri-zentrora joan ziren bizitzera. Hori gauzatzeko, etxebizitza burgesetako logela bakoitzean familia bat instalatu zen. Hala ere, herrialdearen industrializazio bizkorraren ondorioz, hiritartze-prozesua ere izugarri azkarra izan zen, eta, beraz, gero eta langile gehiagok behar zuten etxebizitza hirietan.
Horregatik, herrialdearen lehen hamarkadetan eraikitako etxebizitzak ere helburu berarekin eraiki ziren, gela bakoitzean familia bat bizitzeko helburuarekin, alegia. Komuna, sukaldea eta korridorea bertan bizi ziren familia eta norbanako guztien artean partekatzen zituzten. Etxebizitza eskasiaz gain, ziurrenik, faktore ideologikoa ere garrantzitsua izan zen eredu hau nagusitzeko; izan ere, 1920ko hamarkadan hainbat arkitektok diseinatutako etxebizitza sozialista utopikoetan ere, espazio partekatuak zeuden.
Noiz eman zen eredu berri baterako saltoa? Nola nabaritu zen etxeen sektorean?
Stalin hil zenean, 1953an, etxebizitza zen herrialdean zegoen arazo nagusietakoa. Horregatik, idazkari nagusia bihurtu zenean Krhustxovek ezarri zuen helburuetako bat arazo hori konpontzea izan zen. 1961ean argitaratutako Alderdi Komunistaren programaren arabera, 1980rako familia bakoitzak etxe propioa izango zuen.
Helburu hori lortzeko etxebizitza-sektorea guztiz aldatu zen. Aldaketa nagusia eraikitze-metodoa izan zen eta prefabrikatutako hormigoizko hormez egindako eraikinak bihurtu ziren ohikoenak. Eraikin horiek merkeagoak ziren eta denbora gutxian eraikitzen ziren. Urtean, batez beste, 2.000.000 etxebizitzatik gora eraiki ziren hurrengo bi hamarkadetan. Buruan izan ohi ditugun SESBeko eraikin monotono eta errepikakorrak garai hartako etxebizitza-blokeak dira, nahiz eta berez dekorazio artistikoa ere bazuten kasu batzuetan.
Etxebizitzen esleipen modua ere jaso nahi izan duzu ikerketan. Nola egiten zuten?
Lanean gutxien sakondu dudan zatia izan da esleipenena, baina garrantzitsua iruditzen zitzaidan hori ere aipatzea. Etxeen esleipena hainbat zerrendaren bidez egiten zen (zerrenda orokorraz gain, gerra- edo lan-heroien zerrenda, pentsionistena, ez-gaitasunak zituzten pertsonena...). Askotan, etxea lortzeko hainbat urtez itxaron behar izaten zuen jendeak. Behin etxebizitza bat lortutakoan, posible zen beste familia edo norbanako batekin etxebizitza aldatzea, eta, beraz, ez zen derrigorra berriz zerrendetan sartzea.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Zalantzarik gabe, Uztaro bezalako aldizkariak oso garrantzitsuak dira. Izan ere, horrelako plataformek gure hizkuntzan lan akademikoak publikatzeko aukera eskaintzen digute. Euskarak beste hizkuntzen pare egoteko ikerketa-arloan ere presente egon behar du, eta Uztarok hori ahalbidetzen du.