Naiara Perez Miguel: «LaTeX lengoaia izugarri potentea da, eta horregatik da erreferente nagusia mundu zientifikoan»

2026ko maiatzaren 4a

Naiara Perez Miguelen argazkia

«Artikuluak, tesia eta bestelako dokumentu zientifikoak sortu LaTeXekin» ikastaroa emango du online Naiara Perez Miguelek (Getxo, 1990) ekainaren 4an hasita. Hizkuntzalaritzako ikasketak ditu eta doktoregoa Hizkuntzalaritza Konputazionalaren arloan egin zuen. Vicomtech ikerketa-zentroan egin zuen lan ikertzaile gisa 2023ra arte eta gaur egun, doktoretza ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntza Teknologietako Zentroan (HiTZ). Bertan, hizkuntza-eredu handien ikerketan egiten du lan, adibidez, Latxaren garapenean. UEUren GOI Ikastegiak antolatu du ikastaroa eta prezio berezia izango dute doktoretza egiten ari diren ikasleek. Izen-ematea irekita dago.

Zer da LaTeX?

LaTeXek kalitate profesionaleko dokumentuak sortzeko balio du, bereziki arlo tekniko eta zientifikoan erabiltzen dena. Gaur egun oso hedatua dago mundu akademikoan. Word eta antzeko testu-prozesadore arruntak ez bezala, markaketa-lengoaia bat da, hau da, edukia eta itxura bereizten ditu: zu dokumentuaren egitura eta testua idazteaz arduratzen zara, eta programak automatikoki ematen dio diseinu tipografiko dotore eta koherentea. LaTeXen indargune nagusietako bat formula matematiko konplexuak modu argi eta elegantean irudikatzeko gaitasuna da. Dena den, gehigarri eta pakete ugariri esker, denetarik egiteko balio du: artikuluak, liburuak zein aurkezpenak. Gainera, software librea denez, doan erabil daiteke edozein ordenagailutan emaitza bikainak lortzeko.

Zergatik da egokia dokumentu tekniko eta zientifikoak kalitatez ekoizteko? Zer eskaintzen du?

LaTeX lengoaia izugarri potentea da, eta horregatik da erreferente nagusia mundu zientifikoan. Formula matematiko konplexuak idazteko aukera ematen du, sinbolo eta grafia guztiak modu txukunean antolatuz. Gainera, testuaz gain, denetariko grafikoak eta diagramak sistema beraren barruan sortzeko aukera ematen du, kanpoko tresnen mende egon gabe. Dokumentuaren kudeaketa ere beste maila batekoa da: bibliografia, aurkibideak eta erreferentzia gurutzatuak primeran lotzen ditu, adibidez. Ez duzu beldurrik izan behar irudi bat mugitzeagatik dena deskonfiguratuko den. Oinarrizko gauza gutxi batzuk ikasita, jada etekin handia atera dakioke, baina hortik aurrera nahi bezainbeste sakondu daiteke; oso tresna moldagarria da, eta pixka bat ikertuz gero, edozein itxuratako dokumentua diseina daiteke. Dokumentuaren alderdi guzti-guztiak pertsonalizatu daitezke norbere beharretara egokitzeko. Eta guretzat oso garrantzitsua dena: euskaraz lan egiteko ere guztiz prestaturik dagoen sistema da.

Euskaraz lan egitea ahalbidetzen duen tresna ere badela diozu.

Bai, hala da. LaTeXen berezko hizkuntza ingelesa bada ere, konfigurazioan aldaketa txiki batzuk eginda arazorik gabe erabil daiteke euskaraz. Babel bezalako paketeen bidez, programak hizkuntzaren arauak errespetatzen ditu: hitzak lerro-amaieran zuzen zatitzen ditu eta dokumentuko atal nagusien izenak (aurkibidea edo bibliografia, adibidez) automatikoki euskaraz jartzen ditu.

Zein izango da ikastaroaren dinamika?

Ikastaroak kreditu bat (1 ECTS) balio du: 10 ordu klasean emango ditugu eta beste 15 bat ordu lan pertsonalerako izango dira. Ikaskuntza oso praktikoa izango da. Izan ere, LaTeX eginez eta probatuz ikasten da hobekien. Saio bakoitzean oinarrizko kontzeptuak azaldu eta berehala jarriko ditugu martxan ariketa praktikoen bidez.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Helburu nagusia parte-hartzaileei LaTeXekiko beldurra kentzea da, tresnarekin eroso ibil daitezen. Jakin badakit hasieran beldurgarri samarra izan daitekeela, batez ere programazioan esperientziarik ez dutenentzat, baina aurreiritzi hori apurtuko dugu: ez da aditua izan behar emaitza bikainak lortzeko. Azken finean, ikasleek formatuaren xehetasunetan denborarik galdu ez dezaten lortuko dugu, edukian zentratu ahal izateko. Ikastaroa amaitzean, norbera bere kabuz kalitate handiko dokumentu profesionalak sortzeko gai izango da.

Nori dago zuzenduta?

Dokumentu akademikoak txukun prestatu behar dituen edonorentzat dago pentsatua: ikasleentzat, ikertzaileentzat zein irakasleentzat, besteak beste. Esan bezala, garrantzitsuena da ez dela aldez aurretik ezer jakin behar; hasieratik abiatuko gara eta bakoitzak bere erritmora ikasteko diseinatuta dago ikastaroa. Beraz, tresna hau menderatu nahi duen orok du lekua hemen.

Nabarmentzeko zerbait?

Garrantzitsua da azpimarratzea LaTeX ez dela testuak idazteko beste tresna bat soilik; dokumentuak sortzeko modua eraldatzen duen sistema bat baizik. Egia da hasieran ohiko testu-prozesadoreen falta nabaritu dezakegula, baina behin logikari tamaina hartuta, sormen-askatasun handia lortzen da: edozer diseinatu eta egituratu daiteke mugarik gabe. Ikastaro hau ate hori beldurrik gabe irekitzeko aukera da.

Jakintza-arloak