Nagore Zamarreño Bello: «Norberaren antsietate-mapa ezagutzea autorregulazio emozionalerako tresna eskuratzea da»

2026ko apirilaren 20a

Nagore Zamarreño Belloren lehen planoa

Ikasleen bidelagun izateko gaitasunak garatzea nahi du Nagore Zamarreño Bellok (Donostia, 1980) «Antsietateari aurre egiten: emozioen garapen osasuntsua sustatzea» ikastaroarekin. Hezkuntza eta Arnasketa Kontzienteko masterrak ditu eta elkarbizitza, hezkidetza eta ongizate emozionalaren esparruko aholkularia da egun. Gazteen buru-osasunarekin inplikatuta, Agifes elkartearekin eta «La Akademia» proiektuan ere elkarlanean dabil. UEUren ikasgela birtualetik emango du ikastaroa maiatzean hasita. Izen-ematea irekita dago.

Antsietatea, estresa... gero eta ohikoagoak dira gazteen artean. Zergatik?

Gazteek eta nerabeek gaur egun bizi dituzten arazo emozional zein sozialak ez dira kausa bakar baten ondorio, multifaktoriala baizik: norberaren egoera, presio akademikoa nahiz familiarra, teknologia eta sare sozialen gehiegizko erabilera, harreman ez-osasuntsuak eta ezegonkorrak… Honek guztiak emozio deserosoak sentiarazten dizkie, besteak beste, beldurra, haserrea, antsietatea. Arrazoi horrengatik saihesten dituzte. Beraz, arazo ez da sentitzen dutena, nola kudeatzen duten sentitzen dutena baizik. Honetan datza akatsa: antsietatea edo estresa sentitzen ditugunean, gure barneko zaindariaren mezua da, bizitzako momentu horretan zerbait ondo ez dagoela xuxurlatzen duen alarma. Hortaz, mezua positiboa da: gelditzeko gonbidapena egiten digu, kanpotik barrurako bidea has dezagun.

Emozioen garapen osasuntsua sustatzea beharrezkoa da horrelako egoerei aurre egiteko... Zeintzuk dira gakoak?

Alde batetik, oinarrizko emozioek (beldurra, haserrea, poza, tristura, nazka, sorpresa) gure eguneroko bizitzan duten funtzioa ezagutu beharko genuke: adibidez, haserrearen adierazpenak mugak jartzeko beharra islatzen du; lehenik geure buruari, ondoren, besteei. Horretarako ezinbestekoa da norbere burua ezagutzea, hau da, zer sentitzen eta non sentitzen duzun hori identifikatzea, baita noiz sentitzen duzun emozio hura ere. Hurrengo urratsa emozio hauek normaltasunez adieraztea litzateke. Bestetik, emozio hauek nola akonpainatu izango litzateke beste urrats bat, momentu zailetan lasaitzeko estrategiak izateko. Laburbilduz, emozioen kontzientzia hartu, onartu eta modu osasuntsuan kudeatzea da gakoa, tresnak bereganatuz. Horretarako premiazkoa da autoezagutza.

Bakoitzaren antsietate -mapa marraztuko duzue. Zein helbururekin?

Oro har, estrategiak falta zaizkigu antsietate- eta estres-egoerei aurre egiteko. Beraz, norberaren antsietate-mapa ezagutzea autorregulazio emozionalerako tresna eskuratzea da: errepikatzen diren elementuak identifikatzeko eta kontzientzia hartzeko baliabide izanik. Behin identifikatuta duzunean zer-nola funtzionatzen duzun ziurgabetasun- edota antsietate-egoeretan, horiei erantzuteko prest egongo zinateke. Beste modu batean esanda, antsietatea zuk kudeatuko duzu eta ez hark zu menderatu. Carl Jung-ek zioen bezala “ukatu egiten duzuna menderatzen zaitu; onartzen duzuna, berriz, eraldatzen zaitu”.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Antsietatearen sintomak, faktoreak eta zikloa ezagutzea, norberaren antsietate-seinale goiztiarrak identifikatu eta kudeatzeko, betiere norberaren gaitasun emozionalak garatzeko. Teoriatik haratago, tresna praktiko eta eraginkorrak ere gureganatzea, ikuspegi mentala gorputz-esperientzia fisikoarekin uztartzeko.

Nori dago zuzenduta?

Ikastaro hau norbere burua ezagutu eta sakondu nahi duen helduarentzat da, hazkunde pertsonalerako bidean konpromisoa hartuz. Era berean, hezkuntzako profesionalei zuzendua dago, beren praktika aberasteko eta ikasleen osasun emozionala bermatzeko estrategiak eskainiz. Esaterako, ikasleen bidelagun izateko gaitasunak garatzeko.

Nabarmentzeko zerbait?

Arnasketa-esperientzia kontziente bat egingo da, inflexio-puntu bat ekarriko duena antsietatearen kudeaketan, arnasten denak askeago egiten gaituelako. Animatzen zara hau guztia bizitzera? Ongi etorri ikastarora!

Jakintza-arloak