«Mooteu aukera ezin hobea da besteek Moodle nola erabiltzen duten ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko»
2026ko maiatzaren 22a

Mooteu Euskadi topaketaren edizio berri bat egingo da gaur Errenterian. Moodle-ren erabiltzaileentzat urteroko hitzordua bilakatu da Mooteu eta bertan izango da UEU beste behin ere. Jardunaldiko laguntzailea da UEU eta aurtengo topaketan «Etherpad esperientzia: aukerak eta mugak ikasleekin» hitzaldia aurkeztuko dute UEUko Pedagogia Taldeko bi kidek: Sua Lete Sanchezek (Mutriku, 2002) eta Ireide Arriolabengoa Igarzak (Elorrio, 1972). Haiekin izan gara.
Hasieratik egin du UEUk Moodle-ren alde.Zergatik?
UEUren apustua beti izan da software librea erabiltzea eta 2003an online irakaskuntzarako plataforma bat bilatzen hasi ginenean libreak zirenak gutxi ziren eta gainera euskarara itzultzeko aukera izan behar zuen. Bi ezaugarri horiekin Moodle eta Claroline aztertu ziren eta bietatik Moodle aukeratu zen. Alde teknikotik, kode irekikoa zen, UEUk menderatzen zuen teknologia zuen eta euskarara itzultzeko aukera ematen zuen. Eta alde pedagogikotik, konstruktibismo sozialaren eredu pedagogikoan oinarrituta zegoen eta UEUk bat egiten zuen ildo horrekin. Horrez gain erabilerraza da, segurtasuna bermatzeko aukera ematen du, ikastaroak emateko zein kudeatzeko baliabideak eskaintzen ditu eta modularra da. Gainera Moodle-k garatzaile zein hezkuntzako komunitate handia du atzetik eta horrek etengabe hobetzen joateko aukera eman du. 2004. urtearen bueltan Moodle euskarara itzultzeko euskarako Moodle sarea sortu zuten Abel Camachok eta Pedro Lonbidek eta horrela sortu zen lehenengo Moodle euskaraz. Gaur egun bizi-bizirik dirauen komunitatea da eta Euskadiko Moodle komunitateak urtero egiten duen Mooteu jardunaldia da horren adibide argia.
UEU erakunde erreferentziala da Moodle-ren erabileran.
UEUk duela urte asko, oraindik ezezaguna zenean egin zuen Moodle-ren aldeko hautua eta esan beharra dago garai hartan UEUn hautu hori egin zutenek (Alberto de Abajo, Emilio Delgado, Pedro Lonbide eta Abel Camacho) asmatu egin zutela.
Hori dela eta, UEU azkar hasi zen Moodle erabiltzen eta harrezkero arlo desberdinetan egin du Moodle-ren alde. Esaterako, Moodle-ren erabileraren zabalkundea sustatu du Moodle Euskadiko komunitatean aktiboki parte hartuz Moodle-ren euskarazko itzulpenean, urteroko Mooteu jardunaldietan parte hartuz, Moodle-ren erabilerari buruzko formazio-ikastaroak emanez... Gainera, ikasle eta irakasle ugari aritu dira Moodle-n UEUren onlineko prestakuntza-eskaintzetan, eta askorentzat lehenengo kontaktua izan da Moodle-rekin. UEU 2004an abiatu zen online irakaskuntzan 2-3 ikastarorekin eta ordutik hona, eskaintza etengabe hazi eta dibertsifikatu da, euskal profesionalen etengabeko prestakuntzan nahiz graduondoko eta unibertsitate-mailako ikasketetan. 2024/2025 ikasturtean batez beste 1.757 ikaslek eta 90 irakaslek partu hartu zuten.
Etherpad erremintaren inguruko hitzaldia emango duzue Mooteu-n. Zer da Etherpad? Zertarako erabiltzen duzue?
Etherpad testu-editore kolaboratiboa da eta lankidetzazko idazketarako bereziki diseinatua dago. Haren bidez, hainbat erabiltzailek dokumentu bera aldi berean edita dezakete, eta egindako aldaketak denbora errealean ikusteko aukera dute.
Goi-mailako eta iraupen luzeko onlineko ikasketetan, talde-lanak egiten ditugu eta Moodle-ren hainbat jarduera eta baliabide erabiltzen ditugu, besteak beste, foroa taldeka, zeregina taldeka, glosarioa eta wikia. Gehien erabiltzen dugun baliabidea wikia da, baina dituen muga batzuek erabilera-arazoak sortzen dituzte, eta horrez gain, ez da tresna oso intuitiboa, erabiltzeko trebetasun teknikoa behar da eta horrek haren erabilera egokia ere zaildu egiten du.
Hori dela eta, talde-lanetarako wikia ordezkatuko duen baliabidea bilatzen hasi ginen, kode irekikoa eta Moodle plataformarekin bateragarria izango zena, eta Eherpad Lite testu kolaboratiboak sortzeko tresna aukeratu genuen.
Zeintzuk dira eskaintzen dituen aukerak?
Tresna honek aukera eta abantaila ugari eskaintzen ditu, bereziki talde-lana eta lankidetza sustatzeko. Izan ere, hainbat erabiltzailek dokumentu bera aldi berean edita dezakete.
Erabiltzaile bakoitzaren ekarpenak kolore desberdinez identifikatzen dira, eta aldaketa guztiak bertsio-historial batean gordetzen dira. Horri esker, aurreko bertsioak berreskura daitezke eta irakasleak talde-lanaren bilakaera zein parte-hartzaile bakoitzaren ekarpena errazago kontrolatu eta ebalua dezake.
Tresnaren beste abantaila garrantzitsu bat erabilerraztasuna da. Interfaze intuitiboa du eta ez du ezagutza tekniko aurreraturik eskatzen. Horrez gain, pluginen bidez funtzionalitate berriak gehitzeko aukera ematen du, erabiltzaileen beharretara hobeto egokituz.
Amaitzeko, aipatu behar da Moodle ingurunearekin integratuta dagoela, euskaraz erabiltzeko aukera eskaintzen duela eta doakoa dela.
Eta zeintzuk mugak?
Mugarik handiena da Etherpad ez dagoela Moodle instantzian bertan. Abiatzeko, aparteko zerbitzu batean jarri behar da martxan eta ondoren Moodle-rekin lotu gehigarri baten bidez. Hori horrela, Etherpad zerbitzuan sortutako dokumentua Etherpad instantzian gordetzen da eta informazio hori ezin da Moodle-ko segurtasun-kopietan gorde edo sortutako edukia berrerabili. Moodle-z aparteko zerbitzu bat izatean, mantenu- eta eguneraketa-lan gehigarriak ekarriko dituela ere kontuan izan behar da.
Bestalde, oinarrian oso aukera sinpleak eskaintzen ditu testuak eratzeko eta maketatzeko orduan, aukera horiek handitzeko gehigarriak jarri behar zaizkio. Gehigarri batzuk ofizialak dira, baina beste batzuk komunitateak berak garatu ditu eta horrek bateragarritasun-arazoak ekar ditzake Etherpad-en bertsioa eguneratzerakoan.
Zelan baloratzen duzue Etherpad-en esperientzia ikasleekin eta irakasleekin?
Balorazioa positiboa izan da, talde-lanetan wikiarekin sortzen zitzaizkigun muga nagusiak gainditu ditugulako.
Wikian aldi berean editatu ezin izateak eta testua osatzean maketaziorako aukerak murriztuak izateak arazoak sortzen zizkien ikasleei, eta Etherpad-en, berriz, hainbat erabiltzailek dokumentu bera aldi berean edita dezakete, egindako aldaketak denbora errealean ikusteko aukera dute eta maketaziorako aukera gehiago dituzte.
Bestalde, talde-jardueretan ikasleen ikasketa-prozesua jarraitzeko aukera ematen du modu errazean. Ikasle bakoitzak zer egin duen eta noiz egin duen erraz ikus daiteke eta taldearen lan-dinamika nolakoa izan den. Wikiarekin alderatuta, talde-lanetarako wikia zurrunagoa eta erabilera zailagokoa dela baloratu dute irakasleek.
Eta bai ikasleek zein irakasleek, wikiarekin alderatuta, erabilera askoz intuitiboagoa dela azpimarratu dute.
Zer da topaketatik lortu nahi duzuena?
Mooteu topaketa Moodle-ren erabiltzaileen bilgunea da eta aukera ezin hobea da besteek Moodle nola erabiltzen duten ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko. Gure asmoa, beraz, talde-lanak bideratzeko izan ditugun zailtasunak azaltzea da eta zailtasun horiek gainditzeko Etherpad Lite tresna nola aplikatu dugun teknikoki zein pedagogikoki komunitatearekin partekatzea. Espero dugu gure esperientzia beste batzuentzat baliagarria izatea.