Mikel Etxeberria Okariz: "Naturazaleentzako erreferentziazko ekitaldia bihurtu da Natur Zientzien Topaketa"

2025eko urriaren 22a

Mikel Etxeberria Okariz: "Naturazaleentzako erreferentziazko ekitaldia bihurtu da Natur Zientzien Topaketa"

Natur Zientzien VI. Topaketa antolatu dute UEUren Natur Zientziak Sailak eta Euskal Natura elkarteak azaroaren 15ean eta 16an Iruñean. Mikel Etxeberria Okariz (Beasain, 1994) Euskal Natura elkarteko kidea eta UEUko Natura Zientziak Saileko sailburua ari da antolaketa-lanetan eta harekin izan gara topaketaz hitz egiteko. Etxeberriak Biologiako ikasketak egin zituen (EHU) eta Ekologiako Masterra (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) ere badu.

Naturazaleok zita duzue azaroan Iruñean. Zergatik da garrantzitsua bi urteroko zita hau?

Bertan natur zientziei buruz hitz egingo delako luze eta zabal. Puntako ikertzaileak egongo dira, baina baita ikasleak ere. Denek dute euren txokoa topaketetan, eta, gainera, asko ikasteaz gain, elkarrizketarako eta hartu-emanerako espazioak sortzen dira beti. Parte-hartzaile bakoitzak, nork beretik, eman eta hartu egiten du. Euskara ardatz hartuta, noski. Azken hamarkadako bilakaera ikusita esan daiteke naturazaleentzako erreferentziazko ekitaldia bihurtu dela Natur Zientzien Topaketa.

Zeintzuk dira topaketaren helburuak?

Helburu akademikoak eta sozialak ditu topaketak. Sozialei buruz aurretik aipatu bezala elkargune eta eztabaidagune izatea da nagusia, eta baita badabilen komunitate euskaldun baten jabetze-ariketa ere. Akademikoei lotuta, ikasleentzat aukera bikaina izan ohi da, baina baita ikertzaileentzat ere. Harreman berriak eta ikerketa-lerro diziplinartekoak sortzeko aukera sortzen baita. Guk, antolakuntzatik, aukera horiek denak sortzeko baldintzak sortu nahi ditugu, eta bertan gerta dadila magia.

Adimen artifiziala, hiriak, trantsizio energetikoa.... Zeintzuk dira mahai gainean jarriko dituzuen gaiak?

Herri honek, gainerakoek bezalaxe, erronka berri eta zaharrei erantzun beharko die. Teknologia berrien azken urteetan eman du zer esan, eta jakin nahi dugu euskal ikertzaileek zer harreman duten teknologia hauekin. Era berean, hain ezagunak ez diren puntako teknologiak ere badaude, sistema konplexuak ezagutzeko aukera ematen dutenak. Dena den, berritasun eta distira horien alboan badira hamaika erronka zahar, beti-betikoak, dela energia, hirigintza edo hezkuntza bera. Oreka aurkitzen saiatu gara bi ardatz horien baitan. Hitzaldi eta eztabaida-saioek hausnartzeko balioko dute, zer dagoen eginda eta zer egiteko. Bidea bera delako etorkizuna, eta ari garen honetan etorkizuna bera sortzen ari garelako.

Topaketan posterra aurkezteko aukera eman duzue. Zein da helburua?

Bi eguneko topaketa batek hitzaldi asko eta gai gehiago lantzeko aukera ematen du, baina saiakerak saiakera ezin dira natur zientziekin lotutako gai guztiak sartu. Horregatik, aukera eman nahi diegu ikasle eta ikertzaile euskaldunei euren lanak aurkezteko. Gainera, posterrak patxadaz ikusi eta ikertzaileekin aurrez aurreko solasaldiak izateko aukera egongo da. Horrek topaketari beste dimentsio bat eman izan dio, gaien aniztasun aldetik.

Nori dago topaketa zuzenduta?

Naturazale orori, nola ez. Natura gustatzen zaion edonor gustura egongo da eta asko ikasiko du, ziur. Ikertzaile euskaldunak zertan dabiltzan jakiteko plaza bikaina da, bereziki interesgarria ikerketa-lerroren batean hasi nahi duen horrentzat, unibertsitateko ikasleentzat bereziki.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Garai hauetan sare sendoak eraikitzeak garrantzi berezia duela iruditzen zaigu, etorkizuna sortzeko oinarri sendoak behar direlako. Topaketek horretarako plaza izan nahi dute, eta parte-hartzaileei gogotsu etortzeko eskatu nahi diegu, jaso bezainbeste emateko, ikasteko eta irakasteko. Bidea dugulako etorkizun.

Jakintza-arloak