Nor gara
Historia
Lantaldea
Kontaktua
UEUren Natur Zientzien sailak eta Euskal Natura elkarteak antolatuta, Natur Zientzien VI. Topaketa izango da 2025eko azaroaren 15ean eta 16an. Topaketa hauek Euskal Herrian natur zientzietan adituen eta naturzaleen elkargune izateko borondatea dute. Bere aurreko edizioek (2013 NZTOPA!, 2015 NZ2TOPA!, 2018 NZ3T, 2021 NZ4T eta NZ5T) alorreko kide asko erakarri eta eztabaidarako gune interesgarriak sortu dituzte.
.Gizartea etengabe ari da garatzen, eta ingurumen zientzietan ere nabaritzen da hori. Eragina onuragarria ala kaltegarria izango al da? Natur zientziak teknologia berrietara ongi egokitzen ari dira? Teknologia berrien aplikazioak, ikerketak, oztopoak, erronkak… ezagutu ahal izango ditugu Natur Zientzien VI. Topaketan.
Ikusi topaketaren web gunea: www.nztopaketa.eus
>>> POSTER DEIALDIA <<<<<<
Natur Zientzien VI. Topaketan aurkeztu nahi diren posterrak bidaltzeko epea irailaren 15ean zabalduko da. Bidalketetan posterra bera bidaltzeaz gain, txantiloi bat bete beharko da.
Txantiloi horretan posterraren inguruko zenbait datu orokor bete beharko dira alde batetik, eta gehienez 2000 karaktere dituen laburpena idatzi beharko da bestetik. Posterrak bidaltzeko epea azaroaren 10ean itxiko da.
Behin bidalketak eginda, posterrak gaiaren arabera sailkatuko dira eta ondorengo irizpideen arabera baloratuko dira:
1. Helburua. Proiektuaren helburua zein den argi azaldu behar da: lanaren testuingurua azaldu, bertan hipotesia ondo kokatu eta ikerketarekin lortu nahi dena adierazi.
2. Helburua lortzeko eman den garapena. Proiektuaren helburua betetzeko egindako bidearen azalpena: formulak, grafikak, taulak eta testua.
3. Azken emaitzak. Emaitzen berri emateko adierazpena: datuak eta arrazoiketak.
4. Baliabide bisualak. Posterraren diseinua erakargarria izatea eta eman nahi den informazioa ulergarriago egiteko erabilitako baliabideak egokiak izatea. Posterraren formatua eta antolaketa zuzenak izatea, logika bat jarraitu duela antzematea.
5. Izenburua. Izenburuak zehatza izateaz gain erakargarria eta argia izan behar du.
6. Originaltasuna. Ikerketaren zein posterraren originaltasuna.
7. Hizkuntzaren erabilera. Euskararen erabilera egokia izatea.
• Ingurumenari eragile mota bakoitzak egindako ekarpenak partekatzea.
• Ingurumenaren inguruko eragileen arteko elkarlana sustatzea.
• Zientziaren alorreko ondorioak gizarteratzea.
• Euskal naturzaleen arteko saretzea bultzatzea.
• Ingurumen gaiak euskaraz jorratzea.
• Aukera eta erronka teknologikoei buruzko gogoeta bideratzea.
• Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako ikasleei lan irteeren aniztasuna erakustea.
Aurtengo lau moduluen gaiak adimen artifiziala, omikak, trantsizio energetikoa eta hiriak zein naturguneak izango dira. Mahai inguruan ingurumen hezkuntza landuko da. Poster saioan natur zientziei lotutako edozein gairi buruzko posterrak aurkeztuko dira.