Manex Agirre Arriolabengoa: «Formazioan eta jakintzan laguntzeaz gain, "eragiten laguntzeko" helburua ere izan behar du jabetze-eskola batek»

2026ko urriaren 2a

Manex Agirre Arriolabengoaren argazkia

Euskaldunentzako Jabetze Eskola ikastaro-sortaren 3. edizioa egingo da urrian hasita Izaskun Arrue Kulturguneko (IAK) programazioaren barruan, Gasteizen, UEUren laguntzarekin. Gasteizen euskarak bizi duen egoerarekiko kezka, interesa edo jakin-mina duen edonori zuzendutako eskola da eta haren inguruan hitz egiteko izan gara Manex Agirre Arriolabengoarekin (Aramaio, 1982), eskolaren dinamizatzailearekin.

Euskaldunentzako Jabetze Eskolaren edizio berria abiatuko da aurki. Zein izan da eskolaren bilakaera ?

Hirugarrenez egingo dugu aurten Jabetze Eskola, eta esango nuke egonkortze-bidean doala: bere lekua hartu du, gero eta jende gehiagok ezagutzen du, eta pozik gaude horrekin. Gasteizen ditugun menderakuntza linguistikorako estrategiak identifikatzen eta iraultzen laguntzeko tresna izateko bokazioarekin jaio zen Euskaldunentzako Jabetze Eskola, eta bide horretan ekarpena egin duelakoan gaude.

Hirugarren edizioari urrian emango zaio hasiera. Zein helbururekin?

Gasteizko euskaltzale «antolatuak» jarri ditugu begi-puntuan, edizio honetan. Nolabait, norbanakoaren mailatik maila kolektibora egin nahi izan dugu jauzi: Gasteizko euskalgintzan lanean ari direnengana, edo elkarte, mugimendu edo talderen batean parte hartzen dutenengana iritsi nahi dugu edizio honetan. Gasteizen euskarak bizi duen errealitateari modu konplexu batean begiratzeko tresnak eskaini nahi dizkiegu, eta nahi genuke tresna horiek ondoren baliagarri izatea, bakoitzak bere esparruan eta ingurunean egiten duen eguneroko lanerako. Uste dugu, formazioan eta jakintzan laguntzeaz gain, «eragiten laguntzeko» helburua ere izan behar duela jabetze-eskola batek.

Lau saio antolatu dituzue. Zer dakar aurtengo edizioak?

Bi mahai-inguruz eta bi hitzaldiz dago osatuta egitaraua. Lehenengo saioan, urriaren 13an, Iñigo Retolaza eta Beñat Irasuegi izango ditugu, euskalgintzari eraldaketa sozialaren ikuspegitik begiratzeko. Bigarrenera, urriaren 27an, Eneko Gorri eta Pedro Zuberogoitia etorriko dira, euskalgintza urbanoak izan ditzakeen bereizgarriak aletzera. Hirugarrenean, azaroaren 10ean, Manex Mantxola izango dugu, eta justizia sozialaren ikuspegitik begiratuko dio euskararen egoerari. Eta, bukatzeko, Rosa Ramosek, azaroaren 24an, azkenaldian hainbeste aditu dugun euskararen gaitasunaren auziari helduko dio.

Nola nola har daiteke parte??

UEUren webgunean dago informazio guztia: Euskaldunentzako Jabetze Eskola (III). Saioek bi atal izango dituzte: lehenengo ordubetean, hizlariek azalduko dituzte proposatutako gaiaren gainekoak, eta, bigarren ordubetean, parte-hartzaileei eskatuko diegu hizlariek esandakoa gertuko errealitatean kokatu eta feedback-a emateko.

Nori dago zuzenduta?

Goian esan bezala, Gasteizko euskalgintzan jarri dugu arreta. Baina, noski, saioak irekiak dira: Gasteizen euskarak bizi duen egoerarekiko kezka, interesa edo jakin-mina duen edonork har dezake parte.

Jakintza-arloak