Jon Mentxakatorre Odriozola: "Gure herriaren zapalketaren ondorioz, filosofia euskaraz egin dadin dugun jardun-multzoa bada lorpena. Baina are lorpen handiagoa, eta garrantzitsuagoa, zaigu euskal filosofia egitea"
2025eko ekainaren 26a

Euskal Filosofoek hitzordua dute datorren ekainaren 26 eta 27an Iruñean, Katakraken. "Filosofo Euskaldunen II. Bilkura: filosofia hormarik gabe" lelopean filosofiaren eremuan egin denaz eta egin daitekeenaz hitz egitea du helburu. UEUren Udako Ikastaroen barruan antolatu du bilkura UEUko Filosofia Sailak. Koordinazio-lanetan aritu da Jon Mentxakatorre Odriozola (Galdakao, 1992) filosofoa. Giza Zientzietan graduatua da, eta Filosofian eta Euskal Filologian doktorea da. Mondragon Unibertsitateko irakaslea da. UEUko Filosofiako sailburua da 2021etik, eta Talde Eragileko kide 2025etik. Harekin izan gara bilkuraz hitz egiteko.
Filosofo euskaldunek hitzordua duzue Iruñean. Bilgunea antolatzen duzuen bigarren aldia da. Nolakoa izan zen aurreko esperientzia?
2023an izan zen lehen bilkura, Eibarren, eta balorazio oso ona egin genuen. Unibertsitate eta Bigarren Hezkuntzako jendearen ahotsa entzun genuen batez ere, EAEkoa, oro har. Aurtengorako, hasieratik dugun asmoa da, alde batetik, hezkuntza araututik at filosofiarekin lotuta dauden ekimen, hedabide eta zaletasunei ere toki egitea, eta, bestetik, Euskal Herri luze-zabaleko jende eta erakundeak harremanetan jartzen laguntzeko beste urrats bat ematea. Horren isla da prestatu dugun egitaraua, ekainaren azken ostegun-ostiralerako.
Euskal filosofia eta filosofia euskaraz eragitea, horixe helburuetako bat. Zergatik jarri horretan azpimarra?
Horixe delako filosofo euskaldunek egin dezakegun ekarpena. Filosofia euskaraz egitea lorpena da bere horretan, filosofia euskaraz ikasi, irakurri eta eztabaidatzeko plazak eta iturriak ez baitira asko, eta maiz haien artean banatuta daude. Zenbat unibertsitatetan ikas daiteke filosofia euskaraz? Filosofiako zenbat lan argitaratzen eta irakurtzen ditugu euskaraz? Bigarren Hezkuntzako zenbat curriculum ditugu? Filosofiarako tartea haietan zenbateraino da? Klasikoak eta ekarpen berriak gurera ekartzeko zer indar daukagu? Diru publikoz plazako zenbat filosofia-ekimen sustatzen dira?
Gure herriaren zapalketaren ondorioz, filosofia euskaraz egin dadin dugun jardun-multzoa bada lorpena. Baina are lorpen handiagoa, eta garrantzitsuagoa, zaigu euskal filosofia egitea. Hau da, filosofiaren eremutik euskal pentsamenduari ekarpena egitea: gizakiaren galdera handiei erantzun sustraitua ematea, gure erreferentziekin, gure autoreen arteko elkarrizketarekin, gure ulermen partekatuaren adierazpenarekin. Horren jabe izatean azpimarra egin behar dugu, are gehiago UEUren baitan.
Gai desberdinak aurkezteko, ezagutzera emateko eta eztabaidatzeko bilgunea izango da. Zer ekarriko duzue jardunaldira?
Bost mahai-inguru osatu ditugu. Bigarren Hezkuntzaren beharrizanei begira, antolaketa modu berriei begira, gizakiaz haraindiko natura-biziari begira, filosofia hedatzeko modu berriei begira eta filosofia zabaltzeko ohiko moduei begira. Guztietan Euskal Herri osoko ahotsak jasotzen ahaleginduko gara. Horrez gain, komunikazio-deialdira erantzunez jasotako hainbat proposamenekin lau mahai eratuko ditugu, irakaskuntzako praktika egokiak eta gogoeta berritzaileak entzuteko asmoz, eta, azkenik, antzezlan bat izango dugu, filosofiaz arte horren bidez goza dezagun. Gazte eta heldu, aditu eta aritu, egile eta zale ugari izango dugu.
Gizartean edota erakundeetan eragiteko proposamenak edota ekimenak egiteko indarra batzea ere bada helburua. Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Erronka nagusia, Euskal Herria zatitzen duten askotariko banaketen gainetik, filosofiarentzat zubiak eraikitzea da. Horren baitan, itaunak asko dira: Sortzen ditugun idatzi eta ikus-entzunezkoak guztioi heltzen zaizkigu? Erabilgarriak dira? Gutxi? Bestelakoak behar ditugu? Antolatzen garenean lurralde eta eskualde guztietara heltzen gara? Zer egin genezake urrunago hel gaitezen? Pentsamendu kritikoa lantzeaz gain, bizimodu osasungarriagoak sustatzeko gai gara filosofiaren bidez? Lau horma artean egiten den filosofiaren mugak gainditzeko zer baliabide dugu? Nola aberastu? Esan bezala, galderak asko dira, eta helburu nagusia Euskal Herri osoko hausnarketa jasoz erantzunak bilatzen hastea da.
Zerbait nabarmentzeko?
Bilkura Katakrak liburu-dendan egingo dugu, haren giro atseginean, eta filosofo zein filosofiazaleok elkar ezagutu dezagun aukera aparta izango da. Filosofiaren eremuan gurean egin denaz eta egin daitekeenaz hitz egiteko bilkura izango da.