Filosofo Euskaldunen II. Bilkura: filosofia hormarik gabe.

Aurkezpena
2023ko uztailean lehena egin ondoren, Filosofo Euskaldunen II. Bilkura dugu hau, UEUko Filosofia Sailaren eta hainbat laguntzaileren ekimenez.
Bigarren jardunaldi honetan, bi egunez, Iruñean elkartuko gara gogoeta filosofikoa egin, eragin, irakatsi, zabaldu edota sustatzen dutenak elkarganatu, saretu eta batera pentsatzeko bidean jartzeko. Bi lerro nagusik gidatzen dute gure asmoa:
- Unibertsitate, hezkuntza, kultur erakunde eta herri-mailako ikasle, irakasle, profesional, zale eta eragileak elkartzea, haiek eta haien egitasmoak ezagutzera emateko eta proiektu berriak sustatzeko.
- Euskal filosofia eta filosofia euskaraz eragitea.
Jardunaldi hau UEUko Filosofia sailak antolatu du.
Laguntzaileak: HezkuntzArtea, William A. Douglass Center for Basque Studies, Maiatz, Jakin, Agora Filosofia Elkartea, Nafar Ateneoa, Azurmendi Katedra, Nafarroako Filosofia Elkartea.
Komunikazioak aurkezteko deialdia
Filosofo Euskaldunen II. Bilkurarako komunikazioak bidaltzeko epea zabalik dago, maiatzak 11 arte. Info+
Helburuak
- Gogoeta filosofikoa, haren irakaskuntza edota zabalkundea euskaraz egiten dituztenak elkartu eta saretzea.
- Gai esanguratsuak aurkeztu, ezagutzera eman eta eztabaidatzea.
- Lagun, erakunde eta ekoizpenen bilduma egitea.
- Gizartean edota erakundeetan eragiteko proposamenak edota ekimenak egiteko indarra batzea.
Nori zuzenduta
Filosofiaren arloan lanean, ikertzen, irakasten, ikasten, pentsatzen ari diren irakasle, ikasle, teknikari eta erakundeei, eta haien lan- edo jakintza-eremutik gogoeta filosofikora hurbiltzen direnei.