Joana Acha: «Hitz egin dezagun haurrekin. Hitz egin dezagun elkarrekin»

2026ko urriaren 7a

Joana Acharen argazkia

Hizkuntzaren jabekuntza eta garapena liburua argitaratu berri du UEUrekin Joana Achak (Eibar, 1976). Hizkuntzaren arloan lan egiten duten profesionalentzat ez ezik, haurtzaro osoan zehar hizkuntzaren garapenean eta haren sustapenean sakondu nahi duten irakasle eta familientzat ere interesgarria izan daitekeela dio egileak. Acha Psikologian lizentziatua da eta Neurozientzia Kognitiboan doktorea. Harekin izan gara.

Hizkuntzaren jabekuntza eta garapena jarri dituzu erdigunean. Zergatik?

Hizkuntza gizakiok definitzen gaituen oinarrizko ezaugarria da, gure esperientzia eta garapena moldatzen dituena, eta hain dago hedatua gure existentzian, ezen gizaki baten hizkuntza, kognizioa eta esentzia ia ezin baitira bereizi. Gaitasun horrek izaera ontogenetikoa du, baina sozialki eta kulturalki ere aldatzen da. Gaur egungo gizarte-aldaketek, hala nola teknologien erabilerak eta gizakien interakzioak gertatzen diren moduak, iradokitzen dute gure oinarrizko izaera —gure komunikazioa eta garenaren adierazpena bermatzen duena— ere aldaketa-prozesu batean dagoela. Egoera ikusita, garrantzitsua iruditu zitzaidan hizkuntza nola garatzen den eta garapen horretan lehen esperientzien garrantzia modu sinple eta argi batean azaltzea.

Jaiotzetik nerabezarora arteko tarte horretan jarri duzu fokua. Zergatik da garrantzitsua etapa hori?

Etapa guztiak dira garrantzitsuak, helduaroko eta zahartzaroko hizkuntzak ere garapen-prozesuaren eta narriadura kognitiboaren berri ematen baitu. Hala ere, uste dut garapen-prozesuan arreta jartzeak aukera ematen digula gure hizkuntza eta gure pentsamendua nola kristalizatzen diren ulertzeko, hizkuntzaren eta esperientziaren arteko elkarreraginaren bidez. Kontutan hartu behar da haurtzaroa dela plastikotasunik handieneko aldia ikaskuntzarako, eta nerabezaroan gaitasunak eta ezagutzak finkatzen direla. Haurtzaroa hain garrantzitsua izateagatik, ahulena ere bada, eta beharrezkoa da haurraren hizkuntzaren eta esperientziaren zainketa aldarrikatzea lehen urteetan. Bestalde, haurtzaroa da Logopediako Graduan irakasten dudan irakasgaiari dagokion aldia, beraz liburuak eskuliburu gisa balio du ikasleentzat. Hala ere, haurtzaroan hizkuntzaren garapena eta sustapena interesatzen zaizkien familia eta irakasleentzat ere oso baliagarria izan daiteke.

Haur bakoitzaren garapena, testuingurua... Zer faktorek eragiten dute hizkuntzaren jabekuntza eta garapenean?

Uste dut biak banaezinak direla. Badago faktore genetiko eta biologiko bat hizkuntzarako joera ematen diguna, eta zenbait gaitasun hedatzeko aukera ematen duena. Hortik aurrera, haurrak, bere esperientzien bidez (adibidez, jolasaren bidez eskuratzen dituen gako kognitiboak, edo bere ekintzak inguratzen dituzten hitzen bidez ikasten dituen kontzeptuak), eraikitzen du bere burua, bere kognizioa eta bere hizkuntza. Eta hizkuntza hori izango da etorkizunean barne-antolamendurako eta gizarte-elkarrekintzarako tresna.

Testuinguru eleaniztunek ere eragiten dute. Nola?

Ingurune elebidunek mundua eta kontzeptuak ikuspuntu ezberdinetatik behatzeko aberastasuna dute, hitzak esperientzian finkatzen direnean ñabardura bat ematen baitiote. Hitz horiek ezberdinak badira, eta esperientziak transmititzeko modua ezberdina bada, esperientzia bera ere ezberdina da. Hainbat hizkuntzatan murgildutako haur batek baliteke denbora gehiago behar izatea hiztegi- eta gramatika-maila jakin bat eskuratzeko, baina bere esperientzia linguistikoak, kognitiboak eta bitalak ñabardura gehiago ditu, beraz, aberatsagoa da.

Nola identifikatu hizkuntzaren eta irakurketaren garapenean egon daitezkeen arrisku-faktoreak eta nahasteak?

Garapena nola gertatzen den eta zeintzuk diren sortzen diren trebetasunak ulertzeak garapen-atzerapenak detektatzea ahalbidetzen du. Badakigu trebetasunen sekuentzia bat dagoela; oso zaila da hitz bat sortzea soinuak behar bezala detektatzen ez badira, eta oso zaila da esaldi esanguratsuak sortzea hitzen esanahia ezezaguna bada. Garapen-sekuentzia ezagutzea da atzerapen edo desbideratze bat detektatzeko lehen urratsa. Luzetarako ikerketek sekuentzia horretan zailtasunak detektatzeko aukera ematen duten seinale goiztiar batzuk identifikatu dituzte berandu izan baino lehen.

Detekzio goiztiarra funtsezkoa da...

Noski, profesionalen arreta diagnostikotik prebentziora aldatzen ari da, non hasierako zeinuak detektatzeak garapenean aldea eragin dezakeen. Haurrak hiru urterekin dakien hitz kopurua da bere garapenaren adierazle garrantzitsuenetako bat, eta lau urterekin goiz detektatzea funtsezkoa da haurraren hizkuntza aurrera doan heinean hainbat trebetasun lantzeko.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erronka nagusia gizakien arteko benetako elkarrekintza linguistikoaren garrantziaz kontzientziatzea da. Hizkuntza eta esperientzia batera garapena ahalbidetzen duten elementuak dira, eta egungo zenbait baldintza oinarrizko premisa horren aurka doaz. Gurasoek eta profesionalek garapena nola gertatzen den ulertzen badute, elkarreragin mota batzuen garrantziaz jabetzen badira eta horiek oztopatzen dituzten faktoreak identifikatzen badituzte, aldea nabarmena izan daiteke haien seme-alaben garapenean.

Nori dago zuzenduta?

Liburuak izaera didaktikoa du eta osagai teoriko handi bat dauka, Psikologia edo Logopediako ikasleei zuzendua. Baina bere izaera praktikoagatik oso interesgarria izan daiteke hizkuntzaren arloan lan egiten duten profesionalentzat, eta haurtzaro osoan zehar garapena eta haren sustapena sakondu nahi duten irakasle eta familientzat ere bai.

Nabarmentzeko zerbait?

Hitz egin dezagun haurrekin. Hitz egin dezagun elkarrekin.

Jakintza-arloak