Javier Monzon Gonzalez: «Irakasleak, laguntza-irakasleak barne, ereduak dira, inklusioa eraikitzen ari garela erakutsi behar diote komunitateari»

2026ko apirilaren 13a

Javier Monzon Gonzalez: «Irakasleak, laguntza-irakasleak barne, ereduak dira, inklusioa eraikitzen ari garela erakutsi behar diote komunitateari»

«Tutore eta laguntza-irakasleen arteko elkarlana erdigunean» ikastaroa emango du UEUrekin Javier Monzon Gonzalezek (Basaurin, 1968). Ikasleekin lan egiten duten irakasle eta profesional guztiek lan- eta harreman-sistema solidarioa adostu eta garatu beharko luketela uste du eta horren inguruan hausnartzea da ikastaroaren helburuetako bat. Monzonek Pedagogiako ikasketak ditu (EHU) eta aholkularitzan eta prestakuntzan egin du lan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, bai eta laguntza-zerbitzuetako aholkulari- eta orientatzaile-taldeekin ere. Egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan da irakaslea. Ikastaroa online emango da apirilaren 21ean hasita. Izen-ematea irekita dago. Harekin izan gara.

Nolakoa izan beharko luke tutoreen eta irakasle-laguntzaileen arteko harremanak?

Harreman ona izan behako lukeela esango nuke, egokia eta heldua zentzu guztietan, baina kontuan hartu beharko genuke abiapuntua ikaslea dela, ikaslearen premiak eta haren ongizatea. Horregatik ikasle horrekin edo horiekin lan egiten duten irakasle eta profesional guztiek lan- eta harreman-sistema solidarioa adostu eta garatu beharko lukete. Hau da, elkarrekin kudeatu beharko lituzkete ikaslearen banakako prozesuak talde osoan. Hau da, nire ustez, inklusio-prozesuetan gaur egungo korapilo nagusia.

Harreman horretan irakasle bakoitzak bere prozesu pertsonala zaindu behar du eta, batera, beste profesionalak ere zaindu behar ditu.

Zergatik da garrantzitsua?

Kontuan hartu behar dugu inklusioa ikastetxeko proiektua dela, bizirik dagoen eta eraiki behar den proiektua hain zuzen. Eskolako agente eta interes ezberdinen artean dauden gatazkak kudeatu behar dira eta irakasleak, laguntza-irakasleak barne, ereduak dira, inklusioa eraikitzen ari garela erakutsi behar diote komunitateari. Eredu horrek ikasleen premietan eta elkarrekiko zainketan oinarrituta egon behar du eta, horregatik, zintzotasunean eta elkarlanean oinarrituta egon behar du.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Nire ustez erronka nagusiak bi ardatzetan oinarritzen dira. Esan bezala, alde batetik harreman-sistema egoki bat sortu behar da, non bakoitzak norberaren «ego-a» alde batera utziz, ekarpenak egiteko eta ikasteko prest egon behar duen. Hemen irakasle-taldean profesionalen artean sortzen diren gatazkak mahai gainean jarri behar dira eta heldutasunetik kudeatu. Batzuetan gatazka horiek pertsonalak dira, beste batzuetan ideologiakoak dira, non desadostasunak adierazten diren: bakoitzaren lanaren inguruan, ikaslearen arduraduna nor den, inklusioaren inguruan orokorrean….

Bestetik, bigarren ardatza inklusioaren inguruan oinarritzen da. Ikaslearen garapen egokia non kokatzen den, zeintzuk diren lehentasunak, ikasketa funtzionalak zeintzuk diren, nolakoa den ikaslearen parte-hartzea taldean, klaseetan, patio-orduan… erabaki behar da.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Nire ustez ekarpen handiena norbere praktikaren inguruan gogoeta egiteko aitzakia ematea izan daiteke. Partaideak, nahi izanez gero, bere egunerokotasunean oinarrituta irakasleen arteko harremanak inklusioaren ikuspuntutik aztertzeko

Nori dago zuzenduta?

Irakaskuntzan ari diren profesional guztiei zuzenduta dago: laguntza-irakasleak (EH eta PT irakasleak), orientatzaileak, aholkulariak, tutoreak, zuzendaritza-taldeetan dauden irakasleak….

Nabarmentzeko zerbait?

Ikastaroan zehar goian aipatutako erronkak mahai gainean jarriko dira eta egia borobiletik urrun egongo gara, hau da, ikastaroan norbere praktikaren gogoeta izango da ardatza. Horrek eskatuko dio bakoitzari parte-hartze aktiboa eta konpromisoa. Izan ere, bilerak edota eskoletan gertatzen diren egoerak erabiliko dira norbere ikasketak egin ahal izateko.

Jakintza-arloak