«Jardunaldiak ahalegina egiten du ikuspegi juridikoa agroekologiarekin eta elikadura-burujabetzarekin lotzeko, eta hori ez da hain ohikoa»

2026ko ekainaren 19a

«Jardunaldiak ahalegina egiten du ikuspegi juridikoa agroekologiarekin eta elikadura-burujabetzarekin lotzeko, eta hori ez da hain ohikoa»

"Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan" jardunaldi aegingo da gaur Azpeitian UEUren Udako Ikastaroen barruan. Jardunaldiak ikuspegi juridikoa agroekologiarekin eta elikadura-burujabetzarekin lotzeko ahalegina egin nahi du eta horretaz guztiaz hitz egiteko egon gara antolaketa-taldeko kideekin: Miren Prieto Lopez (Zarautz, 1984) Ekintzakoop-eko kidearekin, Maider Zubikarai Beristain (Deba, 1978) eta Nagore Uriarte Urrutia (Aretxabaleta, 1972) Biolur-Amilubiko kideekin, Garikoitz Aiesta Etxaniz (Ezkio-Itsaso, 1979) Debagoiena LGEko kidearekineta Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain, 1972) EHU-Gezkiko kidearekin.

Zer pisu dauka arlo juridikoak nekazaritzan eta elikadura-sistemetan?

Arlo juridikoak erabateko eragina dauka nekazaritzan eta elikadura-sistemetan, bai politika publikoen diseinuan, bai egunerokoan elikagaiak ekoizteko praktikan. Legeek baldintzatzen dute nork duen lurra eskuratzeko aukera, zer baldintzatan ekoitz daitezkeen elikagaiak, nola banatzen diren, jarraitu beharreko baldintza burokratikoak edota administrazioek zer eredu sustatzen duten. Jardunaldiaren abiapuntuetako bat da ulertzea marko juridikoa ez dela soilik arau teknikoen multzo bat, baizik eta elikadura-sistemaren norabidea definitzen duen tresna publikoa eta politikoa ere badela. Azken urteotan, gainera, elikadura-politika publikoek gero eta presentzia handiagoa dute erakundeetan eta lege berrietan.

Marko juridiko horren ezagutza kolektibizatzeari garrantzia emango diozue. Zergatik?

Askotan, ezagutza juridikoa esparru tekniko edo adituetara mugatzen da, eta horrek dependentzia eta ziurgabetasuna sortzen ditu proiektu txikietan edo komunitarioetan. Jardunaldiaren helburuetako bat da ezagutza hori partekatu eta kolektibizatzea, agroekologiaren eta elikadura-burujabetzaren alde lan egiten duten eragileek tresna juridikoak beren kabuz ulertu eta erabiltzeko gaitasun handiagoa izan dezaten. Horrek autonomia ematen du, baina baita sareak sendotzeko aukera ere; izan ere, jakintzaren ekosistemak sortzea behar-beharrezkoa dugu, eta esperientziak partekatuz erronka komunak identifikatzen dira eta irtenbide kolektiboak eraiki daitezke.

Zeintzuk dira proiektu agroekologiko eta komunitarioek arlo juridikoan dituzten erronka nagusiak?

Erronka nagusietako bat da gaur egungo araudi asko industria handien logikara egokituta daudela, eta ez dutela beti kontuan hartzen eskala txikiko edo komunitatean oinarritutako proiektuen errealitatea. Horrekosozailtasun oso konkretuak sortzen ditu, adibidez, elikagaien eraldaketan, banaketan, higiene-araudietan edo administrazio-tramiteetan. Baina horrez gain, lurra eskuratzeko arazoak, belaunaldi-erreleboa eta burokratizazio gero eta handiagoa ere oztopo handiak dira sektorearentzat. Erakundeek berek ere azkenaldian erronka horiek aitortu dituzte politika eta lege berrien inguruko eztabaidetan. Beraz, erronka asko eta handiak dira, eta horregatik, oraingo honetan,lurra eta elikagaiak ekoiztekolan-baldintzenanalisian kokatu gara.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Jardunaldiaren bidez, nekazaritza eta elikadura-sistemak ikuspegi juridikotik aztertzeko espazio partekatua sortu nahi dugu batetik; eta bestetik, politika publikoetatik, eta tokiko erakundeetatik, ibilbide-aukera batzuk lantzen hastea proposatu nahi dugu. Ez dugu soilik informazioa transmititu nahi; hausnarketa kolektiboa eta esperientzien trukea sustatu nahi ditugu, agroekologiaren eta elikadura-burujabetzaren aldeko proiektuak indartzeko eta juridikoki posible egiteko aukerak argitu. Zentzu horretan, jardunaldiko arratsaldeko partean udal-mailanedo eskualde-mailan elikadura-proiektuak lantzeko aukerak zehazteko lantegi bat egingo dugu. Aldi berean, politika publikoen eta marko juridikoaren inguruko eztabaida soziala zabaltzea ere bada helburuetako bat.

Nori dago zuzenduta?

Agroekologiarekin, elikadura-sistemekin eta ekonomia komunitarioekin lotura duen edonori dago zuzenduta: baserritarrei, kontsumo-taldeei, kooperatibei, ikertzaileei, teknikariei, ikasleei, administrazioko langileei eta gai hauetan interesa duen herritar orori. Bereziki interesgarria izan daiteke eguneroko jardunean araudi juridikoarekin topo egiten duten proiektuentzat, baina ez da beharrezkoa aurretiazko ezagutza juridikorik izatea.

Zerbait nabarmentzeko?

Nabarmenduko genuke jardunaldiak ahalegina egiten duela ikuspegi juridikoa agroekologiarekin eta elikadura-burujabetzarekin lotzeko, eta hori ez dela hain ohikoa. Askotan eztabaida tekniko edo produktiboetara mugatzen gara, baina legeek eta politika publikoek baldintzatzen dute zer elikadura-eredu den posible eta zein ez. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu eztabaida hori eragile sozialen, komunitarioen eta akademikoen artean modu ireki eta kolektiboan lantzea, arlo juridikoak inplikazio sozial garrantzitsuak dituelako.

Jakintza-arloak