Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan

Aurkezpena
Jardunaldi honen abiapuntua nekazaritza- eta elikadura-sistemek gaur egun bizi duten krisi anizkoitza da (ekologikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala), eta horren baitan arlo juridikoak duen pisu erabakigarria. Zenbait gaik, hala nola lurraren jabetzak, ekoizpen-baldintzek, merkaturatzeak, lan-harremanek, araudi sanitarioek edo politika publikoek zuzen-zuzenean baldintzatzen dituzte elikadura-sistemak eta bertan eragiten duten proiektu eraldatzaileak. Askotan, lege-esparrua oztopo gisa bizi da agroekologiarentzat, elikadura-burujabetzarentzat edo tokiko proiektu txikientzat; beste batzuetan, ordea, aukera eta tresna ere izan daiteke eraldaketa sozialerako.
Antolatzaileak: UEU, EHU-Gezki, Biolur, Landaola eta Ekintzakoop.
Laguntzaileak: Elikagunea eta Azpeitiko Udala.
Helburuak
Jardunaldi honen helburua da arlo juridikoa erdigunean jartzea, esperientzia praktikoetatik abiatuta, eta Euskal Herriko testuinguruan dituen erronkak eta aukerak kolektiboki eta politika publikoetatik aztertzea.
Helburu nagusia: Nekazaritza eta elikadura sistemetako marko juridikoa aztertu eta ulertzea, ikuspegi kritiko eta eraldatzailetik, eta horrek elikadura burujabetzaren, agroekologiaren eta tokiko proiektuen garapenean duen eragina, aukerak eta errokak identifikatu eta aztertzea, bereziki politika publikoen esparruan.
Helburu zehatzak
• Ezagutza juridikoa kolektibizatzeko eta tresna gisa erabiltzeko aukerak aztertzea politika publikoetatik, saretzetik eta elkarlanetik.
• Proiektu agroekologiko eta komunitarioek arlo juridikoan dituzten erronka nagusiak eta estrategiak identifikatzea.
• Pentsamendu kritikoa eta sormena sustatzea, aukera juridikoak eta etorkizuneko proposamenak irudikatzeko.
Nori zuzenduta
• Nekazaritza, agroekologia eta elikadura-burujabetzaren arloan lanean ari diren pertsonei.
• Proiektu komunitario, kooperatibo edo eraldatzaileetako kideei.
• Zuzenbidearekin, politika publikoekin edo lurralde-antolaketarekin lotutako ikasle eta profesionalei.
• Mugimendu sozialetako eta eragile sozioekonomikoetako kideei.
• Oro har, nekazaritza eta elikadura-sistemak ikuspegi kritikotik ulertu eta eraldatu nahi dituzten pertsonei.
Ez da beharrezkoa aurretiazko prestakuntza juridikorik.