Itsaso Diego Jauregi-Arraburu: «Proposamen didaktikoak ikasleekin identitateaz, normaz, desiraz eta askatasunaz hausnartzeko aukera ematen du»
2026ko irailaren 30a

«Bertsotik komikira: kultur sorkuntza identitatearen eraikuntzarako akuilu» proposamen didaktikoa landu du Itsaso Diego Jauregi-Arraburuk (Arrasate, 1993) Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratza graduondokoan. Material horrek ikuspegi eta balio feministak lantzeko aukera eman diola esan digu Diegok. Bigarren Hezkuntzan irakaslea da eta UEUren GOI ikastegiak ematen duen graduondokoan aurkeztutako azterlanaz hitz egiteko izan gara harekin.
Pedagogia Feministak oinarri dituen proposamen didaktikoa aurkeztu duzu, bertsoa eta komikia erdigunean jarrita. Nola sortu da aukera?
Graduondoaren amaierako lana egiteko genituen aukeren artetik nik proposamen didaktiko bat egitea aukeratu nuen. Ikasturte-hasieran UEUko «Ikasgelak kulturaz blaitu» ikastaroa egin nuen, eta ikastaro horretan aurkeztutako azken lantxoari forma ematea aukera aproposa iruditu zitzaidan. Azken lan hartan gero graduondoaren amaieran aurkeztu dudan honen hezurdura antzeko bat aurkeztu nuen. Tutorearekin (Iratxe Retolaza Gutierrez) hitz egin eta gero hezurdura hori garatzea erabaki genuen.
Zehazki Maialen Lujanbioren bertsoaldi bat eta bertsoaldi horrekin zerikusia duen album ilustratu bat hautatu dituzu. Zergatik horiek?
Material horrek aukera eman dit, batetik, ikuspegi eta balio feministak lantzeko. Hau da, ikasleekin identitateaz, normaz, desiraz eta askatasunaz hausnartzea helburu duen proposamen bat osatzeko. Eta bestetik, euskal sortzaile erreferenteak ezagutarazteko eta kultur sorkuntzaren bidez ikasleek ere haien ekarpena egin ahal izateko.
Pausoz pauso deskribatu duzu zure proposamen didaktikoa. Zeintzuk dira faseak?
Hasierako fasean aurrezagutzak aktibatzea da helburua, eta horretarako antzezlantxo bat egiteko proposatuko zaie ikasleei. Bigarren fasean Lujanbioren bertsoak banan-banan entzun eta zenbait galdera erantzunez bakoitzak hausnarketa propioa egingo du. Ondoren, album ilustratuarekin solasaldi dialogikoa edo tertulia egitea proposatzen da, eta horrela, aurretiaz egindako hausnarketari modu kolektiboan emango zaio jarraipena, Eta azkenik, ikasleek bertsoaldi bat birsortuko dute.
Zer aukera eskaintzen ditu?
Aurrez esan bezala, uste dut proposamenak balio eta oinarri feministak lantzeko aukera ematen duela, bereziki identitateaz, normaz, desiraz eta askatasunaz hausnartzekoa. 14-16 urte bitarteko gazteekin jarduteko pentsatuta dago, eta identitatea gure bizi-ziklo osoan zehar garatzen eta moldatzen badugu ere, bereziki konplexua eta bizia da nerabezaroan, beraz proposatzen den lanketa guztiz aproposa da adin horretako ikasleekin egiteko.
Eta zer erronka?
Horrelako gaiekin solasaldi dialogiko bat aurrera eramatea konplexua izan daiteke. Solasaldiak parte-hartzaile guztientzat espazio seguru egiten saiatzeko zaintza-ariketa kolektiboa behar da, eta hori egin eta bermatzea ez da beti erraza izaten. Ikasleen artean dauden botere-harremanak eta rolak identifikatzea eta horiek dakartzaten ondorioei erantzun egokiena ematea izango da erronka.
UEUren GOI institutuan egin duzu graduondokoa. Zer-nolakoa izan da esperientzia?
Esperientzia aberasgarria izan da. Egia da zati handiena ia online formatuan egin dugula eta horrek, nolabait, ikaskideekiko distantziara jardun beharra eragiten duela. Hala ere, izan ditugu iritzi-trukaketarako espazioak eta aurrez aurreko saioak ere aberasgarriak izan dira. Irakasleen prestutasuna eta gertutasuna ere aipatu nahiko nituzke, graduondokoak erritmo nahiko bizia eskatzen du eta behar izan dudan guztietan izan dut haien laguntza.