Itsaso Aldai Landa: «Gero eta gehiago dira hezkuntza arautuan lagunarteko hizkeraren beharra ikusten dutenak»
2026ko urriaren 6a

«Hika ikastetxeetan: LMHko eta DBHko irakasleentzat prestakuntza-saioak» antolatu ditu Zirhikak UEUrekin elkarlanean. Bi saioko ikastaroa da proposatu dutena eta hitanoa jakin edo ez, euskara bizia maite duten irakasle guztiak animatu nahi dituzte bertara. Itsaso Aldai Landa (Oiartzun, 1996) izango da irakasleetako bat eta harekin izan gara ikastaroaren inguruan hitz egiteko. Aldai Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kidea da eta Oiartzungo ikastetxeetan hitanoa erakusten ari da 2022tik, LH5etik DBH4ra bitarteko ikasleekin.
Zergatik ez da hitanoa hezkuntza arautuan irakasten?
Hezkuntza arautuan euskara formala irakasten delako eta ez informala. Hitanoa lagunarteko hizkera da, egoera informaletan erabiltzen dena; baina gure ustez euskara bere osotasunean ezagutzea komeni da, euskara bizia eta egoera guzietarako baliagarria izan dadin. Horren kontzientzia handitzen ari da; izan ere, gero eta gehiago dira hezkuntza arautuan lagunarteko hizkeraren beharra ikusten dutenak.
Zer abantaila eskain ditzake hitanoak?
Eskolatik kanpo erdarara jotzen dute gazte askok, hizkera informalaren bila, hain zuzen. Euskarak badu bere gazte-hizkera: hitanoa, eta horrek freskotasuna ematen dio euskarari. Hizkera aberasgarria da, hizkuntzarekin jolasteko aukera ematen duena eta hiztunen arteko konplizitatea indartzen duena.
Nola irakatsi hitanoa ikastetxeetan?
Hitanoa ume-umetatik irakastea eta erabiltzea da hoberena, modu naturalean barneratzeko. Ahozko jardunean oinarritu ohi da hitanoaren irakaspena, beraz, ipuinak, abestiak, jolasak… Irakasle bakoitzak bere modua bila dezake. Ikasketa-prozesuan aurrera egin ahala, ikasleen eguneroko egoerak hartzen ditugu kontuan eta horien araberako jolasak eta ariketak egiten ditugu; helburua ez baita ikasleek aditz-taulak ikastea, ahozkotasunean eta lagunarteko hizkeraren praktikan trebatzea baizik.
Zeintzuk dira ikastaroaren erronka nagusiak?
Erronka nagusia hitanozaleak diren irakasleei tresna batzuk ematea da, ez dezaten beldurrik izan hitanoa bultzatzeko; adibideak eta aholkuak ematea, azken batean. Lau herritako esperientziak ezagutzeko aukera izango da (Markina-Xemein, Oñati, Azkoitia eta Oiartzun) eta hainbat ariketa egingo dira ikastaroko ikasleekin. Praktikoa izango da neurri handi batean.
Nori dago zuzenduta?
LHko eta DBHko irakasleei dago zuzenduta, baina beste irakasle batzuentzat ere baliagarria eta interesgarria izan daiteke: HH, Batxilergoa, euskaltegietako irakasleak...
Nabarmentzeko zerbait?
Uste dugu horrelako ikastaro bat eskaintzen den lehenbiziko aldia dela. Hitanoa jakin edo ez, euskara bizia maite duten irakasle guziak animatu nahi ditugu, aukera polita izango da eta.