Hika ikastetxeetan: LMHko eta DBHko irakasleentzat prestakuntza-saioak

Aurkezpena
Hitanoa tresna paregabea da kalean eta lagunartean erabiltzeko, hizkuntzari freskotasuna eta adierazkortasuna ematen dion hizkera informala delako. Nahiz eta ikastetxeetan euskaraz ikasi, gazte askok kalean erdarara jotzen dute bat-batekotasun, adierazkortasun eta informaltasun bila: gazte-hizkera baten bila. Euskarak berezkoa duen hizkera informala, berriz, gainbehera joan da azken hamarkadetan. Hezkuntza arautuan ez da hitanoa irakasten, hizkera formala lehenesten baita. Oso ikastetxe gutxitan irakasten da hitanoa, baina egon badaude hikaren premia ikusten duten irakasleak LMHn eta DBHn, baina hitanoa bultzatzeko nondik nora jo ez dakitenak. Prestakuntza-saio hau irakasle horientzat da, batez ere.
1. larunbata: teoriko-praktikoa
Ritxi Lizartza. "Mintza hadi lagun" liburuaren egilea, Euskal Herrian hika-ikastaro gehien eman dituenetako bat da. Alderdi teorikoaz arduratuko da.
Garbiñe Idoeta. AEK-ko irakaslea. Ikastetxeetan Markina-Xemeingo hika irakasteko ikasmaterialaren egileetako bat. Markina-Xemeingo esperientzia azalduko du.
Nerea Zubia. Oñatiko Txantxiku ikastolako irakaslea. 2021etik hitanoa bultzatzen ari dira ikastetxean, DBH4n eta Batxi1en. Oñatiko esperientzia azalduko du.
2. larunbata: praktikoa
Xabier Eizagirre. Iraleko irakasle ohia. Euskal Herrian hika-ikastaro gehien eman dituenetako beste bat. Azkoitiko ikastetxeetan (DBHn) hitanoa irakasten 2022-23 ikasturtetik 2025-26ra.
Itsaso Aldai. Ttur-ttur euskara-elkarteko kidea. Oiartzungo ikastetxeetan hitanoa erakusten ari da 2022tik, LMH5etik DBH4ra.
Helburuak
Prestakuntza honen helburua hitanoa bultzatu nahi duten irakasleei tresna batzuk ematea da. Nola hasi hitanoa lantzen ikastetxean? Lehenengo pausoak emateko prestakuntza txiki bat izango da. Saio teoriko-praktikoak izango dira: zer-nola irakatsi eta ikasleekin nola jokatu. Zalantzak argitzeko eta beldurra kentzeko ere baliagarriak.
Ikastaroa ZirHika taldeak antolatu du: Euskal Herriko hainbat hika-eragilek osatutako taldea, hitanoa (bereziki noka) biziberritzea helburu duena.
Metodologia
Hizkera informala denez, ahozkoan eta jolasean oinarritutako metodologia. Prestakuntza honetan saio teoriko-praktikoak egongo dira: lehen zatian, oinarri teorikoa emango da eta hori ikasleei nola helarazi ere azalduko da; gainera, Markina-Xemeingo eta Oñatiko esperientziak ezagutzeko aukera egongo da. Bigarrenean, berriz, ariketa praktikoak egingo dira partaideekin, gero ikasleekin erabili daitezkeenak. Euskara batuko hitanoa erabiliko da prestakuntza-saioan, gero bakoitzak bere herriko hitanora molda dezakeena.
Nori zuzenduta
LMHko, DBHko eta Batxilergoko irakasle hika-kontzientziadunei. Egokia hika balioduntzat jotzen duten euskaltegietako irakasleentzat eta hitanoa erakutsi nahi duen edonorentzat ere bai.